« Barne ibilerak | Janariaren poema »
Ez balego beste mundurik / Karlos Linazasoro / Alberdania, 2000
Gurea baino absurdoagoak badirelako Jose Luis Padron / Zabalik, 2001-09-08
Gustu ematen du Karlos Linazasoro irakurtzeak. Dena. Poesia eta prosa, ipuina, eleberria eta artikuluak. Eta oraingo honetan, aipatu ipuin trilogiako bigarren alea izateaz gain lan bikaina ere badelako, gustura baino gusturago ekarriko dugu gogora iaz kaleratu zuen Ez balego beste mundurik narrazio bilduma.
Ez balego beste mundurikek urtebete geroago kaleratuko duen Ipuin errotikoak narrazio bildumaren hitz akordeak ekartzen ditu, eta bigarren horretan, trilogiako hirugarrenean hain zuzen, irudimenaren orkestra beltza prest dago.
Karlos Linazasororen Ez balego beste mundurik (Alberdania, 2000) liburuak halako egokiera paregabea eskaintzen digu bere idazle nerbio-sistemaren antolakuntza neurtu eta erradiografia egiteko. Karlos Linazasorok nola idazten, literatura nola ulertzen, bizitza nola interpretatzen duen ikusi nahi duenari, liburu horrexek erakutsiko dizkio barren-barreneraino bere lumaren bihotzeko egia eta haustura mingarriak.
Hemendik etorri, handik etorri, Karlos Linazasororen liburu honetaraino iritsi beharra dago. Horrelaxe egin behar da, ipuin bilduma horrek azaltzen duen literatur janzkera gutxitan etortzen zaigulako bisitan. Hala eginez gero, Linazasororen eginahala askoz ere hobekiago ulertuko dugu, berehala igarriko diogu, lehen ipuinetatik bertatik, idazle bikain honi zer nolako idazle sustar pozointsua eta aseezina den izatez.
Aurrena, jakina, ideia. Baina Karlos Linazasororen hitzetan, ideia dardarizoa da, goitik behera bibratzen duen egurra, burdina eta kristala. Egurrezko zein burdinazko nahiz kristalezko hitza haragi dardartsua da bere eskuetan. Eta Ez balego beste mundurik liburuan dena dardarka dabil, irakurlea ere bai, oinetatik belarrietaraino dardarizoak menderatua, eta kolpetxo txiki batez —ipuin amaierak—, burrunba amaiezinaz eta nekaezinaz astintzen ditu egileak gure barrenak.
Hemezortzi ipuin proposatu ditu, Zer gerta ere (1996) liburuko narrazioekin anaikidetu daitezkeenak. Ironia zorionez gaiztoa, amorratuaren umore buelta, pentsamenduaren bihotz beroa, surrealismoaren amets hotzak eta giza gertakizun eta patu guztiz tragikoak zorion istorio bat baino errazago onartzeko mirakulu goxoa. Mundu sail ederra.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro