kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Iturrino Handia / Hasier Etxeberria / Susa, 2007

Alua mundua! Aritz Galarraga / Gara, 2007-10-20

Berandu gabiltza, egia da, baina bada berandu nahiago duenik sekula baino. Hilabete askotxo behar izan ditugu Iturrino Handia liburuak hartzen dituen 121 orrialdeak irakurtzeko, gehiegi. Barkamenik ez dugu, baina literaturarekiko zorrak ere zor direnez, hemen doaz Hasier Etxeberriaren azken literatur lanaren harira esan beharrekoak diren kontu gutxi batzuk.

Hasteko, eta izenburuak argi uzten duen gisan, Iturrino Handia-ren aipamena egin behar. Orson Welles-ek esan ohi zuenez, inoizko magorik handienetakoa zen The Great Iturrino, pertsona bat hiru zatitan egiten duen kaxaren asmatzailea: “burua alde batera, oinak bestera eta enborra hirugarrenera”. Cosme Iturrino da, fikziozko Cosme Iturrino, liburu honetako protagonista nagusia, zalantzarik gabe izarra, proiektore guztiak beretzat dituen pertsonaia. Bere hitzak jasotzen dituen kazetari-elkarrizketatzaile mutua, solaskide hitzik gabea, Etxeberria bera litzateke (“telebistako hamalautxo”, “zenbat dituzu gaurgero? berrogeita hamar aurki?”). Eta kalakaren erdian, Josetxo Plasma, John Huston, Anne eta Belle gorputz bakarreko bi emakumeak, Oja Kodar, Don Valentin apaiza edota Orson Welles bera, hondo-irudi bakarraren pieza ugariak. Fikziozkoak nahiz errealitatean existitu direnak. Baina nagusitasun ia erabatekoa Iturrinoren gorabeherek dute, bizitza oso eta bizi baten herrenek.

Liburuari egin zaizkion kritiken artean irakurri dut Iturrinoren joan-etorriak sinesteko lanak izan dituztela batzuek, orriotan kontatu direnak errealitatetik oso urrun geratzen omen direla. Eta, arrazoirik ez zaie falta iritzi horiei, baina esango nuke lan literario baten egiantzekotasuna ez dela errealitatearekin duen aldearekin edo gertutasunarekin neurtzen, barne egitura koherentearen arabera baizik. Literatura fantastikoa bestela, ez ote da sinesgarri? Zentzu horretan, Etxeberriak Iturrino pertsonaia nagusia ongi baino hobeki egituratu duela iruditzen zait, baita bigarren mailako pertsonaiak ere (Plasma tabernaria, urrun joan gabe). Gainera, oroitzapenak berritzean (are adineko jendeak), ez ote ditugu gauzak hanpatzen, gauzak asmatzen, izan zirenak baino potoloago egiten? Alde horretatik, behintzat, kontakizunarekin bat datoz bete-betean Cosme Iturrino John Hustonekin arrantza egiten imajinatzea, bai eta Oja Kodarren gidaritzapean egindako ustezko giza haragi jana ere.

Literaturak periferia maite duenetik Cosme Iturrino eta antzeko pertsonaiak ugaritu egin dira, baita postmoderno izatera jolasten den gurea bezalako literatura batean. Iturrino Handia-k gertu du adinekoaren bakarrizketa, hasierako orri kaotikoetan batez ere. Eta Iturrinori arrazoia ematea besterik ez zaigu geratzen, zera esaten duenean: “zer kontatzen didazun baino, nola kontatzen didazun da garrantzizkoagoa”. Horrexegatik, kontaketa linealik gabe, etengabeko atzera-aurrerakoekin, istorio baten hari solteak josi beharko ditugu, agure baten hitz-aspertua jarraitzen ariko bagina bezala.

Liburuan zehar Iturrino zaharrak errepikatzen duen esapiderik bada, hori “alua mundua” genuke, behin eta berriro erabiltzen duen esaera. Eta arrazoi du beste behin, alua baita mundu hau, benetan zakila, Iturrino bera, jende garrantzitsu askoarekin bekoz beko ibilitakoa, clochard, homeless, eskale itxurako agurea baita orain. Bizitzaren ankerkeria agerian utzi baitigu Etxeberriaren liburu honek. Eta hala ere, magiaz beterikoa da, pertsonaia maitagarri eta karismadun hauxe aurkezten diguna, irakurleak, zalantzarik gabe, gozatuko duena.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak