kritiken hemeroteka

8.683 kritika

« | »

T (Tragediaren poza) / Juanjo Olasagarre / Alberdania, 2008

Tragediaren konplexutasuna Mikel Ayerbe / Berria, 2008-11-23

Biziki eskertzen ditut ohiko formulak gainditzen dituzten fikziozko liburuak, are oso konplexuak izan eta konplexutasun oro ulertzeko gai ez naizenean ere. Juanjo Olasagarreren T (Tragediaren poza) liburu berria multzo horretan kokatuko nuke, nahiz eta jakin guztia hori baino konplexuagoa dela.

T izenburu iradokitzaileak hainbat elementu biltzen ditu bere baitan: Tragedia, Tyche, Techne eta Terese hitzen definizioek zabaltzen dute liburua eta hortik aurrera, batzuetan Terese eta besteetan Teresa deitzen den pertsonaiaren gorabeherak kontatzen dira. Protagonista Donostia eta Gasteiz artean bizi da. Donostian Tereseren amak arropa denda garesti bat du eta aita, aldiz, minbiziak jota dago. Familiaren egoera tragikoa korapilatzeko, alaba eta amaren arteko harreman gatazkatsua are jasangaitzagoa egingo du aitaren gaixoaldiak. Gasteizen Terese Ibon mutil-lagunarekin bizi da eta doktoretza ikasketak egiten dituen bitartean Andres Barrutia ezagutuko du, tragediari buruzko ikastaroko irakaslea. Baina hori guztia abiapuntua besterik ez da, eta, berehala, Teresek Barrutia irakaslearekiko erakarpen indar berezi bat sentituko du, morboa, “nazka eta plazeraren arteko zer edo zer”. Barrutia Ermuko Foroko kidea da, eta bizkartzaina du behartutako itzal, eta Tereseren erakarpen indar hau are estuagoa bihurtuko da protagonistak jakiten duenean Barrutia eta bere aita adiskideak izan zirela iraganean, Espainiako poliziengandik ihesi Hendaiako pisu batean bizi zirenean. Eta Terese ezinbestean eta halabeharrez bihurtuko da egoera konplexu horien guztien lokarri, jakin nahi duelako, jakin behar duelako zer ezkutatzen den tragedia guzti hauen atzean.

Liburuaren aurkezpenean Olasagarrek aipatutakoaren ildotik, fribolitatea edo arinkeria omen da nobelaren giltzarrietako bat. Barrutia histrionikoaren eta Terese mugatuaren arteko harreman bitxia esperpentikoa omen, eta kontakizunean jazotzen diren hainbat egoera ezin dira ulertu “errealismo neutroz” (unibertsitatean gertatzen diren pasarte gehienak datozkit burura). Izan ere, T nobela klabe errealista hutsez irakurriz gero nekez aseko du irakurlea, nire ustez, egiantzekotasuna ez baita balio bat liburu honetan.

Eta horren erakusle izan daiteke nobelaren beraren egituraketa ere. Tramaren kontaerari Tragediaren gaineko gogoetak, azalpenak eta bestelako apunteak gehitzen zaizkio kapituluen arteko anexoetan. Nolabait, Terese bizitzen ari den fikziozko tragedia kokatu eta ulertzeko Tragediaren inguruko teoriek leku garrantzitsua dutelako (saiakeratik ere dezente du Olasagarreren nobelak).

Hautu hori dela eta, sarean “Espekulazio teorikoak, apunteak, artikuluak… ez ote dira trabako irakurlearentzat?” galdera aurkitu dut, eta nago ohiko formak gainditzen dituen kontaera orok trabak jarri behar dizkiola irakurleari (aurrez esan dut, liburu konplexua da T). Gero, irakurleak erabakiko du traba bakoitzak zenbateraino zailtzen duen irakurketa, eta aurrera jarraitzeko prest ote dagoen. Baina nobela honetan idazleak traba horiek bere lekuan kokatzen asmatu duela deritzot, narrazioaren kapituluetatik atera eta bi planoak ederki nabarmentzen direlako (baita dibagazioak traman bertan txertatzen direnean ere). Eta nire ustez, narrazioa bere konplexutasunean ulertzeko oinarri teorikoak lagungarriak badira ere, ez dira tramaren gozamenerako ezinbestekoak. Ez badut tragedia grekoen muina ulertu, ez eta arropak nobelan duen indarraren zentzu zehatza eta beste zenbait kontu, bada berdin zait, nik nobela nola amaitzen den jakin nahi dudalako, jakin, Teresek bezala, nahiz eta amaieran jakiten denak ez erabat ase, nahiz eta jakiteak tragedia guztiak suntsitu.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak