« Amaren dolua baretzeko | Iritzien amarauna »
Lauaxeta. Oihartzunak / Lauaxeta / Utriusque Vasconiae, 2008
Totum revolutum Aritz Galarraga / Gara, 2008-08-23
Besteren gainetik, poema antologia bat dugu Lauaxeta. Oihartzunak liburua: Estepan Urkiagaren 30 olerki bildu ditu Miren Billelabeitia filologo eta irakasleak Utriusque Vasconiae argitaletxearen Kritika literarioa bilduman kaleratu den lan honetan. Baina, hasierako inpresiotik haratago, ez da poema antologia soil bat, bi berezitasun nabarmengarri gordetzen baititu liburuak bere baitan: batetik, gaur egungo idazkera batura ekarri nahi izan dira Lauaxetaren poemok; bestetik, 30 poema horietako bakoitzaren atzetik poema bana (gutxienez) erantsi da, Lauaxetaren orijinalaren “oihartzun” gisa-edo. Goazen pausoz pauso, liburuak badu-eta mamirik.
Jose Luis Otamendik modu honetan hasi zuen Desde aquí (antología del cuento vasco actual) liburuko hitzaurrea: “ulergarri izateko hitzak behar dituen bidegabekeria da antologia oro” (“crimen” hitza aipatzen zuen Otamendik, baina tira, kontua leuntzen du euskarak). Eta Lauaxeta. Oihartzunak honek, antologia bat izateaz gain, esan dugu, bi berezitasun ditu, hobeki ulertu eta justifikatzeko hitzak behar dituzten bi berezitasun. Hitzaurreen balioaz kontziente, Billelabeitiarena hartuko dugu gidaritzat. “Itxura batean nahiko zaila den poeta” omen da Estepan Urkiaga, eta Moreno Cabrerak hizkuntzen gainean zioen hura kontuan hartu gabe (ez direla zailak edo errazak, aldearen araberakoa dela zailtasuna), eman dezagun baietz, poeta zaila dela Lauaxeta. Alde horretatik antologia apailatzailearen asmoa ez da burugabea: “irakurketa erraztu nahian, egokitu egin da XX. mende hasierako idazkera eta garaiko idazkera batura aldatu”.
Kontua da bertsiook (bertsioak baitira, azken batean) ez dakartela Lauaxetaren orijinala alboan, irakurleak ez dakiela zer den poetak idatzia, noraino sartu duen apailatzaileak eskua. Gainera, berridazketa oso arriskutsua dela iruditzen zait eta erantsi nahi dut, lan honen kasuan, ez dela beti onik ateratzen. Batzuetan aldaketak ez ziren beharrezkoak. Zertan errazten da poemaren irakurketa eta ulermena “maitetasuna” orijinala “maitasuna” hitzagatik aldatuta? Ulergarritasunean ezer ez eta, aldiz, bidean uzten da silaba bat, poemaren neurriari kalte eginez. Eta, behin eskua sartzen hasita, zergatik ez aldatu, ulergarritasuna helburu, “izarño herriko asele oztina” eta antzerakoak?
Hitzaurreari begiratuko diogu beste behin: “liburuaren bigarren asmo bat: Lauaxetaren gogoko olerkarien aukeraketa bat egitea horrekin batera bere poemak idaztekotan buruan izan zituen eredu, oihartzun eta oroimenetara hurbilketa bat eginez”. Konforme. Guztiok ezagutzen dugu “Langille eraildu bati” eta Antoñito el Camborioren poemen arteko harremana, adibidez. Baina arazoa sortzen da ideia hori buruan, Szymborska eta enparauen poemak irakurtzen direnean Lauaxetaren poemen ondoren. Hitzaurrera, azken aldiz, argi bila: “baten irakurketak besteen doinua eta oihartzuna dakartzalako sarritan, bai gaiaren aldetik, zein erritmoa gogoratuz, irudiak edo oroimen lausotua”. Eta edozer sar daiteke saski horretan. Beste behin, ez dakigu zer izan zen Lauxataren benetako erreferentzia, edota poema horrek orijinalaren oihartzuna ekarri ote dion Billelabeitiari.
Horiek guztiak kontuan izanda, liburuari totum revolutum baten itxura hartu diot, hainbeste gauza, hainbeste helburu, eta ez beti modu argian azalduak. Dena nahasi xamar eta, akaso nahasgarriagoa dena, maila berean jarriz inondik inori berdinak ez diren kontuak. Asmoa ez dut uste txarra denik. Kontrakoa. Baina ikerketa lana baino sorkuntza lana iruditu zait gehiago, zintzoki.
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez