« Gizarte paranoien arrastoan | Beste mundu bat »
Abaraska / Asel Luzarraga / Txalaparta, 2008
Eta tamalez Aritz Galarraga / Gara, 2008-10-03
Asmo handiko literatur eginkizun bati ekitean, ugariak izan daitezke emaitzak, egia da. Baina besteren gainetik bi nabarmentzen dira hartzaile arretatsuaren begietara: edo sekula inoiz irakurri duen lan onenen zerrendan jartzeko modukoa begitanduko zaio, edo, kontrara, ageriago geratuko zaizkio liburuaren hutsune, akats eta herrenak. Asel Luzarragaren Abaraska honi hori gertatu zaiola esango nuke: hain da asmo orokorrean handia, hain da planteamenduan potoloa, ezen, emaitza borobil-borobila ez denez, agerian geratzen zaizkigun bere makalaldiak. Nobelaren irakurketan zehar istorioan ezin sarturik ibili naiz, orriak aurrera egin ahala, bertan kontatzen direnak ezin erabat sinetsirik. Eta uste dut badakidala zein den motiboa: Abaraska literatur lan anbiziotsuegia da. Asmoan zintzoa iruditu zait proposamena, baina asmoaren gauzatzeak ez nau guztiz konbentzitu.
Nobelaren atzean legokeen ideia, eta Luzarragaren beraren hitzetan ekartzeko, honakoxea da: “Munduan, eta are gehiago mundu globalizatu honetan, denok gaude nola edo hala elkarri lotuta, inoiz ikusiko ez ditugun pertsonei lotuta, alegia”. Eta hori gauzatzeko bederatzi pertsonaia ekarri ditu orriotara, bakoitza bere etxekoa, dena esan behar bada. Ez dut uste erraza denik pertsonaia bat eta bakarra osatzea, sinesgarri egitea eta interesgarri; imajinatu, beraz, atal izenak adina pertsonaia dituen nobela bat. Pertsonaiak eurak, gainera, indar handirik gabeak edo ikusiak iruditu zaizkit batzuetan, maiz estereotipoan erortzen direnak: marihuana erretzaile japoniarra, striper estatubatuarra, emakumeen ezezkoak biltzen dituen margolari argentinarra, pegatinen bilduma egiten duen palestinarra, eta abar. Nahita edo nahi gabe liburuko pertsonaia bat gehiago bilakatzen den idazleak ongi laburbiltzen du narrazioaren intentzioa: “han-hemenka sortzen joan ziren pertsonaiak sailkatu, iradokitzaileenak aukeratu, jokoa eman zezaketen harremanak sortu… Laburbilduz, handik atera zitekeen edo zitezkeen istorioak definitu eta idazle izateko gai ote nintzen egiaztatu, luzamendu gehiagorik gabe. Hots, Axularri kasu egitea behingoz”.
Pertsonaia horiek elkarri lotzea, harremanean jartzea izan da nobelaren bigarren erronka nagusia: kapitulu bakoitzaren amaieran agertzen da hurrengo kapituluko protagonista. Eta lotura horiek behartu samarrak dira behin baino gehiagotan, leku batetik bestera jauzi egiten da abiada harrigarrian, paragrafo batetik bestera, Erromako klub batean striptisa egitetik, Londresen Candem Marketen erosketak egitera, adibidez, hari guztiak lotzeko azken intentzioarekin. Hausnarketara pasatzen denean ere nahikoa topiko agertzen zaigu testua: “ez dakit hangoek danone gorputzen berri ote zeukaten. Beharbada, han light produktu sorta bukaezinarekin konpontzen zuten, eta hori nahikoa ez zenean, ebakuntza gelara jo eta kito” edota “italiarrak itsaskorregiak ziren” gisako sententziekin. Tokian tokiko klixeak errepikatzen dira sarri, ikuspuntu berri edo desberdinik erakutsi gabe. Eta irudipena daukat, asmo handiago baten mesedetara jarri direla kontu horiek guztiak.
Orokorrean, liburuko piezak hala-hola egokituak aurkitu ditut, idazleak osatu nahi izan duen abaraska hori guztiori zutik mantentzearren. Erronka ez baitzen nolanahikoa, baina emaitza ere ez da izan espero zitekeena, ahulagoa baizik (eta tamalez).
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi