« Aresti, herri eskizofreniaren exponentea | Inguruaren arduraz »
Etiopia / Bernardo Atxaga / Pott liburutegia, 1978
Atxagaren “Etiopiaz” zenbait apunte, non adierazten baita literatura ez dela “sentitzen” interpretatzen ez bada Lola / Susa, 1980-04
Bernardo Atxaga pertsonai ezaguna dugu gure artean, nahiz eta bere idazlanak ezagutu eta irakurtzen dituztenak gehiegi ez izan. Badirudi idazle hau ez dela euskal letren inguruko mundu hertsian sarturik egon; betiere indibidualki jokatu du, zirkulu horretatik kanpo. Horregatik beharbada, bere idazlanek ez dute izan berez merezi duten aipamena.
“Etiopia” izan da argitaratu duen azken liburua (1978.ean); egia esan harriduraz aurkitu dugu obra hau, benetako poeta baten aurrean gaudenaz konturatu baikara. Idazlan hau, Atxagaren linea pertsonalean kokatzen da erabat; bere prozesu literarioari jarraituz, “Ziutateaz”-etik datorkigu, aurreko obra honek markatzen zituen pausuak gehiago definituz eta sendotuz.
Harriduraz (lehen esandakoagatik) eta atseginez irakurri dugu “Etiopia”, eta esan behar atsegin hori ez datorkigula, irakurtzerakoan bihotzean ukitu eta sentitu dugulako bakarrik, bada beste arrazoirik: liburu hau ulertu edo interpretatu egin behar da kontzienteki, eta orduan iritsi daiteke irakurlea poetak benetan esan nahi duena sentitu eta dastatzera (1). Poesiaren atzean unibertso zabal eta esanguratsua aurkitzen baita, eta hori deskubritzea da irakurlearentzat sorpresarik atseginena. Liburua horretarako dago, interpretazio kontziente bat saia dezake horretarako umorez dagoen edonork, obra ireki bat denez gero.
Liburu osoak badu gainera berezko izaera, esan nahi dugu osotasunean hartu beharrekoa dela. Atxagak egin duena ez da poesia eta narrazio bilduma huts bat, eta horregatik egitura bera ez da gratuitoa, ondo pentsatu eta landu ondoren eginiko egituraketa baizik —berak sarreran esaten duenez “artisau moduan” eginiko líburua da—. Poema eta narrazio guztiek berezko esanahirik badute ere, besteekin batera, liburuaren osotasunean hartzen dute adierazkortasunik handiena. Hain zuzen ere egileak bere burua behartuta ikusi du liburuaren giltza ematera, egitura hori irekiko duen klabea, modu honetan osotasun hori aditzera ematen digularik. Azken batetan, idazlearen aldetik komunikaziorako gogoa eta beharra nabarmentzen da; ez du nahi bere poesia-munduaren atea itxita gerta dadin.
Giltza edo klabe hau hasierako idazlanetan ematen digu: lehenengoan, “Kain, Abel” izenekoan alegia, Kainen izaera eta bizimodua azalduz gero, bat egiten da berarekin. “…hauxe da hain zuzen ere gure fede artikulu bakarra” esaten digu historiatxo hau bukatzerakoan. Kainen jatorrikoen artean kokatzen du bere burua; Kain “apatrida” bat zen, Abel “eguneroko gizona” —obedientziaren sinboloa— hil ondoren. Kainek bere “errebelamenduaren justizia” konprenitu arren, bere bakardadea sufritu behar izan zuen Etiopian, berea ez zen lurralde batetan, paradisutik kanpo. Harrezkero Kainen jatorrikoak paradoxan murgilduriko gizarteak izango dira, “bere eskuz hildako gorputzaren gainean malkoak isuriz” biziko direnak.
Horretara, liburuaren giltza zera da, “aitaren mapa eta plangintzetan segurantzizko lurraldea” utzi duten gizon ororen existentziaren problematika, pertsonai inkonformista eta apatridarena alegia.
Bigarren historiatxoan, Piolet deritzan poetaren bizimodua kontatzen digu; poeta anonimoaren historia da. Pioleten biografia dramatikoa da guztiz, baina Atxagak ironikoki ematen digu. Ironia horrek hunkigarriagoa egiten digu poetak bizi duen ridikulu konstantea, “poesiaren hegal dardara” ukatzen duen gizarte batetan. Piolet ingenuoa da, poeta apasionatu eta amorratu honek, jenio bat dela uste du, harrokeria ingenuo batek darama: “nire estilo nahastezinak galdu nau” esango du amaieran, munduko azken mugetara alde egin beharrean dagoenean.
Baina garbi dago Pioletek, anonimo izanagatik ere, ez duela aski bere poematxoak idazte hutsarekin, ezagutarazi egin behar dizkio jendeari, munduari. Komunikazio eta konprentsioaren beharra sentitzen du, eta hau da bere ezaugarririk nabarmena; edozein gauza egingo du hori lortzeko, nahiz eta anonimoki jokatu behar: bere fama sakrifikatuko du komunikazioa lortzeko.
Piolet, Kainen jatorrikoa bera ere, bakardadean bizi da, paradisutik kanpo, eta nahiz eta bere errebelamendu poetikoa ontzat eman, asko sufritzen du komunikaziorik sortu ezin duenean, alegia, bere poemak, ahalegindu arren, argitaratu ezin dituenean.
Introduzio hauen ondoan, Atxagak bederatzi zirkulu osatzen ditu poesia eta narrazioekin. Hauetako zirkulu bakoitza zita batez hasten da bakoitzaren mamia nolabait adierazi eta mugatu nahian.
Zirkuluen kontzeptua tradizionala da, oso zabala eta aberatsa esanahiari dagokionez. Hasiera batetan kontzeptu astronomikoa zen, unibertsoa bederatzi zirkulutan banatzen zutelarik. Geroago, gizonaren izate mailak ere zirkulutan kokatuak izan ziren: maitasuna, erlïjioa, intelektoa, izate fisikoa… Atxagaren bederatzi zirkuluek kontzeptu horien haria daramate. Guk zirkulu horiek nola irakurri eta interpretatu ditugun adieraziko dugu, nahiz eta pentsatzen dugun interpretazioak infinituak izan daitezkeela.
Lehen bost zirkuluetan eta seigarreneraino mistiko joera batetan jarduten da poeta, gizonaren izate mailei jarraituaz, paradisuaren bila abiatzen dela dirudi.
Lehen zirkuluan negarra azaltzen digu; bizitzaren aurrean negar egiten dutenen jarrera.
Bigarrenean berriz, negar egitearen alferrikotasuna eta erretrasoa azpimarratzen ditu. Negarrari kontrajarriaz, Chesman-en harrizko aurpegia, gogortasuna.
Hirugarren zirkuluan berriz, gizakiaren ingenuitate maila, umearena bereziki, Ainhoak pertsonalizatzen duelarik.
Laugarrenean amodioaz hitz egiten du, amodioa orokorki kontsideratuz.
Bosgarren zirkuluan, maila filosofikoan murgiltzen da: denbora, “inuteis mudanças”, iraganaz kezkatzen da. Orain arte eraman duen prozesua nolabait hautsita gelditzen da.
“Ixiltasunaren palazioari hautsi zaio
beiradura…”
Zirkulu honetan sufrimendua nagusitzen da; baina denbora pasatzea, amargura, frakasoa, ezin dira ebitatu, hortxe daude, eta onartu egin behar dira.
“eguzkirako izan behar omen zuen bidaia
zubi nekatuen azpitan amaitu delako”
Eraman duen mistiko prozesu horren frakasoa nagusitzen zaio, baina horregatik ez du etsi, inork ez dezake etsi,
“ez zaitez farregarria izan
ez dezazula nigar egin adoleszente ordiaren gisa”
Ez du etsi beraz, nahiz eta ametsak amets izaten jarraitu, anonimotasuna ere positibo izango zaigu azken finean; nahiz eta denborak gauza guztiak eraman dituen,
“gurekin ere izkribatuko dira
ixiltasunaren izenak”
Zazpigarren zirkuluan berriz, “Etiopia lehenengoz dibisatzean”, poetaren ikuspegia erabat aldatuko delakoan egon gaitezke, zer esaten baitigu:
“behar bada
A rg i krudel baten pean nengoen
Gauzen begirada Kupidagabearen pean”
Eta aitormen honen ondotik dator Etiopia lehenengoz dibisatzea, desparadisuaren naturaz jabetzen hastea: Lurra planetaren airea hareazkoa, sateliteak eta Urano hareazkoak, Venus harearena.
Honetan aurkitu uste dugu Atxagak egiten dituen erreferentzi literarioen artean garrantzitsuenetako bat, Danteren “Divina Comedia” delakoarena. Ezin esan dugu —eta zer abantaila lekarkiguke bestalde— ezin esan ordea, bederatzi zirkulu hauen egitura Danteren “Divina Comedia”n agertzen zaigunarekin erlazio estuetan dagoela, inolaz ere poetaren iturburu denik, zergatik ez esan, horretara, Aristotelesen munduaren eta zeruaren egituratzea duela iturburu: lehenengoan Ilargia, bigarrenean Mercurio, hirugarrenean Venus, laugarrenean eguzkia, bosgarrenean Marte, seigarrenean Jupiter, zazpigarrenean Saturno, zortzigarrenean izarrak eta bederatzigarrenean “Cristalino” deitzen dena. Hauezaz gain, Danteren idazlanetan agertzen den bezala.
Baina gutxienez ere pentsatu beharko dugu Atxagak Etiopia inguratzen duten hareazko eskualde horiek “Harea ezberdinetako bederatzi zirkuluetan” banatzearekin, nolabait ezagunak diren kultural erreferentzi hauetatik oihartzunik atera nahi izan duela: paradisua aipatu beharrean “desparadisua” aipatzen baitu, planetak eta aidea ere hareazkoak direla esaten digunean…. eta gure ez-jakintasunaren arabera ezin askatu ditugun hamaika korapilo-erreferentzialetan.
Dante, perfekzioaren bidez, paradisura omen zihoan, salbazioaren bila; “Etiopian” protagonista dugun “apatrida” honek, Kainen leinuko denez gero, Etiopia besterik ez lezakeela topatu ikusten du; eta horregatik desertuaz gaindi, sufrimendua ere badarama
“baina ez harea bakarrik
Harearekin batera malko esentziala
Eta odol bete ontzi bat”
Zeren denboraz ardura erraldoia ageri duen gizaki honek, “isiltasunaren palazioari beiradura hautsi zaio”nez gero, badaki:
“Gauero ez da harea baino geratzen
Hilargi krudelaren azpian, harea”
Hemendik aurrera basamortuaren “Bigarren maskaraz” mintzo zaigu, itsasoan, non suntsitzen baitira giza ahalegin guztiak (hitzak, irriak, ziutate idealaren planoak, teori iraultzaileak, izerdiak, horrenbeste min mota); ez dago eta ihesbiderik,
“(gaztelua handiegia da, sakonegiak ziegak
printzeak ezin du ihes egin)”
Zortzigarren zirkuluan, baina, Ziutatea agertzen zaigu eguneroko destrukzioarekin batera; hemen ikusi ahal izango dugu, aurrekoan, alferrikako ahaleginez ari zeneko jarrera ez-dramatikoak, zer segida duen “eguneroko bizitza, ikatza bezalako labe-zomorroak isurtzen hasi zenean eten gabe”.
Eguneroko honetan tankera guzietako destrukzioa dago: politikoa (Vietnam, plusbalia, talde politikoak), soziala (marikoiak), literarioa (isiltasuna adjetibo kalifikatiboen aurka), sinbolikoa (leopardoak malkoak galdu, Orainaren suizidioa…). Baina udazkenean, ziutateko elbarrituenak “errebelatzen” hasten dira: sekretaria lotsatiak, eskaleak, idazleak, katagorriak atrakua egiten… neguarekin berriz, betikoek, izurritearen ikaragarria usmatuz, “errebelamendua” irentsi nahian dabiltza (dispentsariak, aingeruak, borrero profesionalaren esposa ttipia, eliza, bankuak eta fraileak); baina, nonbait, dagoeneko “gu libro gabiltza”… “hiltzaile ttipien gisa”. Ahalegin guztiak alferrik diren arren, errebelamenduak (ma-o-meno) libro egiten gaitu.
Horregatik, gauza guzien hutsala nabarmenduagatik, “gezur ttipiak asma ditzakegun bitartean” ez dezazula antsiarik egin; zeren zibilizazioa suntsituko duen, ez tximinorik, ez King-Kong-ik etorriko ez diren arren, begiak itxi eta amets egin bailiteke: maitasunean sinestu, ihesi egiterik badagoela uste izan, edo herri honetako proiektuan murgildu…; nolabait itxaropena akabatu ezina delako edo
“Eta izar zaharrenaren indar profetikoa profeituz
koskortuko dira, oraindik itxaropena
eta balkoiko geranioa”.
(esan zuen Humphrey Bogartek sonbreilua okertuz)”
Eta honenbestez ailegatzen gara bederatzigarren zirkulura, etorkizunari buruz zenbait gauza esatera ausartu ondoren, Etxahunek errepresentatzen duen salbamenduari begira.
Etxahunek uda ekarriko du, jondone sagarrak, argia, gorostia, ihia, ekia eta dinamita. Berarekin xamurtasuna ekarriko du, baina baita ere zorroztasuna eta agresibitate jakintsua, sofritutakoa.
Poetak ez du nahi Etxahun iraganaz aritzeko etor dadin, joandakoaz negar egiteko edo “(Hildakoen) gorpuak zitroi urez ihurtzitzeko”, (behar bada ezta igarokortasunaz aritzeko ere); orainaz jarduteko baizik eta.
Etxahunek, bere bizitzaz jarritako bertso batzuetan, honela zion:
“Desertuko ihiziak jendeen beldurrez
abisatzen dirade egoitera gordez
nik ere hurak bezala, gaxua nigarrez
ene bizi tristia kuntserbi beharrez”
Ihiziki izateko beldurrak gorderik daudenak etor arazi nahi ditu poetak ziutaterantz. Jon Kortazarrek etorrera hori ziutatearen destrukzioaren anuntziotzat hartu du, gu, egia esan, ez gaude horretaraino seguru. Etxahunen iragarleak mitxeletak dira, bere ekarria, gozotasuna, argia eta agresibitate sufritutakoa; Etxahunek eraginda etorriko direnak, ziutatea suntsitzera ote datoz? Guk, gure aldetik, gauzaren erlatibotasuna ikusita ere, zera esango genuke, aurreko zirkuluetan oinkatu duen basamortuaz, hareaz, sufrimenduaz, iraganaz, igarokortasunaz, hutsalaz ari direnak ziutatera erakarri nahi lituzkeela, “iraganaren abenidak” utzita, Orainaz aurreratu daitezen, irian lagundu diezaguten, gure oraina ziutatea denez gero.
Honela itxi dira bederatzi zirkuluak, orain Etiopiarako itzulbidean, epilogo edo gaztigu antzera, azken erreflexioa eskaintzen digu: poetak eta gizonak zerbait egiterakoan jakin behar du
“Gauza guztiak esanak zeuden jadanik agian”
Klitxeak ageri baitira beti ere, edonondik, edonola; baina, berresan ditzakeen gauzen artean, berak “bide berri eta sekretuen bila ipurdia galtzen zuen gizonaren kasua” aipatzen du.
Honek justifikazio bat ematen du, egia esan, justifikazio bat “hutsala” eta “alferrik” guztien gainetik, orainaz eta ziutateaz jarduteko aitzakiarik aurkitu duelako, Etxahun etortzen denean, oraindik
“teilatu ustel horietan aurkituko gaitu(elako)
disparatzen apika
geure oinazea papurtu
eta usoei eskaintzen”
Bukatzeko
“Etiopia” liburu zaila dela denek esaten dute, eta gu ere hartan gaude.
Zailtasun hori poesiatan agertuko zaigu batik bat, prosa lanetan berriz, hizkera herrikoi eta erabat adierazkorra erabiltzen du, narrazio lineala, arina, trukorik gabea, eta gure ustez, oso landutako errez itxuraz jantzia; benetan gustagarria.
Poesiak besterik dira, tankeraz esan nahi dugu, zeren poesi hizketari dagokion zailtasunari, abstraktotasuna eta surrealismoa gehitzen baitzaio.
Bestalde Atxagaren berezitasun bat dela deritzagu, oraingo euskal poetikan hainbat eta hainbat darabilzkigun terminoak baztertzea, eta beste zenbait aukeratu izatea, hiztegi pertsonal bat osatzeraino. Hau dena, bere berezko duen poesi hizkeraren zati bat besterik ez da noski (2). Ez baikaude poeta afizionatu baten aurrean. Zenbaitek perfekzionistatzat ere jo dute, guri ez zaigu hala iruditu. Atxagak bere idazlan hau asko zaindu du, galbahe askotatik pasarazitakoa iruditzen zaigu eta horregatik ez dugu ulertzen zer dela eta esan dezakeen Koldo Izagirrek, “eguneroko bizitza…” deritzan poesia beste nonbait hobeto legokeela, zeharo harian baitago, gure ustez. Dena dela, ebidentetzat jo genezake Atxagak ez duela inspirazio hutsean sinesten batere, hau ez da, ordea, perfekzionismoa, ez aszetismoa, poetaren gaitasunaren isladatze beharra baizik.
Eta honenbestez, utziko dugu bakean Bernardo Atxaga, ez ordea, jakin erazi gabe hurrengoa ez dela horretaraino goxoa izango, jakin baitugu “Bernardo Atxagak” (gure hau ote da) kritikaren premia dagoela esan duena (Ikus bestela, Gotzon Garatek Txillardegiren “Elsa Schelen”i egindakoan, JAKIN 11); eta eskatzen duenez gero… idatziko dugu bai, izenburu hau eramango duen artikuluxka: “purista guztiak berdinak zarete” edo “himalayako elur orba gabeak baino puruagoa zen poeta batek bere duintasuna literatur lehiaketa batetan prostituitu, eta gainera irabazi”. Eskandalu bat.
OHARRAK: (1) “azken baten liburua ez delako ‘ulertzen’: liburu hau sentitu eta barrutik dastatzeko egina dugulako” Jon Kortazar in JAKIN 10, 123 o.
(2) Hizkera poetikoari dagokionez, ikaragarrizko aberastasuna dagoela uste dugu idazlan honetan; hizkuntz errekurtsuak kreatibitate handikoak intuitzen ditugu; baina, tresneri guzti hori aztertu gabe dago eta, dudarik gabe, sakonduz gero “Etiopia”ren interpretazioa ehun aldiz beteagoa eta “nabarragoa” litzateke. Norbaitek noizbait egingo duen azterketa hori etorri artean, irakurgarri deritzogu Jon Kortazarrek (JAKIN 10-ean) diona.
BIBLIOGRAFIA: Euskal literatura 72: “Oskar edo nola egin behar den publizidaderako prospektu berri bat” (133-143 or.) eta “Borobila eta puntua” (225-251 or.) in LUR-kriselu 24.
Ziutateaz, Kriselu, 1976.
Etiopia. Pott liburutegia, 1978.
Gainera bere kolaborazioak aurkituko dituzue “Pott”, “Mermelada ustela”, “Panpin ustela” eta “Zorion ustela” deritzan errebistetan.
Zeruko Argia 796 alean, A. Eguzkitzaren artikulu bat; Anaitasuna, 374. alean, K. Izagirreren bat eta Jakin 10. alean, J. Kortazarren beste bat.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro