kritiken hemeroteka

8.376 kritika

« | »

Barne ibilerak / Luis Maria Mujika / Hiria, 2001

Barne ibilerak Pello Otxoteko / Egan, 2001-09

Lirika arloan, urte batzuk bere aztarnarik izan gabe pasa ditugunean, berriro ere datorkigu Luis Mari Mujika lan berri batekin. Azken urteetako uzta oparoa, sei poema liburu, “Barne Ibilerak” izeneko bilduman aurkezten digu. Bilduma honetan, hain zuzen ere, 1985. urtetik 1996. urtera bitartean eginiko poema guztiak aurkituko ditugu sei liburutan banatuta.

Luis Mari Mujika ez da hasiberria zeregin honetan. Aspaldian poesia izan da bere espresio biderik oparoena. Beregan sortzetikoa duen joera hau, oraingoan elementu gogoetatsuekin datorkigu, jakituriak ematen duen begirada pausakor eta izpiritu baretuaz.

Ibilbide luzea egin digu Mujikak bere hasierako une haietatlk. Berak utzitako lorratzean estilo eta norabide anitzak nabariak dira. Sinbolismoa maite zuen hasierako urteetan, poesia soziala ere landu du eta tarteka-marteka surrealismoaren belazean txango jori bezain interesgarriak egin ditu. Baina azken aldi honetan, existentzialismo sakon eta indartsuan murgildurik ageri zaigu. Metaforak eta hitz jokoak maite dituen poeta, ez da batere kikildu poesia kontzeptualaren estrata malkartsuetan barrena abiatzeko.

Lehenengo liburuan poema existentzialak nagusi dira. Bizi-beharrak daraman garrasia klarki nabari zaio poetari. Gaiak errekurrenteak dira: patua, heriotza, halabeharra, etorkizunaren ziurgabetasuna,… Baina konstantea beti tonuaren kutsu existentzial garratza da, Unamunoren “Del sentimiento trágico de la vida” dakarkigu gogora bere poemen lerro askotan. Etsipenaren ideia argiro begi-bistakoa da poetaren barne elkarrizketa etengabean, eta bizitzaren zentzurik eza azaleratzen da bere sentimenduetan “jaiotzaren etsipena” aldarrikatuz, Cioran berbera ariko balitzaigu bezala. Hau guzti honen adibidea:

“Hortzak hetsita ta ukabilak estu
dagit etengabe borroka gaitza,
egun dudana bihar ez balitza
ene patuak ez luke etsimendu.”

Hemen amorrua eta ez-onartze sentimendua ederki suma dezakegu. Edota beste hau:

“Existentziaren harietara jaitsiko naiz,
izanaren kiribiloetan nahasiko,
bizia, laua orden, matazatsua da,
zeharbidetan ibilki bizi-beharrari
maratila berriak jotzen nabil,
behin jaiota ezin gibelerako bidea egin.”

Espresiobide gisara adiera bisemikoak eta sinestesiak maiz aurkituko ditugu. Era berean, ebokazio somatikoak barne-mindura adierazteko eta kontrarioen arteko dialektika adierazpen tresna modura erabiliko du. Hala ere, negatibotasunaren gandua atal honetako prismaren beira ilunduko duen arren, naturan eta beronen kontenplazioan salbamenarentzako bide bat egon daitekeela ikusiko du.

Bigarren poema liburua, Blas de Oterori eskainia da. Hau ere garbiro existentzialista da baina beste tonu batean. Aire filosofiko eta teologikoa lerro bakoitzaren zirrikituetatik lurrintzen da. Gogoetak nagusi dira, eta aurrekoaren jarraiera logiko bezala iristen zaigu. Itaun edo zalantza joerak nabariagoak dira, gure aurrean azaltzen zalgunari helburu edota zentzua bilatu nahirik. Horrelako lerroak ediren ditzakegu:

“Bizia ederra da
baina susmo absurdoetan jalgitzen da
nora joan ez dakien trenaren antzean,”

Eta horrelakoak:

“…
‘Suntsi ezazu gogoeta oro
hutsunera amil zintezke eta’,
baina hik egiari bere gunea eskaini nahi diok.”

Edota honelako galde-erantzun labur bezaln sakonak, erritmoz eta musikalitatez beteak:

“Ene nekea
Herri gaitz honen bakea.
Ene etsipena?
Oraindik lotu ez dena.
Ene antsia?
Amestu dudan guztia.”

“Biraolariaren otoitza” bezalako poema indartsuak ere topa ditzakegu:

“Ez zaitut ulertzen hor gurutzean
izan nahirik arima-erosle
—zure graziak zertara datozte?—,
salba gura nauzu derrigorrean.

Errezo bortitza dut ezpainetan:
‘Arren, utz nazazu izaten libre
—aberats ordez jarraitzea pobre—
beti nire ezaren jabe naitean…’.

Arimak ez du izan nahi nerabe,
norberea atzi —besteena ukatu—,
nahiz gertatu norberentzat kalte.

Bai, nirea laga —zurea hartuz—
aberatsagoa izan naiteke,
ta, hala ere, nik ez horren damu.”

Bilduma hau osatzen duen hirugarren liburuan antitesiak sarri nabarmenduko dira sakoneko kontzeptuekin dialektika berezia sortuz (ezereza/osotasuna, hutsa/betea, izana/ezizana, bizitza/heriotza, e.a.), modu honetan esparru teologiko eta filosofikoa lantzen ditu aurrekoa legez gai gogorrak jorratuz: iragana, izatea, heriotza, existentzia,… Horretaz gain, edertasuna goraipatzeko ere abaguneak baditu.

Bide-gurutzea —hirugarren poema liburu honi izenburua ematen dion hitz gakoa— eta bide-gurutzearen zalantza baieztatzera iristen da:

“Ez zait axola hutsaltasuna,
hirietako metro, estrata,
eskaparate, dendetan
lehiatuko naiz gauzen ahultasuna maitatzen.
Poeta gauzen hurbilean bizi da,
Ezagutzen ditu hutsuneak
—baina leihoak irekitzen ditu
ortzimuga hedatuagoak bilatuz—.”

Eta aurrerago ere, bide-gurutze zalantzakor horren garrantzia azpimarratzen du. Efimeroaren eta hutsaltasunaren halabeharra identitatea osatzeko, eta modu honetan, infinituaren eta eternoaren ezkaratza begiz jotzeko.

Hutsa/osoa, ezkortasuna/baikortasuna, ahanztura/oroimena, hitz jokoak edonon, bitasuna, eta bien elkar topoa dialektika gisa erabilia:

“Itzulerak egin behar ditut
ezkortasunetik baikortasunera,
eza hitz altuz, konfiantzaz
—aldi iheskorra
unearen betirauneaz—
estali behar irudi fidakaitzen haraindi,
eraikuntza osoa lortu
ahanztura ahuletatik harantz.
Istant hutsalari argazkia ateratzea
izana garatzea da,
ingurunearen poesia landatzea da.”

Hutsa, hutsunea eta tarte-gunea gisako kontzeptuak esplizitoki zein inplizituki azaldu ohi dira:

“Oroarekin amets egin
eta huts izan,
ezarekin amets egin
eta osoarekin topatu
—orain sumatzen dut eza oroa zela,
eta osos hutsa—.
Horrela nabilazu ezarekin zamaturik,
osoa hutsez betea zeharo…”

Eta ostarte betegarriak, lerro sakonak, Mujikak aldika eskaintzen dizkigunak:

“Errautsak?
Horiek ez-oharkizunak dira.
Arratsari lainoak kendu dizkiot,
Berriro ortzia garden jarri da,
biluts bilakatu
gauaren katilura isuriko den oro;
itzalaren beste aldera
liluraren beroa-behatuaren misterioa—,
izana ez dago alargun,
gauza batek bestea alboan,
eta denak eskutik
kantu berri eginda.
Gauzakiak ganaren bestaldera irauli dira.”

Aurreko lerroak poema baten bukaerakoak dira. Dudarik gabe, galdera indartsuen uhinetan zabunkaturik hausnarketa sakonetara bultzatzen gaitu, eta sor dakiguken barne-zirrara ez litzateke izpiritualtasun mistiko baten sentimenduetatik oso urrun egongo. Zenbait lerrotan gainera, José Ángel Valenteren antzeko ñabardurak topa ditzakegu. Nire ustez, oso eskergarriak barne-izatearen astinketa eragiteko.

Ezagumena, logosa eta arrazoia arrago berezian biltzen ditu:

“Ezagumena soinean,
gauza guztiak erasoz,
ene zentzuak erroan
hitzez lehertzera datoz.”

Ahurretan hau dena uztarturik ondorio hauetara eramaten gaitu, alegia, “Sentio ergo sum” izeneko poemara, kontzeptuen aldetik, liburuan aurkitzen den poema interesgarrienetakoa baita, eta Descartes-en cogito-a zalantzan jartzera ere iristen delarik. Eta ez zaio arrazoirik falta, izan ere, gai filosofiko sakona den hau, hots, pentsamendu elektroniko edo birtuala gizatiarra den ala ez, eta gaur egun puri-purian eztabaidagai dena, lerro batzuetan zirriborratzen digu. Brian Aldiss eta Philip K. Dick-en ametsak bertan behera uzten ditu, eta Wittgenstein berbera bailitzan logosa eta arrazoia arbuiatzen ditu (“arrazoia ez da bidea/ deus biltzeko taiuz.”). Modu honetan, errealitatea atxikitzeko gizakiarenak propio diren eta arrazoietik at dauden pertzeptziorako beste baliabideak goraipatuz. Turing-en planteamendu guztiak deuseztu egiten ditu sentimenei leku pribllegiatua emanez eta sentimenduak izatearen ohorezko aulkian jarriaz, alegia, izateko nahitaezkoa baita sentitzea. Are gehiago, Mujikarentzat sentitzea, informazioa jaso eta kudeatzea, hau da, logosa, baina askoz ere conditio beharrezkoagoa da ergo sum ondoriora iristeko. Hausnarketa bikaina arrazoia “Jainko” modura jartzen duen mendebaldeko gizarte teknokratiko honetan.

Sentio ergo sum

“Norantza noake
gauzak ezagutu gurariz,
gauzak ezin gorde
—ezta goza ere—
sentimen ahaltsuez baizik,
zentzuak on dire.

Sentitua hertsi
behar dut —arrazoiaz ezer
ez da atzemangarri—,
eros-a da, baiki,
gizakion zentzunei esker
adimen-oinarri.

Zerbait naiz sentituz,
logosaren bidez, ordea,
jasoa erdi-huts
—edo eta biluz,—
arrazoia ez da bidea
deus biltzeko taiuz.”

Izatea eta existentzia, pentsatzea eta informazioa prozesatzea baino gehiago da eta hala baieztatzen digu “hitzak”, Mujikaren “hitzak”, poetak ezagupenaren garraiatzaile baino sentimenen igortzaile bihurtzen dituenean.

Aldarrikapen honetan Dick-en Nexus-a dirudi bere etorkizunari buruz galdezka. Hemen, poeta ari da izatearen erreplikante modura, naturaren materia berezia bihurtu den izaki honen ezpainetatik unibertsoaren huts handiari eta ezereza zundagaitzari itaunka.

Bildumaren laugarren atala edo poema liburua Nafarroako lurren gorazarrea da. Poema betegarriak eta magikotasunez jantziak dira. Sumatzen da Mujika paisajezalea dela, eta paisajeak bere hitzetan bizi propioa hartzen dutela dirudi. Hauetako batzuek izaera telurikoa dutela esatera ere ausartuko nintzateke, eta tarteka zipriztin bereziak harrapa daitezke, Mujikan joera xamanikoa sortuko bailitzan (Castanedaren lagun ezkutua ote?). Dena den, errealitatearen prismaz, poeta modu intimista baten bidez hurbiltzen zaio naturari, sentiberatasunak ematen duen xalotasuna eta begiradaren tendresse horrekin.

Horrelako lerroak eskaintzen dizkigu:

“Materia mutua da, lurra hutsik dago,
baina hutsak ertzak aseta dauzka.”

Edo holakoak:

“Arrastia odoletan,
eguzkiak urre gorri
(nola ez da erre bertan?),
ortzi guztia oskorri,
niregana heldutako
sua ez bedi hain gori!”
Beste poematan, Whitman ariko balitzaigu sentitzen dugu:

“Arroka behatuz azkengabetasuna,
arbolen arima kantatuz
infinitoaren hatsa atzematen dut,
eta zelai eta alor bakoitzaren distantzian
batasuna lortzen dut
—materiak baitan duen batasun lehendikoa—.”

Bosgarren poema liburua emakumeari kantu bat da. Maitasunari buruzko bariazioak dira ia denak. Maitasunak Minotauro ezezagun baten labirintoan sartzen du poeta, eta zalantzaz jantzirik, ez daki Ariadnaren presentzla labirintoko irteera eskuratuko diona izango den, ala, aitzitlk, Ariadna horrek labirintoaren gunera amilduko duen Minotauro bera den.

Amodioaren bilaketa labirintikoetan, honelako galderak topatzen ditugu:

“Nahiz urrun izan
hitz hauetara
behin heldu zinan,
orduz gerora
ez al zaude nigan,
ausaz, gustura?”

Eta gogoetarako uneak ere bai:

“Amodioaren Jainkoak kapritxo ugari du,
mendiaren kiribiloetan galtzen diren estrata bihurriek
ortzi ekaiztsuan sorpresa dute.”

“…Ametsen oharkabezian
ilusioaren uhartetara igo nintzen
atsegin-une guztiak urte osokoak bailiran
gau bakar baten esparruan atzeman nituen,
denbora lipar batean heldu,
ene existentziaren oroa gau batean bildu.”

Baina gehienak amodioaren goraipamenak dira:

“Zu arrosa bazera
ni lore-adarra,
biok txurten bat-beran
kokatuko gara.”

“Nik hala uste eta
eternitate bat atzeman nahi izan dut
zure ezpainen ederrean,
zure Babel zuriaren sekretua,…”

“Zure bakardadearen ortura sartuta
Jainkosa ebaneszente bezala
alderoka ikusi zintudan”

“Zurekin egon nahi izan nuen
ispiluan atseden hartzen duen imajina bezala,
zure hitz eta mugimendu bakoitza nire aldarte egin,
istantetik harantz zurekin egon,
muga hutsalik ez ezarri amodioari.”

Maitasunaren samina ere poema goxoetan erakutsiko digu:

“Baratze horretan
lore bat zegoen,
galdezka ari nauzu
oraindik bertan den,
baratze horretan
arrosa bat lehen,
jadanik ez eta
samina dut gailen!”

Seigarren eta azken poema liburuak Irun Hiria Saria irabazi zuen 1996. urtean. Poema liburu hau benetan lan sakona da, eta erabat xamurra ez izan arren irakurtzeko ez da oso gogorra egiten. Bere tonuagatik, aldiz, oso hurbila eta atsegina suertatzen zaigu. Aipatzekoa da “Adiskide baten kaskezurrari” poema, zeinak Hamlet-en eszena famatua gogorarazten digun, honela, galdera sakonetan beste bide batzuen bitartez murgiltzen gara; eta era berean, aipatzekoak dira soneto neurritik kanpo (atal honetan gehienak soneto neurrian baitaude) azaltzen diren poemak, hausnarketa interesgarrietara baikaramatzate. Hauetako bat:

“HITZAREN oldea primitiboa da,
iturburu lehenengoetan emana,
kantabehar genesikoetan eraikia.”

Hemen, Hegel ez bezala, Mujikak ez du HITZA “izatearen egoitza” gisara ikusten, izatearen moldatzaile eta iturburu aurrenekoetatik sortutako elementua baizik.

Hitza, hizkuntza eta euskararen aldeko mezuak bestalde, nonahi daude, eta poetak, irtenbide edota askabide gisara ikusi eta sumatzen ditu:

“Poemaren sare onirikoan lotu gura nituzke
hitzak eta haitzak
—hotsak eta hatzak—,
sonetoaren harian iraultza ozen egin
euskarak eskainiriko soin primigenioan.”
Beraz, altxa, esnatu eta abia gaitezen goiari eutsiz. Poetak dioskun modura:

“Egona loaldi lirikotik esnatzen da
oharmena, behingoz, poesia itzul dadin.”

“…Ze poesiak ahalbide nabar eta askeak ditu
ederraz xorginduta dagoenean.”

Luis Mari Mujikaren “Barne Ibilerak” liburuan, osotasuna zedarriztatzen ari den, edo salatzen ari den, poeta idoro dugu. Eta osotasunaren zedarriztatze honetan, poetak bere zentzuak erabiltzen ditu, eta zentzu hauek erreklamatzen ditu bere burua uler, aurki eta koka dezan, ametsetako ez-jakitearen zentzumenak, errealitate hau den amets betean.

Zentzu hauek dena lotzen dute, elkarrekikotasuna eta sinestesia tresna hutsak izateari uzten diote munduaren arnaste adostua diren deskripzio zehatzetan eraldatzeko. Antzekoa zioen Paul Valéry-k: Poeman, gauzak eta izaki ezagunak bere balore eta izaerak aldatzen dute. Batzuei besteen izenez izendatzen zaizkie, musiketan bildurik, erresonante harmonikoetan bihurturik. Unibertso poetikoa, horrela definiturik, analogia anitzak aurkezten ditu ametsaren mundua suposa dezakegun horren bitartez. Eta poetaren zeregina aurkitzen ez den ahots hori, bere burua entzuten ez duen ahots hori, aurkitu eta jasotzean datza. Hau guztia, umiltasun horren iturritik benetako jakituria isurtzen dela konturatuta:

“Voici parler une Sagesse
et sommer cette auguste Voix
qui se connait quant elle somme
n’être plus la voix de personne
tant que des ondes et des bois”

Erabat merezi du liburu hau arretaz begiratzea. Sorpresa gustagarria jasoko duzulakoan nago irakurle. Horretaz gain, Antton Mendizabalek, liburu honetarako espreski eginiko irudiak aurkituko dituzu. Beraz, ikusmena zein gogoeta kitzikatuko dizkizun gozagarriak ageriko zaizkizu liburu honetako orrialdeak zabaltzen dituzunean. Ez dut uste testamentu baten aurrean gaudenik, baina bai ondare sakona utzi nahi duen eta utziko digun bilduma garrantzitsu eta interesgarri baten aurrean.

Azken kritikak

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith

Nagore Fernandez

Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Joxe Aldasoro

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Mikel Asurmendi

Rifqa
Mohammed el-Kurd

Irati Majuelo

Loak ezkutatzen duena
Patxi Zubizarreta

Aiora Sampedro

Gari eta goroldiozko
Anari Alberdi Santesteban

Mikel Asurmendi

Itsaso amniotikoa
Oihane Jaka

Asier Urkiza

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon / Piszifaktoria Ideien Laborategia

Nagore Fernandez

Gurpilak
Eztizen Artola Iturrate

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Hasier Rekondo

Detaile xume bat
Adania Shibli

Irati Majuelo

Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

Hedabideak