« Gizakion izariaren haria, orain galduan ari | Irakurri »
Tom hil da / Marie Darrieussecq (Karlso Zabala) / Alberdania, 2008
Amaren dolua baretzeko Ion Olano / Gara, 2008-08-16
Tom hil dela, hori badakigu izenburutik. Noiz, non, eta batez ere nola hil den, hori falta dugu jakiteko. Liburua osorik irakurri beharko, informazio hori jaso nahi izanez gero. Gaia ez da samurra, jakina, ohitura faltak bihurtu digu deseroso. Lau urte eta erdi zituen Tomek hil zenean, eta haren heriotzatik hamar urtera, amak ez du oraindik dolua baretu. Koaderno bat idazten hasi da ama, idazketak arinduko duelakoan pentsamenduen zama, eta bertan paratzen duen lehen esaldia da “Tom hil da”. Hori da gaia, hori da subjektua, horren inguruan mugitzen da eleberri osoa.
Mendebalde honetan ohituta gaude pentsatzen gurasoek hil behar dutela seme-alaben aurretik. Gurasoen heriotzara arte, seme-alabak hilezkorrak balira bezala. Heriotzaren ideia uxatzen dugu mamitzen hasi aurretik, eta ingurura heltzen denean, ez dakigu nondik heldu. Mendebaldarron baitan gihar landugabea da heriotzaren ideia, eta, ondorioz, erasotzat hartzen dugu eta sarri ez dugu defentsarik topatzen. Herrialde industrializatuetako kontua izango da ziurrenik, ez dut uste halako erreakzio askorik izango denik haurren hilkortasun handia dagoen herrialdeetan, beharturik baitaude haurren heriotzarekin bizitzera.
“Ez geunden prestatuak hain desagerpen bat-batekoa jasateko, hain desagerpen osoari aurre egiteko”. Marie Darrieussecqen (Baiona, 1969) azken liburuan irakur daitekeen esaldia da aurreko hori. Aski esanguratsua, ene irudiko. Ama doludunak idatzitako koadernoak osatzen du liburua, liburu hermetiko eta itxia, ez baita apenas gaitik ateratzen, narratzailearen obsesiotik. “Batzuetan, irudipena daukat lau seme-alaba izan ditudala, Vince, Stella, Tom, eta gero Tom hila”. Errepikaren indarraz baliatzen da idazketaren intentsitatea areagotzeko, kontzientzia jarioa da kontakizunaren hauspoa, hor dago Tom etengabe. Esaldi motz eta lehorrek sinesgarritasuna ematen diote amaren ahots minduari, itxuraz ordenarik ez daukaten pentsamenduen segidak tantaka ematen diote informazioa irakurleari, hura irakurketara lotzen.
Bakarrizketa luze horretan maiz agertzen da amaren erru sentimendua, eta bukaeraraino ez da argituko nola gertatu zen Tom haurraren heriotza. Horrek eusten dio irakurketaren interesari, nahiz eta nire kasuan bederen, batzuetan gogaikarri eta astun suertatzen den heriotzaren inguruko gogoeta sorta. Darrieussecqen idazkera txukuna da eta ondo pentsatua, irakurlearen enpatia bilatzen du eta eraginkorra da alde horretatik. Nolanahi den ere, gorabeheratsua begitandu zait zenbait unetan. Hasieran bereziki kosta egiten zaio hegaldatzea, eta kontakizunaren airean egokitu orduko, gorabeherak gorabehera, zakar samarra egin zait lurreratzea.
Tom hil da (“Tom est mort”) idazle baionarraren lumatik ateratzen den hamaikagarren liburua da, euskaraz irakur dezakegun bigarrena, Frantziako Goncourt eta Femina sarietarako izendapenak jaso dituena. Utz dezagun alde batera Camille Laurens idazleak liburu honi egindako “plagio psikiko” salaketa, ez baitu funts handirik. Izan ere, Darrieussecqek ez du ume bat galdu beharrik horri buruz idazteko; idazleak fikziorako eskubiderik izango ez balu, akabo literatura. Inporta duena da kontakizun sinesgarria eta interesgarria osatu duela. Ez ditu irakurle guztiak asebeteko (hori ere ez litzateke literatura), baina auzitan jarri du kontu garrantzitsu bat: bizitako gertakari latzen aurrean idazketak izan dezakeen boterea. Ez dut esango “terapia”, zein hitz itsusia, ez dut esango “laguntza”, zein anbiguoa. Akaso, zehatzago: “baretasuna”.
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza