kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Chevrolet tropikala / Rafa Egiguren / Susa, 2007

Katramila tropikalak Beñat Sarasola / Berria, 2007-10-21

Rafa Egigurenek asteburu libre bat profitatuz hamaka batean botata eta ron apur bat eskura (ez-ez, ez da edanaren apologia, metafora kaskar bat baizik) irakurtzeko nobela idatzi digu. Kuban kokatu baitu Egigurenek bere bigarren nobela hau, baina herri hau azaltzen den nobela askotan ez bezala, Kubako —eta bereziki Habanako— giroa irakurlearengan erraietaraino sartzea lortu du: karriketako kolorea (muralak), bero sapa, kubatarren etorria, makina “zaharkituak”… Izatez, uste dut horixe dela nobelaren lorpen handienetakoa; nobela amaitu ostean garbi geratzen da-eta istorio hau ezingo litzatekeela jazo, demagun, Tokion edo Los Angelesen; Habana hiria bera, nolabait, narrazioaren osaeran funtsezko elementuetako bat da.

Nolanahi ere, honek ez du esan nahi Chevrolet tropikala Habanaren gida-turistiko nobelatu bat denik, ezta hurrik eman ere. Bertan, Migel Salaberria iruindarrak Kubara egiten duen bidaiaren nondik norakoak kontatzen zaizkigu. Esku hutsik joaten da ia Karibera, han kontakturik izan gabe, lanposturik lotu gabe, hilabeterako baimenarekin baino ez —sei hilabete eman nahi ditu irlan— eta abar. Hasi-hasieratik, ostera, kubatarren “berezko” jatortasun eta abegitasun horrekin egingo du topo eta badirudi Migeli gauzak argitzen joaten zaizkiola. Hau guztia, jakina, hasierako ustea baino ez da izango, eta ezarian balizko abegitasun horren atzean dagoen ustelkeria deskubritzen joango da. Horrela, hasierako halako normaltasun batetik amaierako katramiletarainoko igarobidea kontatzen da. Aldaketa bortitzik gabe, igarobide hau pixkanaka gauzatzen da, irakurlea halako seinale susmagarriak jasotzen joango da, amaieran ebazten ahalko dituenak. Seinale horiek zenbaitetan ez zaizkit iruditu aski kitzikagarriak irakurlearengan jakin-mina piztu eta amaierako soluziora lotzeko, alegia, inpresioa dut ez dela guztiz lortzen tentsio nahikoa pilatzea beregan. Suspenseko kontaketa estandarren elementu ugari dituen nobela baita honakoa, nahiz eta egia den orobat ez dela hertsiki suspensezko nobela edo thriller-a.

Era berean, arestian iradoki bezala, Kuba eta kubatarren inguruko topiko ugari hausten dira kontaketan; baina interesgarriena dena zera da, ikuspuntu hau ez dela kanpotikakoa, ez dago gurasokeriarik. Kritika hau bikainki artikulatzen duen pertsonaia Arsenio da; iraultzarekin hertsiki konprometiturik, baina aldi berean konformagaitza, bere herrian ikusten duen ustelkeriaren salatzaile, zeren…

“Hasen falta muchos pequeños cambios para sostener uno grande”. Aipatzekoa baita, halaber, kubatarren dialogoak bertako gazteleraz idatzirik daudena. Dudarik gabe, zail egiten da pentsatzen nola itzuli “Estoy hasta la crica de tanto pendeho” bezalako esaldiak, mintzaira horren grazia galdu gabe. Baina kontua dirudien baino konplexuagoa da, zenbaitetan narrazioan nolabaiteko distortsioak eragin ditzakeelako. Narratzaileak, protagonistari egiten dionean erreferentzia, —euskaraz— “Migel” hitza erabiltzen du; kubatarrek hitz egiten dutenean —gazteleraz—, ordea, “Miguel” erabiltzen dute. Kubatarrek diotena zeharka ematen duenean aditzera, itzulita ematen du. Esate baterako, “aldi onari atzaparka lotu behar gatzaizkiola oroitarazi zion solaskideak” dio, baina garbi dago hitz horiek ez zituela solaskide kubatarrak erabiliko. Hau da, kasu hau froga garbia da funtsean zeinen zaila den dialogoa eta narrazioa arazki bereiztea, maiz dialogoa narrazioan txertaturik dagoelako eta alderantziz. Egoera honetan lan nekeza da koherenteki jokatzea, eta egileari kontraesan horiek onartu beste erremediorik ez zaio geratu, kubatarren hizkuntza berezi horren adierazkortasunaren mesedetan.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak