kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Abertzaleak eta euskara / Joxe Manuel Odriozola / Elkar, 2008

Euskaltzaleak eta abertzaleak Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-07-13

Badugu lagunartean kide bat, On Sar(kasmoak) deitzen dioguna, irakurle ona berau, eta honela bota zidan behin: “Ezin izan diat liburua bukatu. Tesi saiakerak baino, suspense saiakerak dizkiat nahiago”. Alegia, nahiago zituela gure artean aise erroturiko usteak kolokan jarri nahi dituzten saiakerak, bertze uste sendo batera errenditu nahi gaituztenak baino. Bi mota horietan sailka ditzakegula saiakera guztiak erran nion nik, eta biak ala biak onak ala txarrak izan daitezkeela, baita gure iritziz gainditurik izan beharko luketen tesien aldekoak ere. Zer erranik ez, berdinketa egin genuen luze gabe bertze hainbat eztabaidatan bezala eta azkeneko garagardoaren aparrak zuritu zizkigun elkarri sarturiko hitz ziriak.

Tesi saiakerak ditu genero Joxe Manuel Odriozolak, euskalgintzaren inguruan bereziki, eta oraingo hau, Abertzaleak eta euskara, ez da salbuespen. Euskal nazioaren eraikuntzan lurraldetasuna edota historia lehenesten duten nazionalismoen aurrean, ezin argiago dio Odriozolak: “Euskal nazioak ez du zentzurik euskalduna ez baldin bada. Euskara duelako balio gorena abertzaletasunaren egitasmoak”. Abertzaleei zuzenduriko gogoeta sutsua da, korronte abertzale guztiei leporatzen dien euskaltzaletasun apalari epelak ematen dizkiolarik. Merezia astindua, ene ustez; areago, liburuari darion agoniazko izpirituarekin bat egiten duenez hainbat abertzalek, dena delakoa haien euskaltzaletasun maila: “hil ala bizi” eta tankera horretako erramoldez beteta dago liburuko sintaxia. Saiakeraren azpitituluak esplizituki dioen bezala: Edo nazio euskaldunaren gainbehera.

Goian aipaturiko lagunari erran nion bezala, saiakera baten merituak edo akatsak juzkatzerakoan, ez dut giltza tesi horren argumentuekin bat etorri ala ez, diskurtsoaren taxukera baizik, eta haren koherentzia ez ezik, baita haren idazkera, haren barne bizitza, zentzu zabaleko haren orijinaltasuna, haren estiloa ere. Ez naiz hasiko, bada, Odriozolaren argumentuak errefusatzen edo haiei ñabardurak egiten, nahiz eta, egia erran, ez deritzodan euskalgintzaren onerako oso egokia haien muinari; ez oso egokiak deritzet argumentuei, abertzale askorentzat eraginkorrak izan beharko luketen arren.

Ados egon ala ez Odriozolaren funtsezko tesiarekin, irakurgarria da liburua, interesgarria eta hala intelektualki nola literarioki gozagarria. Bere betiko euskara jaso eta landuan, arnasa bizikoan gainera, prosaren erritmo ederrean idatzi du egileak. Zer erranik ez, koherente du diskurtsoa. Halako paradigma dut, oro har, Odriozola, euskalgintza abertzalearen planteamenduetan eta hauen adierazpen aberatsean.

Tesi saiakera dela erran dut gorago. Baina erranen nuke baduela suspense saiakeraren kutsua ere. Izan ere, “abertzale” hitzaren gaurko zentzu arruntean erabiltzen duen edozein irakurlek sorpresa batekin eginen du topo liburuan: abertzaleei ez ezik, euskaltzaleei ere dagoela zuzendua diskurtsoa, tituluak islatzen ez bide duena. Baina argi eta garbi du liburuak zer den abertzale kontzeptua: “Abertzaleak euskaltzale izan behar du abertzaletasunak zentzu osoa izan dezan, eta alderantziz“, nik azpimarratu azkeneko horretan ikus daitekeen bezala. Suspense jokorik badu tituluak, beraz: abertzale arruntei zuzenduriko diskurtso batean murgilduko delakoan, hartan sakondu ahala sorpresaz ikusiko du irakurle arruntak euskaltzale arruntei ere bidalita daudela argumentuak, euskalgintzaren on ala txarrerako. Hau da, Odriozolak bere ametsetako abertzale osoa du kontuan, irakurketa bikoitzarekin jolasean izenburuan.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak