« Amodio galduaz | Erraietatik »
Suminaren estrategia / Fernando Morillo / Elkar, 2008
Estrategiaren estrategia Mikel Ayerbe / Berria, 2008-05-11
Inoizka fikziozko istorioak zirriborratzen dituen industria-ingeniaria eta antropologoa da Aimar Goikoetxea, Fernando Morilloren Suminaren estrategia nobelako protagonista. Eta dohain bat omen du, denetariko esperimentu sozialak eta psikologikoak taxutzea, jendea giza lagintzat harturik eta bere nahiera manipulatuz. Hori dela eta, egun batean ama batek Aimarri deitu eta laguntza eskatzen dio: semea beragana hurbil dezala. Izan ere, senarraren heriotzaz geroztik semea amaren magaletik aldentzen hasi bazen, delako Garbiñe neskalagunarekin hasteak erabat eten zuen ama-semeen harremana. Amak neskalagunari egozten dio semea beragandik aldendu izana; eta semeak, era berean, amari leporatzen dio bere ezinikusia, bi gazteen arteko maitasuna ez onartzearren. Eta tartean Aimar, errealitatea aldatzeko ahaleginean, guztia lehen bezala izan dadila saiatzen. Guztia jolas gisa ulertuz, hori bai, amak eskainitako 20.000 euro poltsikoratuz.
Gutxi gorabehera, hori da nobelaren abiapuntua edo hariaren aurreneko korapiloa.
Thriller irakurterraz bat idatzi nahi izan omen du idazleak, intriga eta irakurterraztasunaren ideiak bereziki azpimarratuz. Eta, egia esan, liburuak bietatik du: misterioa ezkutatzen da orriotan, azkenera arte irakurleak ez duelako ziurtasunez jakingo zer gertatuko den edo zein izango den hainbeste korapiloren azkenengo azalpena; eta irakurterraza, elkarrizketa eta gertaera azkarren bidez garatzen direlako nobelako gertakizunak.
Irakurleen eskariari erantzun nahi izan diola ere aitortu du Morillok. Askotan salatu izan den bezala, badirudielako gure irakurleen artean (izan irakurle, idazle edota kritikari) literatura irakurterraza edo “kontsumo literatura” gaitzesteko aurreiritzia gailentzen dela. Baina nago gauza bat dela kontsumo literatura edo literatura irakurterraza deitzen den hori, eta beste gauza bat, oso desberdina, errazkeriaren ertzean mugitzen den beste literatura molde bat. Hau da, kontsumo literatura entretenitzeko sortzen den literatura irakurterraza dela esan daiteke, eta best-seller-ak izan daitezke horren adibide nabarienak. Baina kontsumo literaturak ere bere arauak izango ditu, eta arau nagusietako bat, niretzat behintzat, irakurlea inozotzat ez hartzea delakoan nago.
Eta Suminaren estrategia horretan errazkeria narratiboaren zantzuak behintzat aurkitu ditudala uste dut. Garrantzi osoa tramak aurrera egiteak izanda ere, gertaerak inongo zailtasun edo zio narratibo gabe gauzatzen direlako (pertsonaiak bere helburuak lortzeko mozorrotu egin behar duela? Bada, koadro batekin kalean margolari gisa edo kartulinazko lepagora batekin apaiz gisa agertuko zaigu orri batetik bestera). Eta ez da sinesgarritasun ezaren kontua (mamuaren eszenak nekez izango du errealitatearekin egiantzekotasunik, baina ez da hori ni asaldatzen nauena, eszena horren aukeraketa soilak baizik; ospitaleko gertaerak bezala). Neurri kontua delakoan nago, irakurterraza izanik ere argumentuak edo gertaerek garapen literario bat izan behar dutela iruditzen zait.
Harrigarriki (edo ez), liburuaren hasieran antzeko kritika bat egiten dio literatur lehiaketa batean epaimahaikide izan den amak Aimarren ipuinari: “Literaturtasun apur bat falta zitzaion. Ez duzu jarraitutasunez idazten”. Eta beranduago erantsiko: “Zure ipuinak ez zeukan jariakortasunik (…) Irakurtzean, gozo ibili baino gehiago, arrastadaz arrastada joan behar zenuen”. Bada, Suminaren estrategia-rekin antzera gertatu zait niri, baina alderantziz, arrastaka ibili beharrean, arnasestuka ibiltzearen sentipena izan dut, xehetasun eta ez hain xehetasun narratiboak eta literarioak albo batera utzi beharraren beharrez.
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Asier Urkiza
Ni, laiko
Markos Zapiain
Nagore Fernandez
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Maialen Sobrino Lopez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Jon Agirre
Emognosia
Mitxelko Uranga
Mikel Asurmendi
Silueta
Harkaitz Cano
Irati Majuelo
Koxka bat estuago
Henry James
Aritz Galarraga
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Hasier Rekondo
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Maddi Galdos Areta
Poesia kaiera
Frank O'Hara
Asier Urkiza
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Nagore Fernandez
Beste urte batez
Samira Azzam
Maialen Sobrino Lopez