« Totum revolutum | Diskurtsoan asmatzeko lantegia »
Oraina galdua / Juan Ramon Makuso / Erein, 2008
Iritzien amarauna Iratxe Esnaola / Gara, 2008-08-30
Solasaldi platonikoa izenburupean eta hitzaurrean aditzera eman denez, filosofia eta literatura uztartu ditu liburuak, alderdi kontzeptuala eta alderdi poetikoa bereizi gabe. Aurreneko kezka hibrido honen aurrean: zer du literaturatik, eta zer filosofiatik? Zalantzarik gabe, helburu ezberdinak izan dituzte Mendebaldeko etorrian bi diziplinek, beren ingurumena, hizkuntza, bera izanagatik. Edo hala ulertu izan dugu batzuek, bien egitekoak ez zirela elkargarriak, nahiz besterik izan literaturan gogoetak lekurik ez duela esatea.
Iritzi denetarikoen artean nirea, ez dela hemen literaturarik. Ni kontatzailea izanda ere, pasadizo solteak kontatuagatik ere. Gogoetak dira lau ataletan banatuta, hausnarketa laburretan, batez ere denbora, hizkuntza, errealitatearen benetakotasuna dituztenak hizpide. Bere alde du normatibotasunetik urruti ibiltzea, araubiderik ez baitu ezarri nahi. Hasieran behintzat, ordea, gogoeta batetik bestera lasterregi igarotzen da atal laburregitan eta, azalpen orokorragoen faltan, zail da esan nahi dituen guztiei jarraitzea.
Filosofiako eztabaidetan trebatua ez denarentzat ere aipatutako autoreak ezagunak egingo dira. Nolabait haiekin komunikatzen saiatu da eta, nolabait, solasaldi-amaraun modukoa da liburua. Bigarren atala bera Camilo Anxio filosofia irakaslearekin e-mail bidez izan duen elkarrizketa transkribatua da. Hemen sortzen da interesa. Bizitasuna eman dio autoreak beste jende bati espazioa utzi izanak. Esaterako, hitzaurrea apailatu duen Victor Gomez Pin UABko katedradunaren baieztapenei bide eman die, edota autorea bera irakasle den institutuko ikasle baten gogoeta orria ageri da.
Kritika hau berau eta baita beste ezein irakurketa uler daiteke komunikazio berritu bat bezala, autoreari eta bere gonbidatuei erantzunez, handituz iritzien amarauna. Galderak zabal ditzagun: kezka nagusia orainean nola bizi asmatzea da. Zer da oraina? Hel al dakioke? Benetako izaterik ba al du? Hemen ulertzen denez, orainean erabat murgiltzen da bat errealitatea errepresentatzeko idaztearen ekintzan, idazketa kontzientean, eta egoera irakurketara ere iragan daiteke eta, orobat, beste adierazpide artistikoetara.
Juan Ramon Makusok jarri duen adibide batekin barrendu dezagun. Musika entzutean denbora partekatzeko dugun joera (iragana eta etorkizuna) uxatzen zaio. Oraina da erabat musika entzutea. Idazteak ere denbora ukatzen du eta oraina estaltzen. Baina oraina bera ez al da ba gatibutza? Gure pentsamenduan iragan eta etorkizun banaketa artifizialaren hirugarren erpina. Bestalde, egungo denbora industrializazio garaian eraikitakoa da, kapitalaren beharrizanei erantzuteko asmatutako dibisioa.
Badakigu, ordea, poesia berarekin ere ezin dela batasunik lortu naturaren eta gizakiaren artean. Hitzen ezintasunaren aurrean gaude eta bertatik eratortzen da egiaztapen logikoa: ez gara errealitatea den bezala deskribatzeko gauza, itzalen haitzuloan gara oraindino. Gure oraina itxurazko beste zerbait baizik ez da. Eta, hala ere, hizkuntza da Makusorentzat existentziaren marka utziko duena. Batzuek joan-etorriko zubiak eraikitzeko erabili izan dute hizkuntza. Besteek identitate tresna moduan. Berak gizakiaren ezberdintasuna definitzeko.
Filosofia, izatekotan, jakituria edo egia bilatzeko izango da, ez aurkitzeko. Hau da liburuaren gonbita, galderak egitea, jendarteratze mailan ulergarri, akademikotasun zurrunetik urruti. Bere sendagaia, pertsonala eta aukerazkoa, idatzizko ariketa da. Batzuek hala eginen dute; besteek bestelako euskarririk badute. Kontzientzian barrena barneratzea, baina, ondarea da, eta eginbeharra ere bai, halakorik badela onartuz gero behintzat.
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez