kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Lagun izoztua / Joseba Sarrionandia / Elkar, 2001

Tesia, antitesia eta protesia Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 2002-02-12

“Erlojuak desakreditatuta daude”, dio Goiok; denbora kronologikoa dago desakreditatuta Lagun izoztua-n, eta mugimendu dialektikoa.

Zenbat estrategia txosten eta ideologia hastapen ez ote du ezkerrak idatzi, tesia, antitesia eta sintesian oinarrituta! Dialektika honen arabera, egoera jakin bat jasotzen da, dago, tesia; ezeztatu egiten da egoera hori, borrokatuz, sufrituz eta sufriaraziz; eta azkenik, sintesiak egoera berri ederrago eta artezago bat dakar, tesia gainditzeaz batera, bere baitan gordetzen duena. Baikorregia aukeran, harroegia. Supermanetik baino gizakiok gehiago baitugu hegoalderanzko bidaian berehala makaltzen den oilar tristetik, “zalantzan, ezbaian, kukurruku egiteko hausnarrean, desorduan kantatzera behartua”. Hobeto lapikora lehenbailehen.

Edo pinguinotik: “Etorri, estropezu egin, oreka galdu eta itzelezko danbatekoa hartuko dute hainbat metro harantzago gelditzeko. Orduan, serioski eta duintasun handiz jaikiko dira, estropezuaren aldera begiratu, estropezuaren arrazoia ezagutu edo igarri nahian bezala. Gero, beren ibilera jarraituko dute, eztabaida ezinezko zintasunez, harik eta laster, berriz ere, estropezu egin eta ahuspez jausi arte”.

Edo mamu erromesen antzera alderrai dabiltzan izotz pusketetatik, agerian puntatxo bat eta ezkutuan agerikoa mugiarazten duen erraldoi baldar beti ezezaguna, haizeek eta korronteek mugiarazia berau. Ikaragarri ederrak dira izotz zatien mugimenduei buruzko orrialdeak. Sarrionandiak giza eitea ematen die, iradokiz gure arimako Urbasa izoztua ere trumoi zalapartaz erortzen zaigula batzuetan oinetaraino, edo bloke handiegia askatzen bazaigu grabitate zentroa galdu eta irauli egin gaitezkeela.

Bestalde, “gainditzea” baino oinarrizkoagoa da menturaz “ematea” edo “oparitzea”. Armando-Teseok, Lagun Izoztua-ren osagai den fikziozko bere izkribuan, Maribel-Ariana ematen dio Goio-Dionisosi, ez alferrik Gorria. Betiko Gorriari, dialektiko estu samarra apika gaztetan, batek daki, mugimendu eta denbora gezien aniztasun harrigarria onartzean bilakatzen zaio Lurra etxe, denbora aberri, eta berria itzulera

Edonola ere, dialektika mundua aldatzeko erabili izan da, baina Sarrionandiaren arreta orain, ohiko mundua abandonatzeko mugimenduei dago zuzendua: Goioren izoztea, erbestea, Antartikara abiatzea, morfina, eroetxea, minbizia, idazteko ixtea… Protesi zaharrenetarikoa da sintaxia. Sarrionandiak tesia, antitesia eta sintaxia proposatzen du.

Gizakiak sekulan ez dio jaramon zipitzik ere egin berak jakintsu zuhur izendaturikoei, zorionez ziurrenik. Gure garaiaren ezaugarririk bereziena protesiaren nagusitasuna da, lasterketa ikusgarrian bere kasa dabilen protesigintza kezkagarria. Bai barregarriak, Etika Katedradunez eta Presidentez eta Ministroz osaturiko Mundu Mailako Komite horiek, klonen eta geneen manipulazioaz gomendio burutsuak emateko eratuak! Teknikak aspaldi ihes egin dio gizakiari. Protesigintzan ere, beste orotan bezala, gizakiak ahal duen guztia egingo du: ikertu, daiatu, gauzatu, leherrarazi, disimulatu. Etika Katedradunen zuhurtziak minut erdia beteku du albistegi progreren batean, Sorginen Laratza-n protesiz betetak penomenoren bat izar bilakatu baino lehen.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak