kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Relax / Rafa Ugalde / Txalaparta, 2007

Euskararen xarma erotikoa Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-03-23

Arturo Campionek eta euskararen apologista kristau haiek gaur altxatuko balute burua, euskaltzale izaten jarraituko al lukete? Begirune gabeko galdera nirea, bai historiarekiko, bai gure munstro sagaratu haiekiko, horixe badakit, ezin dugulako iragana pentsatu oraina izanen balitz bezala, ez eta ere zer pentsatuko ote luketen haiek gaurko egoeran biziko balira, baina barkatuko didazue. Izan ere, kontuan harturik bertzeak bertze zer arrazoiak ematen zituzten euskararen alde, kontuan harturik moral kristau tradizionalaren babes murrua ikusten zutela gure hizkuntza honetan, zer keinu gaitzesgarriak ez ote litzaizkieke marraztuko begitartean hau bezalako ipuin bilduma baten aurrean, Txalapartako Literotura sailaren aurrean edo ipuin erotikoen lehiaketen aurrean?

Bederatzi narrazio bildu ditu Rafa Ugaldek Relax izeneko liburu honetan, generoak eskatzen dituen arau topikoei jarraikiz: sexu agindupeko zertzelada hutsak, erromantizismo eta maitasun sentimenduetatik kanpo, irakurlearen grina berotu eta arindu nahian, olgeten deskribapen zehatz eta elipsi gabekoak… Ez, aldiz, umore eta poesia ukiturik gabe, batik bat ipuin bakoitzaren sarreran paraturiko poema labur horietan, honako hau adibide erranahitsu bat: “Putarik putena / ez da zakila ondoen xurgatzen duena, / ezta ere, gorputzeko zulo guztiak / erabiltzen dakiena. / Putarik putena, / betiere, / musurik gozoena gordean dakarrena”. Edo umore gordinagoz beteriko bertze hau: “Ederrak ziren biak […]. / Batak sano ninduen maitatu; / besteak, ordea, ederki izorratu”. Estetika lantzeko kezka ere ez dago faltan, nahiz ikuspegi batetik izan ia beti, egunkarietako Relax iragarki sailek gehien bat landu ohi duten gizonezkoen ikuspegitik alegia: emakume eder puskak, adin desberdinetako emeei ematen dien arren erakargarri izateko aukera. Bederatzi ipuinetatik zortzitan gizonezkoak dira narratzaileak, gizonezkoenak dira sexu egarri eta behar motak, emakumezkoak dira, aldiz, behar horiek arinduko dizkietenak.

Ohiko sexua, “zuria” dei geniokeena, “perbertsiorik” gabeak, ez sadismorik ez masokismorik ez pedofiliarik… Gizonezko arruntak dira pertsonaiak, bakardadea pisu astun bezala sentitzen dutenak, hankarteko makila babes-zulo eme batean sartuz gero Adamek paradisuan sentitu ote zuen hotza astinduko dutela amesten dabiltzanak. Alferrik, hala ere. Babes-zulotik ateratzean berdin-berdin jarraituko dute protagonista bakoitzaren sentipenek eta arazoek: gehienez ere, “akaso lasaiago”, “erlaxatuago” sentituko dira, egileak dioen bezala, arazoen zurrunbiloari aurre egiten jarraitzerakoan.

Nolanahi ere, badute relax saio horiek eritasunen batek kutsaturik edonor uzteko arriskurik: alegia, amorantea eta maitea hitzak nahasten amaitzen bagara, maitale berberarekin hainbat urtetan ibiliz gero. Horren gaztigua da azkeneko ipuina, non Rafa Ugaldek hala holako “metaliterotura” saio bat eskaintzen digun. Zortzi urtez amorante berarekin narrutan ibili ondoren, “orain, apur bat maite dudala uste dut” eta “egunen batean agur esan beharko diot, eta min emango dit”. Zakila nonbait, zaurgarri eta minbera izateaz gain, maitabera ere izan daiteke, kontrol eskaseko harreman sexualetan.

Plazerez irakurtzen diren ipuinak dira, konplikaziorik gabekoak, teknika narratiboei dagokienez, baina irakurlea trebeki eramaten dakitenak deskripzioetan, barne-bakarrizketetan, dialogoetan, agertokietan…, euskara bizi eta egokiro landu batean, iraganeko apologista kristau zerutiar haiek nahi baino egokiroago ere, zeregin mundutar hauetarako.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak