kritiken hemeroteka

8.630 kritika

« | »

Intimitatea / Hanif Kureishi (Harkaitz Cano) / Txalaparta, 2008

?pila, pila, pila, patata tortilla! Amaia Alvarez Uria / Argia, 2008-11-23

Nola hasiko zinateke maitasuna(ren amaiera)ri buruzkoak kontatzen? Zein hitz aukeratuko zenituzke hainbeste jorratu den gai bati buruzko begirada sinesgarri, interesgarri edo iradokitzailea emateko? Zer esan daiteke maitasunari buruz dagoeneko esan ez dena?

Hanif Kureishiren Intimitatea horrela hasten da: “Gaurik tristeena da hau, banoalako eta ez naizelako itzuliko”. Liburu honetan protagonistak kontatuko digu bere ordura arteko bizitza —bikotea, semeak eta etxea— utzi aurreko eguna nola pasatuko duen eta denbora horretan izango dituen gogoetak gurekin konpartituko ditu.

Maitasunaren gazi-goxoak aletzen ibili dira azken hiru mendeetako literatura, musika eta zinema. Hamaika bider irakurri-entzun-ikusi dugu zer den eta zer ez den maitatzea, zein mingarria den maitatzea eta zenbat merezi duen maitasuna ezagutzea.

Maitatzeko modu desberdinak agertu eta aldarrikatu izan dira azken mendean —gutxienez—, mugimendu feministak adibidez, askotan aipatu izan du maitasun erromantikoa deseraikitzeko beharra dagoela, eredu berriak proposatzeko garaia dugula. Gai sakon eta konplexua dugu mintzagai, hartu-eman kodetuen lurraldean.

Pertsonen arteko harremanetan interpretatzeko mila kode eta arau daude eta sexua ere kontuan hartzen badugu moral bikoitzaren arazoa gehitu beharko diogu prestatzen ari garen plater bero honi. Gainera, gure jendartean sentimenduak eta emozioak ezkutatu eta apaltzeko joerari begiratzen badiogu, gaia korapilatu eta zailtzen zaigu zinez.

Kureishik bere lanetan (antzerkian, zineman eta literaturan), curry usaineko Londresetik hitz egiten digu, aldiri edo errebaletako auzoetatik, behe eta erdi-mailako langileen ahoetatik, etorkinen seme-alaben eskarmentutik, gazte, gay eta emakumeen bizipenetatik, eta horrek bestearen ahotsa entzuteko aukera ematen digu, gaur egun G. Ch. Spivaken subaltern-ak hitz egin dezakeela erakutsiz.

Kokagune ezagun batean jartzen gaitu, egunerokotasunak blaitzen ditu txoko guztiak eta oso hizkera eta tonu hurbila darabilenez erraz konektatzen dugu narratzailearekin. Honek bere ile urdinak eta tripa erakutsiko dizkigu, bere ahuleziak eta desirak, bere ohitura eta apeta txikiak, ezer baztertu edo disimulatu gabe.

Besteak beste leialtasuna, aitatasuna eta sakrifizioari buruz egingo digu berba eta bere pentsamendua ingurukoen iritziekin tartekatuko du. Duzunarekin konformatu behar zaren planteatuko du eta horrekin lotuta agertzen diren topikoak kontrajarriko ditu. Erlijio kristauak eta aro indibidualistak duten pisua aztertuko du eta menpekotasunei aurrez aurre so egingo die.

Oso liburu aproposa beraz maitasunari buruz modu zintzoan hitz egiteko eta horretan aurreiritzirik gabe pentsatzen hasteko. Ondo legoke irakurri eta gero —edo irakurri baino lehen—, guk gaiari buruzko gure bertsioa idatzi eta lagunartean eztabaidatzea, buruan ditugun estereotipo zaharrak eta balore atzerakoiei astindu pare bat eman ahal izateko.

Azken kritikak

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Iraitz Urkulo

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Mikel Asurmendi

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak