« Zapalduen indarra | Haragia »
Ez da gaua begietara etortzen / Felipe Juaristi / Erein, 2007
Zaurien barne gatazka Mikel Ayerbe / Berria, 2008-01-20
Felipe Juaristik Ez da gaua begietara etortzen nobela kaleratu berri du. Idazleak aitortu duenez, izatez ez da nobela politikoa, nahiz eta hiru pertsonaia nagusiak ETAren atentatu batek lotzen dituen: Lope de Agirre protagonista hilketaren lekukoa da, eta etakideek hil behar zuten pertsonarekin hitzordua zuen; Miranda, etakideek okertuta hildako Jon Otegiren emazte ohia da; okertuta diot, izatez Gabriel Cifuentes hirugarren pertsonaia hiltzeko antolaturiko ekintza izan baitzen. Atentatu bat da nobelaren abiapuntua, baina nobelan bereziki jorratzen dena atentatu horrek hiru pertsonaiengan azaleratzen (edo sakonago egiten) dituen zauriak eta barne gatazkak dira. Galduta bizi diren pertsonaiak dira hirurak, arrastaka zerbaiten bila dabiltzan arima herrariak: “(Lope) galduta dabil, duela bi urtetik hona. Aita bizirik zela eta etxera zetorrela jakin zuenetik hona, Luis Otegiren hilketaren lekuko izan zenetik hona. Galduta dabil, inguruan zuena galdu egin baitzaio, erori egin baitzaio, harea poltsiko zulotik behera bezala. Aita, Luis, Miranda, Veronika…”. Atentatua gertatu eta bi urtera, nobelako hiru pertsonaia nagusiak gurutzatu egiten dira.
Nobela honi eginiko Jon Kortazarren kritikari ez zaio arrazoirik falta nobelak hiru ildo nagusi dituela esaten duenean. Ildo metafisikoa batetik, nobela minari, oroimenari edo bizitzari buruz gogoeta egin eta eginarazteko aitzakia bihurtzen baita. Ildo lirikoa bestetik, idazketan estilo landu eta poetikoaren aldeko hautu kontzientea egin baitu Juaristik. Eta ildo psikologikoa azkenik, pertsonaien barne gatazkak azaltzeko ezinbesteko bihurtzen baita pertsonaia bakoitzaren barne eraketa sakona.
Ez da gaua begietara etortzen liburuak egitura narratibo trinkoa du. Pertsonaia bakoitzari eskainitako hiru kapituluk mugatzen dute eleberria, eta kapitulu bakoitza amets batekin hasten da. Paragrafo luze bezain sakonak elkarrizketa motz bezain sakonekin korapilatzen dira. Esan dezakegu ekintzak eta gertaerak jazotzen diren hari narratiboaren gainean hari metafisiko bezain metaforikoa ehuntzen duela idazleak. Horren adibide dira Lope protagonistak Amezketarekin, hutsaren filosofo gisa agertzen den pertsonaiarekin, etengabe izaten dituen barne elkarrizketa gogoetatsuak. Irakurketa pausatua eskatzen duen estilo baten aurrean aurkituko du irakurleak bere burua, atentatuaz gain gertaera gutxi pilatzen direlako. Eta nago, ustez eta itxuraz kontaketa inora ez daramaten dibagazio metaforiko bezain erretorikoek sarritan ez ote duten nobelaren irakurketa gehiegi moteltzen, nahiz eta gisa horretako pasarte batzuk guztiz interesgarriak izan. Egia da, ordea, nobelako hari narratiboak irakurlearen jakin-minari eustea lortzen duela. Hala ere, nire irakurketaren nondik norakoa liburuko esaldi batean laburbiltzen dela esango nuke: ez gustagarriegia, baina ezta arbuiagarria ere.
Liburua irakurri ostean, ordea, galdera batzuk etorri zaizkit. Gatazkaren literaturaz hainbeste hitz egiten den sasoian, zerk egiten du nobela bat politiko? Idazketa konprometituak, idazleak aukeraturiko gertaerek eta gai jakinek, ala zerk? Esan bezala, idazleak nobela ez dela politikoa babestu eta atentatuaren gertaera sinesgarritasuna lortzeko girotze ariketa bat dela adierazi baitu. Eta neurri batean egia da, eleberria ez baita politikoa zentzu hertsienean, baina iruditzen zait irakurlearengan gehiago eragiteko politika erabili egiten dela (adibidez, atentatuan hiltzaileak Lope ezagutu egiten du, hitz batzuk esaten dizkio). Gure auzi horrek sortzen duen erakarmenaz baliatuta, iruditzen zait gatazka amu gisa erabili dela nobelako zenbait pasartetan.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi