« Woody Woody | Gauaren musika »
Satanen seme / Charles Bukowski (Mikel Olano) / Elkar, 2007
Zakarrontzietako altxor bat Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-01-13
Rilke poeta alemaniarrari gogoa menderatu zion, harako 1914 urte hartan, txakur baten larruan sartzeko premiak; txakur izaera lortu nahi, bai, baina mintzamena galdu gabe, txakur erraietatik lan artistikoaren gailurrera heltzeko asmoz. Bukowski, Rilkeren antipodetan egonda ere, txakur poeta dugu, kale-txakur jipoitua, bere esperientziekin bete egin zuena lan literario osoa: poesiak, ipuinak eta nobelak; Satanen seme ipuin bilduma hau lekuko. Ezagutzen genituen Bukowskiren poema antologia bat eta Pulp nobela, Josu Lartategik 1997 eta 2002an euskaraz jarriak. Orain, berriz, Mikel Olano leitzarrarekin gaude zorretan.
Lan menperatzaileaz gogaituriko idazlea, mozkortia, putazalea, drogazalea, matxista, joko-apustularia, alderraia, idazle ankerra…, bazter literaturako topiko guztiak, underground arteko topiko guztiak, betetzen ditu Bukowskik, hala bere bizitzan nola obran eta idazkeran. Bazter mundu horretako bere eskarmentuak ditu beti hizpide: jipoituriko kale-txakurra kontari. Kontari hutsa, ez erruki ez deus eske, zakarrontziz zakarrontzi alderrai dabilena sinpleki, bere bizimoduaren premien norabidean.
Madarikatuen mendekua ipuinak Brueghel Zaharraren koadro baten antza du, Los Angelesko Broadway kalean zehar zinemarako jarria mugimenduan; bilduma bere osoan friso halako bat da, Bosch eta enparauen margolanez irudiztatua, agerian jarriz eredu amerikarrak bultzaturiko bizimoduaren alderik baztertuenak; baina flandestar zahar haiengan ez bezala, inolako asmo moralizatzailerik ez dago Bukowskirengan. Idazleak pintatzen duen errealitatea bera dugu kritiko. Errealismo zikina deitu zaio idazle honek gailurrera eraman duen eskola horri, baina errealismo zinikoa ere dei diezaiokegu: hor duzu Bukowskiren koadro biziduna, ez eskatu kontuak egileari, atera ezazu zuk zeuk iritzi kritikoa… horren beharrik baldin baduzu.
Ez omen du filosofiarik bere obraren atzetik. Existentzialismoaz galdetu ziotenean, “Sartreren puzkerra” zela erran zuen; eta haren filosofiaz galde, unean uneko kontatu guraren arabera kontatzen zuela bertzerik gabe, zuzen-zuzen, biluzian. Irakurleak galde egiten dio bere buruari zergatik, zertarako, idatziko ote zuen horrelako tipo batek. Bada, Aski eroa ipuinean, honelako erantzuna ematen du protagonistak, berau fikzioan Suizidaren kantak nobelaren egile: “Idazle handiak sortarazten dituena zera da: sufrimenduari ihes egitea”; bertze ipuin batzuetan, euren buruaz bertze egin zuten idazle batzuk, madarikatuak edo arrakastatsuak, aipatzen ditu. Bukowski, aldiz, edadetua hil zen 1992an, berez, ez depresioak ez bere bizioen ondorioek hilda. Litekeena da pentsatzea, alkohol, tabako, bertzelako droga, puta eta joko-apustu zaletasunak adina indar izan zutela zinismoak eta idazteko grinak, “sufrimenduari ihes egite” horretan. Argi dirudi: bere senean bizirauteko idazten zuen.
Ez metaforarik, ez lirikarik, ez erretorikarik, ez paisaia edo gogo aldarte deskripziorik (agertokiak eta giroa kontakizunera egokitzeko doi-doi beharrezkoa denetik aparte), ez adjektibo sailik…, idazkera biluz-biluzia, apaindurarik gabea, zuzen-zuzen helmugari so, elkar eta barne-bakarrizketaz jositako narrazioak, erramolde sinpleak baina adierazkorrak, giro eta pertsonaiei dagokien hizkera arrunta (non, logikoki, giro jakin batean baizik ulertu ezin daitezkeen zenbait hitz joko edo erreferentzia agertzen baitira): estilo soil-soilari pertsonaien arteko harremanek eta egoera desberdinek ematen dizkiote, bikain eman ere, erritmoa eta tentsioa. Erritmoaren eta tentsioaren kudeaketan, bai eta batik bat bere errealitatea erakusteko hartu duen ikuspuntuan ere, dago idazle dohaintsu honen eskua. Baina bat jartzekotan, errepikakorrak suertatuko zaizkio agian irakurleari narrazio-erregistroak eta hainbat ipuinetako egoerak.
Rilkek lortu izan balu txakur haren baitan sartzea, mutu gelditu eta hil izan zatekeen koitadua, Duinoren eresiak eta Sonetoak Orfeori sortu gabe. Bukowskik, kale-txakurra berau, zabortegietan aurkitu zuen, eta guri eskaini, hezur-altxor hau.
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Jon Jimenez
Reset
Aitziber Etxeberria
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Jose Luis Padron
Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza
Jon Jimenez
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Hasier Rekondo
Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban
Mikel Asurmendi
Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz
Gorka Bereziartua Mitxelena
Juana
Jon Artano Izeta
Mikel Asurmendi
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Jon Jimenez
Simulakro bat
Leire Ugadi
Maddi Galdos Areta
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Ibon Egaña
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Paloma Rodriguez-Miñambres
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Mikel Asurmendi
Turismo hutsala
Fito Rodriguez
Asel Luzarraga