« Gorriaren alaba | Galeria »
Ispiluaren kalteak / Edorta Jimenez / Elkar, 2008
Urdaibaia sutan Beñat Sarasola / Berria, 2008-11-16
Liburu ororen hasiera funtsezkoa izan ohi da irakurlea harrapatu eta aurrera egitera bultzatzeko. Ispiluaren kalteak irakurtzen hasi eta “Tatuajeak” izeneko ipuinarekin egingo du topo irakurleak lehenik, zeina, niretzat bederen, azkenaldian irakurri dudan euskarazko ipuinik borobilena baita. Alabaina, hasiera indartsuak bi ahoko ezpatak izaten dira maiz, langa goian ezartzen duelako eta liburu osoan zehar apustu horri eutsi behar zaiolako. Liburu horrek arazo hori duelako inpresioa geratu zait berau amaituta; hots, ipuin behinena lehenengo hori izaki, liburua indargabetzen joaten dela ezarian, ahultzen.
Azken narratibako lanak (Azeria eta Lehoia) iraganean kokatu ostean, Edorta Jimenez egungo Euskal Herrira itzuli da Ispiluaren kalteak-ekin; zehazki, Urdaibai ingurura. Bertan, ostera, Urdaibaiko ingurumen natural apartekoaren ederra baino gehiago, gizakien ustelkeria (“Usher etxearen hondamena”), eritasunak (“Ispiluen kalteak”), ahuldadeak eta enparauak agertzen dira narratuta. Baina testuinguru geografiko zehatz horretatik landa, oinarrian, mendebaleko gizarte garaikidean azaltzen diren topiko eta aurreiritzien salaketa dira ipuinok. Hala, gizakion miseriak azaleratzen dira ipuinotan, errealismo zikinaren ildoan nolabait. Neurri horretan, argigarria da kontakizun horietako drogen presentzia, bereziki heroinarena eta kokainarena, edo horien presentzia baino gehiago, horiek eragindako ondorioen presentzia, edo oraindik areago, horien menpekotasunak eragindako ondorioen presentzia.
Liburu honetako ipuin gehienen ezaugarrietako bat da fikzioan kutsu (erdi-)filosofiko eta (erdi-)zientifikoko hausnarketak txertatzen direla -hortik liburuan nagusitzen den idazkera argumentatiboa-. Esaterako, antropologiako kontuak azaltzen dira “In the Ghetto” ipuinean, edo gnoseologia eta etikakoak “‘Ezagumena eta suzidioa’ entseguaren hitzaurreko oharrak” ipuinean. Hausnarketa horiek ipuinetan txertatzen direla esan dut, eta nago horixe dela ipuin horiei topatzen diedan eragozpen handiena; alegia, fikzioa eta saiakera ez direla bertan ongi nahasten. Ipuin batean zenbat eta digresio eta dispertsio teoriko gehiago egin, hainbat eta eskasagoa egin zait emaitza. Horixe bera izan daiteke, halaber, “Tatuajeak” hainbeste gustatu izanaren arrazoia; bost orrialde eskasetan kontzentrazio narratibo handia lortzen duelako, arestian aipatu digresioetan galduta ibili gabe. Fikzioa eta saiakera nahastearena ez zait berez ideia kaskarra iruditzen, jakina, baina akaso praktika horiek arnas luzeagoko narrazioetarako aproposagoak direla pentsa dezakegu. Eta hori ipuinotan aurkitu ditudan ideia eta hausnarketa asko aski interesgarriak egin zaizkidala: immigranteen esplotazioa, euskara eta Kontzilio Vatikano II-a, emakumeen kontrako indarkeria… Gogoeta gehienak zorrotzak dira, politikoki zuzenean eta propaganda errazean erortzen ez direnak, baina horien elaborazio literarioa izan da niri arazoak sortu dizkidana.
Liburua argitaratu berritan emandako elkarrizketa batean, Jimenezek agian bere burua alboratu eta literatur sorkuntza alde batera uzteko garaia iritsi zaiola iradoki du: “Literaturan agur esaten jakin behar da”. Mundu bitxia euskal literaturarena. Gainontzeko literaturetan Jimenezen adineko idazleak beren obra heldu eta sendoenak idazteko garaian daudela uste da, eta gurean, aldiz, badirudi adio esateko tenorean daudela. Edonola ere, Jimenezek azkenak eman dituela pentsatzea gehiegikeria iruditzen zait. “Tatuajeak” ipuinak erakusten du Jimenez oraindik goi mailan idazteko kapaz dela.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Asier Urkiza
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Amaia Alvarez Uria
Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain
Jon Jimenez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Paloma Rodriguez-Miñambres
Lakioa
Josu Goikoetxea
Mikel Asurmendi
Lur mortuak
Nuria Bendicho
Irati Majuelo
Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"
Paul Beitia Ariznabarreta
Akabo
Laura Mintegi
Joxe Aldasoro
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Paloma Rodriguez-Miñambres
Nork gudura haroa?
Patziku Perurena
Mikel Asurmendi
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Asier Urkiza
0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Aiora Sampedro