kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Ibrahim jauna eta Koranaren loreak / Eric Emmanuel Schmitt (Patxi Zubizarreta) / Erein, 2006

Neke-pozak, handitzean Inma Errea / Eizie.org, 2006-05-17

Gaien nahasketa benetan bitxia, Bruselan bizi den Eric Emmanuel Schmitt idazle frantziarrak istorio honetan proposatzen diguna. Hirurogeiko hamarkadan Parisen nerabetasunaren atarira iristen ari dela, Moises mutiko juduak helduen munduko hainbat konturi egin beharko dio aurre, tupustean, samurretik gutxi duten afera zenbaiti alegia, hala nola familiaren baitako gorabeherei eta abandonuari edota erlijio- zein arraza-arazo beti konprenigaitzei, bai eta adin horretan bereziki erakargarri diren amodioaren eta sexuaren inguruko sekretuei ere.

“Hamaika urtetan, txerritxoa apurtu, eta putetara joan nintzen”. Hauxe da istorioari hasiera ematen dion esaldia, eta Patxi Zubizarreta istorio honen itzultzaileak liburuaren Hitzatzean ongi dioen bezala, horrela hasten den kontakizuna gordina eta errealista baino ezin da izan.

Eta hala da, zinez, nahiz istorioan barna abiatu ahala konturatzen garen kontakizunaren errealismoak eta gordintasunak beste ustekabe batzuk dituztela gorderik haien baitan, sorpresa harrigarri eta atseginagoak.

Gezurra badirudi ere, txikitan amak eta nerabezarora iristean aitak abandonatutako Moises gaztearen istorioak baikortasunari egiten dio omena, jendearen bizirauteko ahalmenari. Gazteak Ibrahim auzoko arabiar dendariaren gidaritza eskuratuko du, baina haren irakasbideak adina gazteak berezko ezaugarri duen burujabe izateko adorea makulu harturik heldutasunera daraman bideari ekinen dio. Norbere bidea egitea, patua norbere eskuetan hartzea, eta bidaiatzea bera, bizitzaren metafora gisara, dira istorioaren ardatzetako bi, baina horiekin batera beste hainbat gai jorratzen ditu egileak, kasu baterako, umore onaren balioa, kultura anitzetan hain funtsezko den gidari helduaren irudia edota pertsona maitatuengandik bereizi beharra. Nerabeei zuzendua den liburu honetan ez dira falta ukitu filosofikoak, eta horietan erlijiozko printzipioen arrastoak ere ageri dira, baina oso modu lauso eta irekian, batere ortodoxiarik gabe, eta beti ironia kontrapuntu dutela.

Biziki deigarriak dira, bestalde, egileak idaztean erakutsitako estiloaren freskotasuna eta erabilitako adierazpenen originaltasuna. Umore tantek kontakizuna zipriztintzen dute, esaldirik arruntena distiraraziz. Eta hori pasarte tristeenetan eskertzen da bereziki. Izan ere, egileak halako erritmo berezi bat ezartzea lortzen du, halako oreka bat, kontatutako jazoeren krudeltasunaren eta adierazpide umoretsuen artean.

Itzultzaileak ere, gazteei zuzendutako ipuin ugari argitaraturik dituen Patxi Zubizarreta idazleak, norabide berean egin du, eta euskara fresko eta erregistro ugarikoa erabili du, liburuak hartzaile dituen gazteendako aproposa. Hitzaurrea beharrean, hitzatzea paratu dio Zubizarretak ipuinari, eta erabaki egokia izan da hori, irakurleak, lehenik kontakizunaren lilurak harrapatuta, segituan jo baitezake Eric Emmanuel Schmitt idazlearen eta horren obren inguruko zertzeladen berri jakitera, lilurak piztutako jakin-mina asetze aldera.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak