kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Ama-Semeak / Salbatore Mitxelena / EFA, 1951

Ama -Semeak (Arantzazuko kondaira) Luis Villasante / Jakin, 1970

Urruti-minak joa alde egin zuen gure artetik. Urruti-min horrek ez zion sosegatzera utzi. Sasoi-sasoian abiatu zan munduan barna. Gero itzultzekotan, noski, baiña ez zan sekula itzuli. Bere azken amar urteotan Euskalerrian egon balitz, zer gaillurra joko zuen! Baina ez gaitezen erosta jotzen asi. Ezikaitza zan. Ezikaitz ta etsigaitz. Urduri. Nerbio uts. Pairu gutitakoa, eta hargatik gehiago pairatu beharrekoa. Azkarra ta burutsua, eta hori ere bere kaltetan apika. Giza-presunaren muina mamitzen den urte hoetan Konzilio-ondoko giro hau ezagutu izan balu, beharbada ez zan ain nahigabetsu izango. Kanpoan, berriz, denok dakigu zer giroa zegoen gure gauzetarako. Gaurik illunena, eta argi-urratzerik inundik ere ez ikusten.

Asko zor diogu denek, eta beharbada ni neu natzaio denetan zordunena. Nork esan, aldamenean duzun lagun baten eraginak zer dezakean? Eta eragin horren luze-laburra nola neurtu? Ixil-ixillik, an, konzientziapeko tolesetan egiten du bere azpi-lana, zerorrek ere ez dakizula…

Oroitzapen zaharrak

Kolejioko urteak Arantzazun eta Foruan egin zituen (1930-1935). Urte haietan bera genuen gure inguruan euskaltzale bakarra, euskeraz idazten zekian bakarra, eta alako arridura batekin begiratzen genion. Oroitzen naiz errebista ttipi bat atera genuela Kolejioko mutikoen artean, “Forua” zeritzana (1935 urtean); eta ain zuzen, an euskeraz azaldu zen gauza bakarra berak egina da. Olerki bat: “Oroilari”. (Aranzazu illerokoan atera-berri da, 1966, 41 orrialdean).

Gero, berriz, Espainiako gerra-ostean, urtebete egin nuen aren ondoan Naparroako Oliten, Filosofiako ikasteak egiterakoan. An ere berak egindako euskal olerkiak uzten zizkigun irakurtzera, makinaz txukun kopiatuta eta erderazko itzulpena alboan zutelarik; dena egoki josi ta enkuadernatua, liburu-gisa.

Teologu ikasteak Arantzazun egin zituen (1940-1944), eta neri azkeneko bietan (1942-1944) gertatu zitzaidan haren ondoan egotea. Orduan piztu zan haren Arantzazu-zalea. Zergatik edo nola? Alde batetik, jende euskalduna erruz Arantzazura erromerian etortzen ikusten zuelako: ikusgarri horrek bihotza irabazi zion. Gero Manuel Lekuona apaizaren liburua (“Literatura Oral Euskérica”) haren eskuetan erori zan. Andik ikasi zuen, nik uste, gure erri xearen literatur eta poesi-kimak maitatzen eta aintzat artzen. Ba genuen, gainera, eskuen artean Aita A. Lizarraldek idatzitako Arantzazuko Kondaira (artean argitara gabea).

Baita ere Arantzazuko artxibuan zegoen (eta dago) Arantzazuko kanta-zaharren bilduma: Aita Lizarraldek berak aitona eta amona xaharren ezpainetatik jasotako erromantzeak Arantzazuri buruz. Gehienetan ez daude osorik. Bainan puxka haiek, beren sotillean, beren paregabeko bakuntasunean, zearo lilluratu eta maitemindu zuten Arantzazurekin. Aita Lizarraldek erromantzeok itzik aldatu gabe, erriak esaten zituen bezala artu zituen (ez itzak eta joskera aldatuaz, Azkuek maiz egin oi zuen bezala); hargatik jatorrago eta zoragarriago dira guretzat.

Aski izan zituen elementu hoiek alako sintesis berri bat bere buru-bihotzean sortzeko: Arantzazu izan da euskal fedearen sukaldea. Euskal Edestia eta Arantzazurena, bi-biak, uztarturik ibilli dira. Euskalerriak jaso-aldia ezagutu zuenean, Arantzazuk ere bere urrezko aroa izan zuen; eta hura ondatu zenean, alaxe Arantzazu ere.

Nik ez dut uste Montserrateko Virolairen arako bertso hura ezagutu zuenik:

*Amb vostre nom comenca nostra historia,
i es Montserrat el nostre Sinai.*

Baina ezagutu edo ez ezagutu, gure Aita Mitxelenari idea berberak piztu zitzaizkion Arantzazuri buruz. Eta erabat jarri zan idea hoien alde.

Arantzazun behinola gau bijiliak egiten ziran: erromesek, gaua pasatzeko lekurik ez, eta eliza barruan pasatzen zuten. Eta gaueko orduak nolabait emateko, Jesusen Pasioa eta Arantzazuko Amaren historioa gogoratzen zuten. Era hortara, dena kantu, erromantze eta irakurtze batzuen bidez, edo penitentziketan ari ziren bitartean, gaua igarotzen zuten. Gau bijili haien kalbarioasuna: orra bihotz ondoraino sartu zitzaion beste idea bat. Jesusi Pasioan lagundu behar, haren semetasuna irabaziko bada.

Eta Arantzazuko erromesen artean, Aita San Inazio agiri da, Euskalerriko Lehen-Seme bezala, Arantzazuko erromesen ispillu eta eredu bezala. Bai. Loyolakoak ere Arantzazuko eliza barruan eman zuen gau bat, beste erromesekin batean parte artuaz. Asko maite zuen Mitxelenak Loyolako Aita San Inazio: Euskalerriko Santua eta Arantzazuko Amaren Seme bezala agertzen zitzaiolako, noski.

Gogoan dut nola egin genduen Velada bat, berak asmatua ta eratua. 1943-ko urtarrilaren 23-an izandu zan. An jaulki ziran Arantzazuri buruzko ikuskera berri (?) hontako ideak. Aita Agirretxek eta nik ere itzegin genduen Velada hartan, baina, esan dudanez, bera izandu zan denaren asmatzaille eta aitzindari.

Gogoan dut baita ere nola joan ginen irurok Arantzazuko Albitxuri baserrira. Josefa Ollakindea, amona xahar batek, Arantzazuri buruzko kanta zaharrak zekizkiala, eta hoiek jasotzera.

Erromantze sotil hoetatik aitzaki artuta, asmatu zuen ba bere Arantzazu Poema. Aitzaki artuta, esan dut. Izan ere, ez da erreza esatea zer artu duen haetatik eta zer ipini duen bere baitatik. Beharbada gehiena berak bere buru bihotzeko labetik atera izan du. Haek aitzakia eman zioten, baiña sintetisa, ikuskera, berria da, bere-berea.

Meza berrikoan

Idea hoek noraiño bihotzean erroztatuak zeuzkan ikusteko, Mezaberriko oroigarritxoan ezarri zituen bertsoak gogoratu besterik ez dago (gauero errezatzen omen zituen, gainera, bertso hoek):

“Ermitatxo bat eidazu eta nerea izango zera zu”. Zure eskaria, zure eskenia auspez entzuten naukazu, zure izenaren ermitagintzan
albait ekiteko gertu…
Merezi anbat gora zaitzadan
Ama! lagun egidazu.
(“Ama-Semeak”, 146 orrialdean)

Arantzazun asi zuen ba bere poema Teologiako ikaste garaian, eta gero Aguileran (Burgos-en) jarraitu, eta Donostian bukatu. Berak dionez, emen, Donostian, bi illabeteko gaixoaldi batean bukatu zuen (“Ama-Semeak”, 146 orr.). Baiña Arantzazun, teologu-ikasle zelarik ere, asko egiña zuen. Gogoan dut nola teologu ikasleen maisuak (Aita Jesus Larrinagak) txantxetan-benetan, inoiz esan zion: “Poema idaztea samurra duk; bizitzako poema egiten ikasi behar duk ik”… Irribarre batekin artzen zituen olako zirtoak.

Gero Donostiara izan zan bialdua, eta an egon zan Ameriketara joan arte. Predikari bortitza zan. Erri askotan mixioak eta abar eman zituen. Gogoan dut nola egun autatu eta aundi batzuetan, bazkal ondoko kafea artzeko garaian, Aita Mitxelena eta Aita Gaztelu-Urrutia bilbotarrak (Cochabamban dago hau orain, Bolivian), biak bikote bat osatuz, kantu-saio zoragarria ematen zuten prailledi guztiaren aurrean. Poemako kantuak izaten ziran (artean Poema argitaratu gabe zegoelarik). Aita Bernardo Madariaga zan orduan Probintzial, eta behin baino gehiagotan ikusi nizkion begiak malkoz bustiak, doiñu zoragarri haiek entzutean.

Poemaren argitaratzea

Gure Aita Salbatoreren osaba praillea (Aita Arcangel Mitxelena) zan orduan Arantzazuko nagusi, eta hark erabaki zuen Poema santuarioaren kontura argitaratzea. Eta ala egin zan (irugarren partea beste baterako utzia, alere). 1949-ko urtea zan. Makina bat urtetan ez zan euskeraz ezer tajuzkorik azaldu, eta egundoko arrera ona egin zion erriak. Balio zuelako, noski, eta baita ere, ainbeste urtetan, ezer euskerazkorik ikusi gabe zegoelako. Mitxelenak, ba, bere Poemarekin urratu zuen bidea eta sua ausi, gerra ondoko aro hontan. Darabillen euskeragatik ere, bera dugu aro berri baten aitzindari eta maisu. Berak erakutsi zigun euskera jatorra, errikoia, izkera bizitik urbil dagoena erabiltzen.

Arantzazuko kondaira idazten

1949-ko urte hartan bertan Aita Paulo Lete izendatu zuten Probintzial. Honek bultzada berria eman zien Arantzazuko gauzei. Beronen aginduz asi baitzan Arantzazuko eliza berria. Berak agerarazi zuen Aita Lizarralderen Kondaira (1950). Baita ere bera izandu zan Aita Mitxelenari, beste kondaira bat euskeraz idazteko agindu ziona. Orra zergatik lotu zan lan honi. Horretarako Mitxelenak bi illabeteko epea eskatu zion Probintzialari, eta ala, beste lanik gabe, Donostiako girotik irtenda, Zarauzko komentuan burutu zuen bere arloa. Eta Zarautzen bertan, Itxaropena etxean, inprentatu ere (1951).

Mitxelena, beraz, kondairagille? Ez zan paper zaharrak miatzen eta albiste ezezagunen billa dabiltzan gibel-andi hoetakoa. Ezta urrik ere. Baiña Arantzazu-gaia ondo menderatua zeukan. Aurreko urteetan, bere Poema egiteko, asko erabilli baitzituen Lizarralderen kondaira eta Arantzazuko kanta-zaharrak. Albiste eta xehetasunen billa, Lizarralderen arrobira eta inoiz beste zenbait iturritara jotzea besterik ez zeukan. Gainerakoan, Poema egin zuenetik berak ba zuen bere ikuskera berezia Arantzazuri buruz. An olerkiz eta kantuz, eta emen itz lauz, baina bietan ikuskera berbera azalduko du. Poema eta Kondaira, bi biak, anaiak dira ba. Liburu sutsua, gartsua atera zitzaion. Tesis bat ezartzera datorkigu liburu hau.

Tesis hori orra zein den. Arantzazu izan da gure batasunaren sukalde eta auspo (260 or.). Arantzazu izan da euskaldun guzien Santuario nagusia; ez Gipuzkoakoa bakarrik, euskaldun guziena baizik; napar, bizkaitar, arabar ta baita lapurtarrak ere bertora etortzen baitziran; eta Espainia eta Frantziaren arteko gerrak mugaz andikoei onera etortzea galerazi zienean, an jaso zuten Ainhoako kapera, Arantzazuko Amaren izenean. Arantzazu-ordea, Arantzazu txiki bat eraiki zuten Lapurdin. Kalbario-kutsua izan da Arantzazuko Santuarioaren berezitasun berarizkoa; kalbariotasun hori garbi ateratzen baita erromantzeetatik, eta bai Ainhoako kaperatik ere (Ikus 97 eta urrengo orrialdeak). Arantzazuko Ama euskaldun guztien Ama ta Zaindaria den ezkero, Gipuzkoako Zaindari bezala izendatze horrekin gutxitu eta urritu egin zitzaion Zaindaritza (Ikus 218 orr.). Labur: ona emen zer izan den eta zer den Arantzazu, Aita Mitxelenaren begitan:

“Jaungoikoagana igotzeko Euskalerriak daukan Mendi Santua. Orixe degu Arantzazu. Santu izandako Erri baten iraupenerako, Ama-semeen otoitz-lekua” (Ikus 249 orr.).

Eta guzti hori kondairatik, eta batez ere erromantzeetatik atera du berak.

Arantzazu, zeruak paratua izan da Euskalerriarentzat. Hargatik, noski, bi biak, Euskalerri eta Arantzazu, bata besteakin lotu eta uztarturik ibilli dira beti. Euskalerri zaharraren urrezko mendeak berebat izan dira Arantzazuren jasoaldiko urteak. Eta Euskalerri zaharrak lur jo zuenean (karlisten lehenbiziko gerratean), orduantxe ondatu zan Arantzazu ere (1834 urtean, liberalek su emanda). (Ikus 199 orr.).

Konparazio eta burujope hoezaz nahi duzuna pentsa dezakezu, baina buru ta bihotzez egindako liburua da, inolaz ere.

Itzaurretxoan esaten digu egilleak nola behar luken titulua kondaira honek: “Guzion Ama edo Arantzazuko kondairaren euskal-sentidua, elezarrak lagun” (11 orrialdean). Argi asko azaltzen zaigu itz hoetan liburuaren muina, tesisa, eta tesis horren iturburu nagusia: erromantzeak, Arantzazuri buruzko kanta zaharrak. Titulu hori luzetxo zela ta, beste hau ipiñi zion liburuari: “Ama-Semeak Arantzazuko Kondairan”.

Arantzazuko erromantze-liburua

Erromantzei buruz liburu berezi bat ere agintzen digu (103 orr. ). Izan ere A. Mitxelenak ba zuen Arantzazuri buruzko erromantzeen gaiñan liburu bat egiteko asmoa. Ez asmoa bakarrik. Emendik Ameriketara joan zenean ia bukatua zeukala uste dut. Gogoan dut gaiñera nola Donostian konferentzia bat eman zuen gai hortaz. Itzaldi horren berri labur bat eman nuen nik Arantzazuko illerokoan (Ikus Aranzazu, 1954, 252-255). Zer egin da liburu hortaz? Ez dakit. Zirriborro batzuk emen utzi zituen. Baina liburu orraztua eta amaitua, seguru asko Cuban dago. Bahia de Cochinosko ondamena gertatu zenean, Aita Mitxelena Cuban zan. Etxe partikular batean egon omen zan gordea. Andik gutxi irten zan Cubatik, ainbeste gauza bertan utzita, eta geroago bihurtuko zelakoan, baina ez zan gehiago ara joan.

Aita Arrutiri zion jaiera

Aita Antonio Arruti olerkariari (1882-1919) berarizko jaiera ta benerazioa zion gure Salbatorek. Biak erri batekoak, biak prantziskotarrak, eta hura il zen urtean bera jaioa izan. Jainkoak haren bideari eltzeko eta haren lana osatzeko agindu balio bezalako fedearekin bizi izandu zan Mitxelena. Haren olerkiak, sakabanaturik dauden aldizkarietatik atera eta beroiekin bilduma bat egiteko asmoa ere ba zuen, baina asmo hori ez zuen sekula burutu. “Ama-Semeak” liburuan, alere, laudorio ta agur mamitsu bat eskeintzen dio (174 orr.).

Idaztankera

Ama-Semeak liburuakin ari naiz. Beronen idaztankera bizi-bizia da. Bizia eta bizkorra. Txairoa eta apaina. Zorrotza. Sarkorra. Errikoia eta jatorra. Gauzak labur, artez eta trinko daki esaten. Alako barne indar batekin. Erri euskeraren guna eta gozoa oso menderatua eta beretakotua baitzuen Mitxelenak. Gaurko gipuzkera arrunta darabil, inoiz or-emengo itzen batzuk sartuaz. Esate baterako, Gernika aldeko “Arrapaladan” behin baiño gehiagotan erabiltzen du liburuan (adibidez 143 orr.). Alako bero bat, gar bizi bat dario liburuari, maitagarri egiten zaizuna.

Bizkai-aldeko itzak aipatu ditudan ezkero, ona emen beste batzuk: jaramon (223 orr.), ondakin (213 orr.), mendu (163 orr.), pralleki (65 orr. ).

Bere idazkeraren berezitasun batzuk aipatzekotan, onako bi auek aipatuko nituzke: relatibodun inperfektuetan marratxoa edo gioia jarri ohi du beti; irakurleari laguntzeko, noski. Ala nola: “bear ziran- baimenak” (202 orr.); “arrapatzen zuten- guzia” (188 orr. ). Idazkera molde horrek inperfektuak relatibua gorderik daukala abisatzen dio irakurleari. Eta beste berezitasun bat: aditz-forma alokutibuak maiz erabiltzen ditu: horrek ere izkerari astuntasuna kendu ta alako bizitasun bat eman ohi dio. Ona emen adibide batzuk: “asia zizun” (205 orr.), “ipini zizun” (63 orr.), “genizkizun” (69 orr.), “jaunartuko dizu” (108 orr.), “dizu ta zizun” (132 orr.), “mutua zenun” (142 orr.), “aski gallendua nizun” (145 orr.), t. a.

Utsak eta akatsak?

Dena behar da ta, hortaz ere esan beharko dugu zerbait. Egia esan, oso gutxi aurkitu dut nik. -tzaz gezur-atzizkia erabiltzen du; uste dut atzizki hau gure mendeko asmazioa dela, eta alperriko asmazioa. Ikus 61 orr.: Portziunkulatzaz, Arantzazukoazaz. Baita ere 135 orr.: Arantzazutzaz. “Ederrazaz ganera” (169 orr.).

Eritzi aditzak, jator erabiltzen denean, ba du bere errejimen berezia datibuarekin; Mitxelenak, liburu hontan, batzuetan oso jator erabiltzen du; beste batzuetan ez ainbeste. Ona emen adibide batzuk: “zeritzan senarrak” (142 orr.). “Arantzazu deritza erri batek” (156 orr.). Beste pasarte hau, berriz, jator eratua dago: “Ze derizkiozu gure Santutegiari?” (248 orr.).

Etorri aditzaren inperatibua batzuetan “ator” jartzen du (75 orr.), eta beste batzuetan “atoz” (108 orr.): hau da, noski, jatorra.

Inoiz “bakoitzan”, “bakoitzean” jarri beharrean idazten du, baina bertsotan ari dela (263 orr.).

Antzinako erromesek Beneditari (Arantzazuko elizkizun jakin eta ezagun honi, alegia) Salbeta deitzen ziotela dio (Ikus 105 eta 108 orr.). Baina nundik atera du hori? Arako kanta-zahar hartatik: “Salbetarako elduko ote naiz?” Baina Mezatarako ere esan ohi dugu, Euskalerriko zenbait partetan behintzat; eta hargatik izen soilla ez da Mezata, Meza baizik.

Adizkera gutxi batzuk ba ditu sintetiko erara jokatuak, erriak ala ez erabilliarren, baina gutxi dira: “zesaidan” (238 orr.), “darantzu”, “darakus” (249), ta horren antzeko bat edo beste.

Apezpiku itzak “obispo” esan nahi du, noski, baina behin behintzat erabiltzen du beste esanahi batekin (215). “Parroco”, “cura”, “arcipreste” edo olako zerbait, kontestuak an galdetzen duenez.

Izkuntza alde batera utzirik, eta mamiari begiratuaz, liburua otz otzean artuaz, ba ditu noski bada ezpadako gauzak, ain zeatzak ez direnak. Eta egi egiak ez direnak ere bai, behar bada. Esate baterako, erdalkeriaren gaitza ez zela Euskalerrian ta ezta Arantzazun ere ezagutu karlisten lehenbiziko gerratera arte: “ordurarte ezagun gabeko gaitza” (200 orr.; ikus, gainera, 224 eta 229 orr). Gure antziñaren berri zerbait dakianak ba daki hori ez dela egia.

Prantziskotar euskal idazleak denak Arantzazukoak balira bezala sartzen ditu (171 orr. ta urrengoak), baina denak ez dira Arantzazun bizi izan, ezta gehienak ere.

Aita Mitxelena bera ere ez zan Arantzazun asko bizi izan. Karrerako urte batzuetan bakarrik. Inoiz agertu batzuk onera egiten bazituen ere. Horregatik bertako ipi-apak ez zituen gehiegi ezagutu. Zurkrutz eta Burdinkrutz nun dauden kokatuak ez du zuzen ta zeatz jartzen (52 orr.). Zeaztasun gutxirekin esandako beste zenbait gauza ere ba ditu. Baina jakin behar da liburua presaka egin behar izan zuela, arrapaladan, eta ez da arritzekoa.

Liburuaren egitura

Eman dezaiogun orain gain-begiratu bat liburuaren egiturari. Erabateko batasun arrigarria du buru batetik besteraino. Aria zuzen eramaten daki bere xedera. Ongi asmatu ta ederki zertua dela ezin ukatu. Amabi kapitulutan dago banatua. Hoetaz gainera ba du itzaurre bat eta azken bukaera.

Lehenbiziko kapituluan Arantzazuko Ama Birjinaren agertzea nola gertatu zen xotil eta bakunki kontatzen du, hauxe baita Arantzazuko gertaera nagusia eta hortan baitago geroko gertakizunen sustraia ta asiera (Ikus 20 orr.).

Bigarrenean gertaera nagusi horren garaiaz ari da. Garaia ere alakoxea izandu baitzan, aukerakoena, aproposena. Euskalerria jauntxoen burruketan zebillenean. Baina jauntxokeriak gainditu, askatasuna, anaitasuna ta kristautasuna sendotu, Erdi-Aroko jentilkerien ondarrak betiko uxatu eta bere urrezko arora esnatu zan orduan gure erria. Orduan ditugu gure Santuak, gure itxasgizon famatuak. Loyola, Xabier, San Martin, Elkano, Legazpi, t. a.

Irugarrena, zeruak aukeratutako tokiaz ari da. Nun, eta Arantzazun. Euskalerriaren bihotz-bihotzean eta erdi-erdian. Bai Gipuzkoatik, bai Araba eta Naparroa eta Bizkaitik gertu, denona izan zedin, Euskalerriko Ama Zaindariaren etxea izan zedin.

Laugarren kapituluan nola prantziskotarrak erne ta sortu ziren Arantzazun kontatzen zaigu. Lehen urteetako gora beherak: aurrenik serora batzuk egondu ziran, gero Merzedarioak, gero Aita San Frantziskoren Irugarrendarrak bertan erne ziran, gero Dominikoak, eta azkenik Prantziskotarrak.

Bostgarrenean Arantzazun mendez mende ezagutu diren ermita, komentu eta elizen berri ematen da. Lehenbiziko ermita eta serorategia. Gero eliza, ermita barruan zuela. 1553-ko sua. Komentu berria. Elizaren aunditzea, XVIIgn. mende asieran. Imajina aldare nagusira aldatzen. 1622 gn. urtean sua berriz ere.

Seigarren kapitulua dena osorik antzinako erromeriak kontatzeko. Lapurditik zetozen erromesak. Ainhoako kapera, t. a.

Zazpigarrenean Arantzazuko gau-bijilien berri ematen da. Bai kapitulu hontan eta bai aurrekoan ere kanta zaharren puxka asko sartzen ditu. Arantzazun egiten diren aitortzak eta jaunartzeak. Eta omen sartzen du Aita San Inazioren Arantzazura etortzea ere.

Zortzigarrenari “Mirariak eta Mesedeak” deritzaio. Ama Birjinak egindako mirari eta mesede batzuk kontatzen ditu, egilleari berari egin dizkionak ixildu gabe (145 orr. ).

Bederatzigarrenak “Mendi Santuko Dirdaiak” du izenburu. Bertan kontatzen da Arantzazuko Amaren jaierak atzerrietan izan duen edadura. Antzinako kofradia famatua, eta gaur nola berriztatu behar litzaken (164 orr.). Arantzazuko elizkizunen ederra, abeslariak, euskal idazleak, t. a.

Amargarren kapituluari “Gainbera” deritza. Bat batean Euskalerriak lur jotzen du, eta Arantzazuk ere bai. 1834 gn. urtean su ematen diote liberalek Arantzazuri. Orra dena desegiña eta prailleak sakabanatuak. An bukatu zan betiko Arantzazuren antzina ederra.

Amaikagarren kapituluak “Koroazioa ta Zaindaritza” du titulu. Pixkaka pixkaka asi zan Arantzazu berriz ere burua ailtxatzen, ahal zuen moduan. Koroazioa (1886) ta Zaindaritza (1918) dira buru-ailtxatze horren seinale nagusiak. Baina Zaindaritza honek alako tristura bat ematen dio berari, Arantzazuko Ama ezpaita Gipuzkoako Zaindaria bakarrik, euskaldun denena baizik (218 orr.).

Azkeneko kapituluari “Gaurko Arantzazu” deritzaio. Gure egunetan gertatu diren aurrerapenak, gaurko erromeriak, Arantzazun egiten diren lanak t. a. aipatzen dira.

Orra liburuaren muina azaldua, pixka bat gainetik bada ere. Kondaira bezala ere ez dago batere gaizki. Albistez ta xehetasunez ongi ornitua baitator. Baina kondaira utsa ta xoilla baino zerbait gehiago izan nahi du: Arantzazuko kondiraren filosofia, edo zerbait olako. Arantzazu zer izan den ta zer den Euskalerriarentzat adieraztera dijoa. Kondairagille utsak eguneko txikikeria ta ipi-apa guzien oianean galdurik ibiltzen dira. Arbolak ikusten dituzu, baina ez oiana bere osotasunean. Mitxelena ez da hoietakoa. Gaindegitik artzen du hark Arantzazu. Txikikeritan gehiegi sartu gabe zuzen dijoa bere elburura: Arantzazu gure erriarentzat zer den agertzera. Itzaurrean aitortzen dizu berak hori: sasitan katiatu gabe ibilli nahi du. Gaillurrik gaillur (12 orr.).

Nik esango nuke Aita Mitxelenak bere euskal amodioa, beste inun ezin da, emen, Arantzazun, kokatu zuela. Beste irteerarik aurkitzen ez, eta emen ustu ta ixuri zuela oso osorik. Honekin ez dut esan nahi Arantzazu aitzaki bat bakarrik dela harentzat. Ez. Haren Arantzazu-zalea ta euskal amodioa, bi biak ezkondurik eta bat eginik agiri dira liburuan.

Itz eta esakeren zerrenda

Bukatzeko, irakurraldi arin batean andik jaso ditudan itz eta esakeren zerrenda bat jarriko dugu. Egoki esanak edo berri antzekoak, tajuz asmatuak edo zerbaitegatik nabarmen direlako apuntatu ditut. Gehienetan itzak ez dira ezezagunak, baina, egillearen burutapena azaltzeko bai egoki autatuak. Egokitasun hori neurtzeko, ordea, pasartera jo beharra dago.

Asmotatu = proyectar, discurrir (66 orr. )

Benola (ordun) (66, 215 orr.)

Arrixkatu = arriesgarse, exponerse a peligros (148 orr.)

Gaurko ustera = segun la mentalidad actual (46 orr.)

Kulpatu = imputar como culpa (74)

Estaldura = cobertizo, cubierta (76)

Jakin-paperak = documentos, fuentes de información (77)

Bakartegi = eremitorio (82)

Santutegi = santuario (83)

Erroiztu = derribar, destruir (83)

Aitortzalle (eta ez aitorle) = confesor (84, 121)

Eragingai = motivo, causa que impulsa a obrar (93)

Jardurio = conversion, charla (112, 234)

Eregi = edificar, construir (125, 155)

Euldu = tejer (?) (125)

Auspotu = ponderar (?) (134)

Askirik gabe =sin tener nunca bastante, sin decir basta (134)

Jende aurkia = gente baja o de humilde condición, sencilla (141, 229)

Toles = pliegue (159)

Galtzara = calzada (161)

Zorduru = pechero (161)

Billau = villano (162)

Ginoan = en la proporción (164)

Asmatzalle = compositor (de musica) (167)

Pralledi = comunidad de frailes (201)

Lengotasun = ascendencia, entronque en el pasado (201)

Zabali = zabaldu (201)

Aztatu = pesar, calcular, medir (201)

Biotz-pilpira = emoción (201)

Gabetasun = inopia, miseria (202)

Lendakari = gobernador (?) (202)

Burutapen bakoitzari ekiten zion zertzera = Se aplicaba a realizar cada ocurrencia o pensamiento (207)

Amildegi = barranco (210). Arantzazun ots andikoa ta ezin utzizkoa dugu “barrancoa”. Bertako baserritarrek arrua deitzen diote.

Jende ozte = muchedumbre (210)

Aundi-maundiak = detalles (211)

Ondakinetan = en ruinas (213)

Indarrola = central eléctrica (213)

Obekuntza = mejoria (214)

Barrundatu = profundizar (226)

Erdi-Aro = Edad Media (226)

Jakin-iturri = fuente de información (227)

Asmobideak = iniciativas, consignas (227)

Isitsu = insistente, tenaz (?) (227)

Idea-eguzki = idea central, idea sol (226)

Aizpadi = conjunto de hermanas (234)

Binbitarte = intervalo (237)

Oroimina = nostalgia (239)

Pilpiratu = suscitar conmoviendo (239)

Liper = insignificante, pequeño (239)

Ezin kabitua gerta zitzaien = llegaron a no caber, vino a resultar insuficiente para contener a sus moradores (240)

Eder-taju = aspecto bello (240)

Kabiera = cabida (242)

Ikuskai = espectáculo (243)

Agerkunde = manifestación, característica (243)

Erromeri jendetsuenak = las peregrinaciones mas numerosas (245)

Bakoizkeriak = personalismos (247)

Orrenbeste aundiko = de tal magnitud (248)

Tinkatu = fijarse, inmovilizarse (253)

Gaiztoz = malevolamente (254)

Ainbesteko egikizunari ekin = emprender una empresa de tal envergadura (255)

Albistatu = informar (255)

Diñezko = digno (255)

Oztopo batek jan zizkion egoak asmoari = un obstáculo cortó las alas al proyecto (255)

Bultzada zernaitarakoa = impulso universal, apoyo incondicional (257)

Komenentzi = adelantos, progresos (257)

Tamaña = formato, volumen (257, 259)

Len-arau = anteproyecto (258)

Maxialari = murmurador, crítico (258)

Gezakeri = sosada (259)

Erasana = afectado (260)

Antzina = el pasado, la antigüedad (261)

Gogatsu = entusiasta (261)

Lenseme = primogénito (261)

Arroki = con orgullo (261)

Mamitu = plasmar (263).

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak