« Giza-gatazkak, gerra-garaian | Gerra poemetan »
Gauzen presentzia / Pablo Sastre / Elkar, 2007
Progresoaren kontra borrokan Beñat Sarasola / Berria, 2007-10-07
Ohituta gaude Elkar-eko Eztabaida saileko liburuak sakon eta interesgarriak izatera, eta zinez, Pablo Sastreren Gauzen presentzia liburua ez da salbuespen.
Sastreren azkena saiakera bat da, urtetan zehar bildutako hausnarketak atondu ostean idatzitako saiakera, izan ere. Bertan mendebaldeko gizartearen ikuspegi kritikoa eskaintzen digu, batez ere progresoaren ideiari dagokionez. Liburu honen bertuterik handiena, baina, bere forma eta estiloa delakoan nago; hizkuntza eta egitura akademiko itxi eta herdoilduetatik urrun, iturri anitzetatik edaten du testuak: saiakerak, bibliografia akademikoa, prentsa, literatura, artea, bizipen pertsonalak… Horrela testu ez-hierarkiko bat osatzea lortu du idazleak, sailkapen zurrunak ekidinez eta halako uholde-idazketa bat erabiliz. Askotariko burutazio eta testu-zatiak bata bestearen jarraian agertzen dira, agerizko loturarik gabe sarritan; baina guztiarekin, Sastrek du irakurketa kaotiko eta korapilatsua ez izatea lortu. Gizartearen kritika hau, gainera, ez du auzi eta ideia orokorretatik abiatuta egiten; alderantziz, gizarteko objektu eta gauza xumeenak dira bere argudiaketaren abiapuntu. Annales eskolak —École des Annales— egindako lanak gogoraraz ditzakeen liburua da honako hau, historiografia tradizionalak aintzat hartu izan dituen gaien —politika, diplomazia, gerra— partez eguneroko beste gaiak hartzen dituelako kontuan. Liburu honekin gauza ugari ikasiko du irakurleak, ez ohiko eskola eta fakultateetan, baina ezta kalean ere ikasten ez direnak, testu sistematiko bat ez izanagatik, zorrotz eta ongi dokumentatua delako. Ikasiko du, adibidez, 1850. urte arte ez zirela asmatu ezker eta eskuin hankentzat zapata diferenteak.
Onartu behar dut, haatik, liburuaren oinarrian dagoen tesiarekin desados nagoela erabat. Progresoaren kritika honetan arruntki idealizaturik azaltzen da industrializazio aurreko aldia. Hitz gutxitan, esan daiteke Sastrek progresoaren ordez regresioa dela proposatzen duena, hots, denborak aurrera egin ahala munduak okerrera egin duela ezinbestean. Kontuak luzerako joko luke, baina iruditzen zait pentsaera hau progresoarena bezain alienantea dela, gizakia historiaren jarraibidera preso uzten duelako halaber, inoiz itzuliko ez den garai baten nostalgiaren gatibu. Iraganaren idealizazio honetan hainbat puntu deigarriak dira. Esaterako, liburuan azaltzen den naturaren kontzepzioa. Natura (egungo) gizakitik eta bere jardunetik erabat bereizten du —mekanizista sutsuenek egiten duten bezalatsu—, eta berekiko erlazioa glorifikatzen du makinarenaren aldean —“makinak zeinahi gauza egin dezake, indarra badu; falta du amodioa”—-. Historiak berak erakusten digu, ordea, objektu industrialekiko maitasuna guztiz dela posible —kontuan izan futurismoa edo pop artea, esate baterako—, sarritan objektu naturalekikoa baino biziagoa izateraino. Beste ideia deigarri batzuk emakumearekin zerikusia dutenak dira. Batetik, liburuan defendatzen da gizarte preindustriala ez zela patriarkala, ideia oso diskutigarria dena. Honekin batera, eta ez kasualitatez, generoen arteko bereizketa esentzialista eta baztertzaile batekin egiten dugu topo —nahiz eta seguru idazlearen intentzioa ez dela hori, baina niri hala iruditzen zait—. Bi generoen eredu hegemonikoan kabitzen ez diren gizabanakoak lekuz kanpo uzten ditu, ez baitu genero bereizketa bitarra zalantzan jartzen, kontrakoa, indartu egiten du emakumetasuna goresten duenean.
Laburbilduz, liburu honetan esaten direnekin ados egon ala ez egon, plazer bat da berau irakurtzea; besteak beste, hausnarketarako eta eztabaidarako bidea irekitzen duelako, bistan denez.
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres