kritiken hemeroteka

8.758 kritika

« | »

Suzko lilia / Hedoi Etxarte / Susa, 2008

Eguneroko gogoeten islak Patxi Sarriegi / Deia, 2008-11-25

Estreinako olerki liburua idatzi du Hedoi Etxarte iruindarrak, eta bertan idatzitako 57 olerkiotan gertuko hainbat errealitate biluztu ditu berauetan. Presentzia eta ausentzia dira olerkion bi zutabeok, liburuko olerkiok oinarritzen duten zimenduak. Bila hasi da poeta errealitatearen anabasan, bila dabil literatur munduaren zereginaz eta egitateaz. Gizarte eta politika gaiak muin duten olerkiak darabiltza horretarako, bere bidea ireki nahirik.

Filosofia aldarrikatzen du poetak, gogoeta eta hausnarketa maite ditu pentsalariak. Hutsunez betetako errealitatea du lagun zeregin horretan, ingurura begiratu besterik ez dauka errealitatearen gordinaz ohartzeko. “Estatu autoritarioa ez da deus egutegi barik” diosku halako batean, eta berandu baino lehen, etengabe sumatzen zaio olerkariari idazten duen guztian gizartearekiko duen konpromisoa, hain zuzen, errealitate pertsonaletik harantzago joateko daukan irrika eta desioa. Ezin uka, autorea saiatu egin da horretan; guk geuk, berriz, idazleak beretzat idazten zuela pentsa genezakeen hasiera batean, baina aurrera joan ahala bestela dela ohartu gara, halaxe garbi barruntatu dugu: ezinbestean inplikatua da idazlea bere inguruarekin, eta jorratzen dituen gaiak horren lekuko argienak dira.

“Esaldia arraina da, eta hitza ezkata, putzuan izerditan…” autopsia erokeria dela diosku Etxartek halako batean. “Ez dut etxerik nahi, etxeak teilatu esan nahi badu, ez dut konpromisorik nahi, konpromisoa folklorea bada, ez du oherik nahi, ohea loa bada…” gehitzen digu aurrerako. Eguneroko konpromisoetan sinesten du poetak, egunero eraiki beharreko errealitatean. Olerkiok horren emaitza dira, gure gizartean diren konpromiso eza eta faltsukeria ozenki salatzen ditu egileak.

Hizkuntza zuzena erabiltzen du horretarako egileak, bigarren zentzuak bazterrean ditu komunikazio ekintzarako Etxartek. Amurik gabeko hizkuntza atsegin du, horizontala, mina deskribatzeko egoeraren larria darabilena, ez besterik. Liburua osatzen duten 57 olerkion izenburuetan ere halaxe, misteriotik, misterio orotik aldentzen da behin eta birritan, tentaziorik txikiena ere ez du agertzen egileak ideien zurrunbiloa identifikatzeko garaian. Arazoen erdigunean kokatzen gaitu poetak, bere arazoak ere badira gureak, azken batean, zertzelada eta begirada intimoetatik urrun da idazlea.

Hortaz, Suzko lilia, liburu irakurterraza da eta argia da, halaxe gertatu zaigu guri; poeta gure artean da, eta bere poesia lanak edonork ulertzeko modukoak dira… jakin-mina besterik ez da behar haietara hurbiltzeko, eskertzekoa da mezuen xalotasuna. Ez dago misteriorik, dena bistakoa da… “Hurbiltasuna coca-cola da… isiltasuna chupa-chupsa… maitasuna zure argia”. Olerkiok irakurriaz batera kausa-ondorio ohiko harremanetan murgilduta sentitu gara. Poesiok hasiberriaren gaztetasuna dakarkigute gogora, hain zuzen, poesiaren eskutik gogoeta eragiteko saiakera zintzoa eta aberatsa da Etxartek eskainitakoa.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak