kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Utzidazu karmina kentzen / Urtzi Urrutikoetxea / Kutxa Fundazioa, 2001

Bizitzari karmina kentzen Igor Estankona / Gara, 2002-01-12

Begi bistakoa ahaztu eta poemen forma klasikoa alde batera utzi behar dira Irun Hiria Olerki saria eskuratu duen lan atipiko hau irakurtzerakoan. Zati bitan banatua dago Utzidazu karmina kentzen gorri hau. Lehenengo zatia mitxoleten gorri bizikoa da, bigarrena, adreilu lehorren gorri itzalia. Banaketa, noski, arbitrarioa da guztiz, artikulu hau idazten duenak irakurtzeko orduan izan dituen sentipenek ez baitute zertan zuzenak izan. Gainera, zati batetik besterako leku-aldaketa igarriko ez luketen poemak ere badaude. Horrek bigarren mailan uzten du seguruenik liburuaren hezurduraren auzia.

Hala ere, badago behetik goranzko bilakabide antzeko bat. Liburua hastean irakurleari zorabioa helaraz diezaioketen poemak datoz, bata bestearen ostean. Gero, azken erdian, urak apur bat baretu egiten dira. Lehen zatian maitasuna da mintzagai nagusia. Bigarrenean maitasunak berak ere halako tratamendu unibertsalagoa dauka. Pertsonaletik inpertsonalera doan prozesua? Lartxo esatea da hori, Urtziren poesiaren gakoetariko bat baita sentipen sakonena objektu hotzenarekin nahastea. Eta poeta liburuan hustu egin dela kontuan hartzen badugu, lartxo ez ezik bidegabekoa litzateke hori esatea.

Oraingo honetan elementu kontrajarrien nahaste hori posible egiten duen haria tristezia da, edo gutxienez melankolia. Artezean baino gehiago zeharka igartzen den zer edo zer da, baina oso presente dago poema gehienetan. Poza bera arean itzalita datorrela ematen du eta ez dago euforiarik. Hori guztia da aurrerantz egin ahala ikusten dena.

Nahita lortutako zerbait izan zein ez, ikasketa prozesu baten efektua sortzen du. Poesia mota honetara ohitu egiten da irakurlea, “ikasiz” doa. “Borroka galduetatik gatoz” irakurri duenak badaki zertaz ari naizen: liburuaren hondarrean ateratzen dira ondorioak. Bitartean lerro bakoitza gozatzea da gomendagarriena.

Urtziren poesia beti izan da odolberoa, ordenarik gabekoa. Bat-bateko poesiarik balego, bera litzateke txapeldun. Baina ulergarria da, halaber, beste kanon batzuk nahiago dituenari deserosoa gertatzea. Orrialde hauetan, bere lan guztietan legez, badago nahita eragindako deserosotasun hori. Puntuazio zeinuei uko egin eta ideiak paragrafoetan biltzen dira. Bertsoak ematen dute gainetik begiratuz gero. Bestalde, tituluak zenbaki hutsak dira askotan. Eta itxurazko ekonomia horren azpian, guztia borobiltzeko, konplikatuak suertatzen diren irudi poetikoak ezkutatzen dira. Kontraste hori da —itxuraz erraza eta finean latza— berezi egiten duena. Esaten dena baino harago begiratu behar omen da poesian. Bada, topiko hori muturrera eramaten duenetarikoa da santutxuarra. Eta txarrena da askotan ezin dugula “tira, metafora zailen bat izango da” esan, bai baitakigu geure burua engainatzen ari garela. Halakoetan hitzen esanahia irakurle bakoitzaren iritzian dago. Zenbat irakurle, hainbeste esanahi.

Idatzi ondoren desagertu egiten da idazlea. Batzuetan poemaren iturburua zein izan daitekeen esaten digu. Baina beste batzuetan ez. Elur gainean ibiltzea bezalakoa da hori, zapaltzen duzuna bidea den jakin barik, edo bide bazterra, edo landa. Ez naiz ni izango halako liburuek arreta eta ahalegin berezia eskatzen dutela ukatuko duena. Batzuetan lan ezatsegina da, atsegin hutsarekin nahasten dugun poesiari ezin barkatuzkoa. Baina elurrez estalitako eremu zabal horretan, bat-batean, txindor baten papar gorria aurki dezakegu. Eta ordura artekoak merezi izan duelako segurantzarekin bukatzen dugu liburua.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak