kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Zirrikituak / Aintzane Galardi / Euskaltzaindia-BBK, 2007

Munduari bira Jon Kortazar / El País, 2007-10-22

2006. urteko BBK-Euskaltzaindia Saria irabazi zuen Aintzane Galardi Portuk (Oihartzun, 1969) Zirrikituak lanarekin. Urte bi lehenago ere Sari bera eskuratu zuen, dirudienez lantzen duen estetika oso deigarria zaie epaimahaikoei, eta dirudienez ez soilik mahai horretakoei. Beste sari bat eskuratzekotan izan zen liburua bera. Pena da baina, plaza bakar batean agertzea Galardiren lana, zeren poetak badu ahots berezi bat eta mereziko luke duen baino oihartzun handiago izatea.

Galardiren poesia kulturalista da, ni-aren begietatik ikusten du mundua, eta sinbolismoaren bideetatik dabil bere espresio mundua. Zirrikituak poetika bati begiratzeko moduak eta begiak dira. Liburuak, eta hauxe da bere lehen ezaugarria, batasun-hari sendoa erakusten du. Grezia klasikoko munduak zabaltzen du eta Ekialdeak bukatu. Artean beste zirrikitu bi zabaltzen dira: bata sentikortasunerantz eta bestea hego odolduetara, munduaren orratzaren lau norabideak marraztuz.

Poema bakoitzaren buruan aipamen bat jartzeko ohitura du Galardik eta aipuak poemaren norabidea markatzen du, eta bere osotasunean hartuz bere irakurketa zabalen berri ematen dute, norabide askoko munduari bira emateko orduan lagungarri gertatzen diren mugarri gisa jarriak dira hor. Noiz edo noiz José María Alvarez, poeta etorri zait gogora liburua irakurtzeko orduan, aipua poemaren materiala ere badelako, ezin delako poema irakurri aipu hori kontuan hartu gabe. Sentikortasunarekin batera espresio fin bat mantentzen du Galardik, eta ezin da esan bere poesiak ez duela indar finik, ikuskera pertsonalaren matazan.

Hitza eta irudia batzea maite du poetak. Batetik ohi bezalako poema bisualak ematen ditu argitara, bere joko tipografikoekin poemaren irudiak sortzen dituztela. Baina, gainera, pintura eta poesia, edo fotografia eta poesia batera ematen ditu orrialdean eta poema-liburu hau ezin da ulertu poetak jarri dizkion irudiak kontuan hartu gabe.

Bidea, agian, ez da berezia, baina oso modu pertsonalez egiten du poesia Zirrikituak liburuan Aintzane Galardik.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak