kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Bitartean heldu eskutik / Kirmen Uribe / Susa, 2001

Komunikatzeko ahalmena Iñaki Mendizabal / Deia, 2002-03-01

Heriotza. Amaiera. Azkena. Kitto. Akabo. Egi bakarrenetakoa (bestea hil arte bizi beharra litzateke). Egia bakarrak, beraz, bi horiek. Baina, bitartean zer? Bitartean heldu eskutik. Hori da behintzat Kirmen Uribe ondarrutarrak bere lehen liburuan egiten digun proposamena, itxaropenari leiho bat irekiz.

Poesiak mila bide ditu. Esaterako, poetaren gibeletik gibelera doana, poetaren barrualdetik lau haizeetara barreiatzen dena, edo ingurutik poetaren kaiolara bitartean lerratzen dena, edo… Mila bide ditu. Kirmenek ezin izan du poeta alboratu (“atsegin ditut direnak, egur usaina, neguko portuak, lehengo kontuak, begirunea, egunez erditzen diren gauak”), baina irakurlearen tamainan jarri du, gogoetarako bideak eraikiz, efektismo larregizkoak hurrengo baterako utziz, “umiltasunez eta apaltasunez”, berak behin eta berriz esan duen bezala. Eta poesia lurtarra atera zaio (“gizakia ekarri munduaren neurrira”). Batzuetan hunkigarria, xamurra eta goxoa; besteetan inkomodoa-edo, garratza eta iheskorra. Baina beti ere zintzoa. Badira gorabeherak liburu honetan, baina esango nuke orokorrean Kirmen Uribek asmatu egin duela, zuzen ibili dela bere ikuspegi berezi horren egonezinak irakurleari hurbiltzeko ahalegin horretan. Eta, poetarentzat, edozein komunikatzaileentzat, gizakiarentzat, hori da balekoa, hori da garrantzizkoa: sentiaraztea, samintzea, adieraztea.

Bitartean heldu eskutik tituluak apaltasunez aurreratzen du barruan datorrena: heriotza bitartean, “egun haundia” datorren bitartean, bizitzari eutsi behar diogula, bere argilun eta gazi-gozo guztiekin. Poetak bere kezka existentziala agertzen du zenbait lerrotan, maitasunaren hegada ixila, iraganaren aingura, eta beste hainbeste amaraun. Horretarako ironia erabiltzen du tarteka, edo narrazioa, hitz laua, zuzena. Poeta irakurlearengandik horrenbeste urrundu den garai hauetan, eskertzen da zubi bat, zubi berri bat, non hitzak bere jatorrizko balioa eskuratzen duen.

Komunikatzeko gai da Kirmen Uribe. Eta, badiot, ez da gutxi.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak