kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Euskal hiztegi modernoa / Askoren artean / Cinsa, 1977

Euskal hiztegi modernoa Ibon Sarasola / Jakin, 1977

Euskal literaturgintzaren historian, hiru garai nagusi bereiz daitezke: mende honen hasiera arte hedatzen dena, mende honetako lehen sei hamarkadak betetzen dituena, eta azken urteotakoa.

Garai bakoitzak, aurrekoen ideien eta presuposaketen iraulketa dakar, eta honekin batera, literatur eta kultur estrategiaren norabide-aldakuntza funtsezko bat. Eta noski (eta hau da orain axola zaiguna), erabiltzen den hizkuntza-motarena eta bereziki hiztegiarena, hau da, hizkintza (hitzgintza)rena.

Lehen garaiari dagokionez, euskal zibilizazio nekazari eta arrantzalearen ondasun lexikala eta literatura klasikoak aurrera bideratu zuena, Azkueren hiztegi nagusira bildu ziren, nahiz partzialki bildu, Lekeitioko apaizak bere erizpide garbizalearen bahetik pasa zirenak soilik eman baitzizkigun. Hurrengo garaiko garbizaleen ihardukiaren emaitza, Lopez Mendizabal eta Mugikaren hiztegietara bildu zen. Aski da hauk Azkuerenarekin parekatzea, bi garaien artean gertatzen den etenaz ohartzeko.

Azken belaunaldiarekin euskaldungoan gertatu den iraulketaz, ez dago Jakin-en irakurleen artean luzaz mintzatu beharrik. Gogora dezagun soilik azken hamabi urte hauetan XVI, XVII, XVIII. eta XIX. mendeetan baino aski gehiago argitara dela euskaraz, eta urteotako produkzioa ez dela, gerra aurreko eta ondokoa bezala, euskara plazaratzeko gogo ilun eta anbiguo baten fruitu izan, gure hizkuntza euskal gizartearen espresio-beharkizunetara egokitzeko asmo askoz ohartu eta koherenteago baten ondorio baizik. Bestalde, aurreko garaietako hiztegigintzak ezer gutxi eskain ziezaiokeen batasunaren kezkak, sentsibilitate hiritar eta moderno batek eta euskara gostarik gosta zernahi gaitan erabiltzeko grinak ukiturik idaztera abiatzen zenari. Gauzak horrela, bakoitza ahal duena eginez ibili da, aurreko hiztegigintzari amore emanez batzutan, bere kasa asmatutakoak nahiz besteri irakurriak erabiliz bestetan.

Ihardun honen ondorioz sortu den hizkuntza ugari baina inkoherente hori bil, azter, zuzen eta sistema zezan lehen lan bederen probisional eta behin-behineko baten premia sentitzen zen jadanik. Eginkizuna egitekotsua zen, baina urgentea halaber. Ausartzia behar zen, baina, ausartziarekin batera, euskal linguistikaren, batasunaren zentzuaren eta azken urteotako produkzioaren berri sakonki jakin behar zen.

Baldintza guztiok betetzen zituen talde batek burutu du lana, hiru urtetako ekinaldi baten ondoren. Horrela, eta berehala aipatuko ditudan nire ustezko akatsak gora behera, Euskal Hiztegi Modernoa-z, euskaldun ikasi orok eta are euskara-ikasle orok eguneroko lanean erabili beharko duen obra bat eskaini digute. Bego hori kritika guztien gainetik eta aurretik.

Euskal Hiztegi Modernoa argitara baino bi hilabete lehenagotik ezagutzen dut, Kintana adiskideak utzi zidan inprenta-proben fotokopia baten bidez. Aitortu behar dut, guztiz baliagarria gertatu zaidala beti, erreferentzi puntu seguru bezala bederen. Ondoko lerroak, bi hilabetetako erabilkuntza etengabe horren eta euskal parteko A, B, eta E letren azterketa sakon batek eskaini dizkidan eritzi-elementuen azalpen partzial bat izango dira.

Kintana eta honen ekipoaren lanaren zati bat, Azkueren Diccionario Vasco-Espanol-Francés-en ikerketaren ondorio da, hitzaurrean bertan adierazten denez eta obrak berak nabari duenez. Jakina denez, Azkueren hiztegi nagusia ez da berez hiztegi arauemaile bat, deskriptiboa baizik. Horrela, lehenik, hitz bakoitzaren bariante eta azpibarianteen oihanetik bat hautatu edo zenbait bereizi behar zen. Egiteko hau, oro har, egoki egin da. Horretarako erabili diren erizpideak, hitzaurrear, adierazten direnak, nahiko zuzenak eta koherenteak iruditzen zaizkit. Halaber, Azkueren hiztegiaren hutsegiteak saihestu dira gehienetan: ezagun da, literatura klasikoaz eta Azkueren iturrien azterketa kritiko sakona egin dela. Dena dela, Euskal Hiztegi Modernoa, Diccionario Vasco-Espanol-Francés-ari lotuegia aurkitzen dut hainbat puntutan; bereziki, euskal hiztegigintzaren huts larrienetako bat gertatzen den gramatika kategorien arazoa tartean sartzen denean. Uste dut, zenbait adibidek aski argi utziko duela esan nahi dudana: “Aurtzaka: navegar con viento contrario” (Azkuek bezala). Argi dago aurtzaka ez dela “navegar”, adberbio bat delako eta ez aditz bat. Hiztegi Modernoaren arabera ‘hemos navegado con viento contrario’, aurtzaka dugu litzateke. Horrelako ordainek, hiztegian Azkuerenari jarraiturik askotan ematen direnek, ez dute irakurlea eta idazlea nahasi besterik egiten. Ene ustez, “Aurtzaka: contra viento (navegar, bogar…)” edo horrelako zerbaitek, nahasbide asko saihets zezakeen. Berdin, “Axun: (NG) “perra, gata o cerda preñada”. Ordainaren arabera axun izena da, ‘perra, gata o cerda’ delako (‘preñada’ mugatzaile edo zehaztaile bat besterik ez da ‘con viento contrario’ ‘navegar’i buruz bezala). Hitz honetan, Hiztegi Modernoak Azkuerena okertu egiten du, honek, zuzenago, “Axun; preñada (se dice de la marrana, perra o gata)” ezartzen baitu. Hemen beste askotan bezala, (eta har beza hau kontutan irakurleak) adibideak salbatzen du Hiztegi Modernoa nahasbidetik. Erdipurdi-ren ordaintzat ‘informalidad’ ematen da, hori ere Azkuerengandik besterik gabe hartuta. Esanahien artean dagoen desegokitasuna alde batera utzirik, ‘informalidad’ izen bat da eta erdipurdi ez: ezin daiteke esan ‘erdipurdi handi bat’, ez eta ‘erdipurdia da Mikelen akatsik nagusiena’. Hemen ere, adibideei esker zuzen daiteke definizioaren okertasuna. Adibideak ugaritzea ez litzateke zaila izango, baina uste dut irakurleak aski izango duela hauekin arazoaz jabetzeko.

Euskal Hiztegi Modernoa-n asko eskertzen diren gauzetatik bat, adibideak dira: eskaintzen dituzten argitasunengatik, hiztegia askoz erabilkorragoa bihurtzen baitute; adibidez, aditzen erabilketaz ematen dituztenak. Dena dela ere, hemen gabezia bat nabari dugu; nola da, erreinatu da ala erreinatu du? eldarniatu da ala eldarniatu du? ezindu da ala ezindu du? Urlia eta Sandia eztabaidatu ziren ala Urliak eta Sandiak eztabaidatu zuten? Uste dut horrelako informazio bat guztiz ongi hartuko zukeela idazle batek.

Hitz berriei buruz, ekipoak hitz-bilketa ia exhaustibo bat burutu duela esan daiteke. Oinharri sendo eta seguru hori ere argi nabari da Hiztegi Modernoa-n zehar. Sail honetan agertzen den guztia ez da, nire ustei, urre gorria, baina horren kulpa ez da hiztegia moldatu dutenena, gure hizkuntzaren egoerarena baizik: ez da miraririk egin, miraririk ezin egin zitekeelako haiu zuzen. Askotan, txartasun gutxieneko hitza hautatzera mugatu behar izan dute; baina hori zen hiztegigileengandik espero ahal genuen bakarra.

Gauzak horrela, hurrengo lerroak areago dira egoera baten kritika, zuzenki hiztegiarena baino. Bego aldez aurretiko ohar hau. Euskal Hiztegi Modernoa-n hitzen ordez, eta hitzak balira bezala, sintagma osoak ematen zaizkigu, hau da, hitzaren parafrasiak, eta hori arriskutsua iruditzen zait. Beste hitz batzuetaz, kaltegarria iruditzen zait euskararen aurrerabiderako (epe luzerako lan batetan pantsatuz batez ere) Hiztegi Modernoa-k (eta, oro bar, gure hizkuntzak) agertzen duen joera sintetikoa, gainerako kultur hizkuntzen analitikoaren ondoan: eskilamihi juntu idatzirik, ez dugu inor enganiatzen: hor, egiatan, zera egin da: mihi hitzari adiera berri bat, ‘badajo’, ematea. Eta hobe gauza horrela geratu balitz, eta ‘badajo’n mihi (eta ez kanpanmihi, eskilamihi) jarri balitz; “eskila handiaren eskilamihia erori da”ren ordez “eskila handiaren mihia erori da” izango genukeen eta alde guztietatik irabaziz aterako ginatekeen. Euskal Hiztegi modernoari jarraikiz, “hainbat bizilagun bizi den bizilekuaren bizi kondizioak” eta horrelako enjendroak atera daitezke. Hildo berean, bizkarrezurdun hitzaren euskal definizioa (eta inoiz euskal hitzen euskal definizioa eman beharko dugula uste dut) ematean, “bizkarrean hezurra duena” edo horrelako zerbait eman beharko litzateke, hau da, tautologia bat, “el caballo blanco de santiago es el caballo blanco de Santiago” esango bagenu bezala. Horrela ezin daiteke kultur hizkuntza bat presta.

Honekin zerikusirik baduen beste problema bat, adibide baten bidez aipatu besterik ez dut egingo. “Askitan: bastantes veces” (Azkuek berdin). Itzulpena motza eta nahasgarria gerta daiteke, askitan “en bastantes” baita, nahiz “veces” nahiz beste zerbait: Zenbat lekutan ikusi duzu? “Askitan”. Hemen askitan, aski lekutan-en ordain da. Berdin gertatzen da -(z)ko atzizkiaren bidez eratu diren hainbat hitzekin, adibidez.

Askoren ustez hiztegiaren akats haundienetako bat datekeenari, ortografia bereziarenari (ph, mm, y…), ez deritzot garrantzizkoa, ohizko sistemarako iraganbidea automatikoa baita edonorentzat. Ez naiz sistema horren aldekoa, epe laburrera behintzat, baina hori beste gauza bat da. Ez nago ordea hain konforme egin diren hainbat berreraiketa “etimologiko”rekin “hatz” h-z idatzen dela ez zait arrazoia iruditzen, atzeman hitzari Iparraldeko tradizio klasikoan bertan izan ez duen h bat ezartzeko. Batasuna, hitz berberak adierazten duenez, batua ez dagoena batzea da. Horrela harri eta arri-ren edo bete eta bethe-ren artean bat aukeratu behar zen batasunaren izenean, eta bat aukeratu zen. Baina atzapar, atzeman eta antzekoetan (zenbait dialektokeria klar alde batera utzirik) batasuna eginik zegoen, ezer batu, eta beraz ukitu, beharrik gabe. Berdin erbeste-rekin, sartaldeko forma delarik eta euskaldun filologian ez espezialduaren competence-an ez delako ‘herri’ren deribatu bezala sentitzen jadanik. Hildo honetan, ez dakit zergatik atseden-i, ‘hats’etik omen datorrelarik, ez zaion h bat ezarri. Euskaltzaindiak, bere 2.000 hitzeko zerrendan, atzapar eta atzeman ezarri zituenean, bide ona aukeratu zuen, nire ustez. Beste hainbeste esango nuke askazal (ik. Lafitteren hiztegian ‘ongle’) edo hestu-ri dagokionez: hestu ez da inoiz idatzi. Estu bai eta halaber hertsi, baina honek ez du bestea zilegiztatzen. Bukatzeko, azaro-n ortografi huts bat dagoela Euskaltzaindiari leporatzea, hueso eta huevo direla eta osamenta eta ovario-ren ortografi hutsak Real Academia de la Lengua Española-ri leporatzea bezain zentzugabea iruditzen zait. Halaber, erizpide etimologikoek ez dute astelehen (astelen hedatuagoaren kaltetan) legeztatzen: hor dugu ingelesez moon baina monday.

Antzeko arrazoiengatik, ez nituzke Hiztegia-n “neologismo incorrecto” sanbenitoa egotzirik arbuiatzen diren hitzak hain erabat baztertuko. Gure literaturan nahiko tradizio duten hitzak zokoratzeko sortu direnetan (abesti/kanta), zaharrari emango nioke nik lehentasuna. Baina anartean euskaraz erabili ez ziren esannahientzat sortuz joan ziren hitzei dagokienez, Hiztegi Modernoa oinharritzen deneko erizpide hori ez zait hitz bat baztertzeko nahikoa iruditzen, erdal jatorrizkoak zilegiztatzen dituen arrazoi berberak zilegiztatzen dituelako horik ere: erabilketak, idazleen artean izan duten harrerak, hitz batez, tradizioak. Eta niretzat bederen, beti problematsu gertatzen diren gramatik zuzentasunezko eritzien gainetik dago tradizioa. Ez ditzagun filologia eta hizkuntza bizia, hizkuntza-tresna, nahas. Nahiago dut “habitante”ren ordaintzat biztanle hitz “okerra”, jadanik XIX. mendeko idazleek hainbat erabili zutena, bizilagun perifrasia, askoz anbiguo eta esangura zabalagokoa baino. Halaber, sorterri zaharrak ez du azken urteotan “patria”k hartu duen adiera politikoki konnotatua ordaintzen: aberri-k, aldiz, bai. Hildo berean, euskal parteko hainbat hitzetan (eus eta euz-ez hasten direnez ari naiz batez ere) adierazten direnei dagokienez, ez zait hiztegi bat tankera horretako eritziak, arrazoiak eta desarrazoiak, plazaratzeko tokirik aproposena iruditzen.

Inprenta-lana, Euskal Hiztegi Modernoaren funtseko lan batek merezi zukeenaz guztiz behetik dago, eta horrelako lan batetan badu puntu honek bere garrantzia. Orobat koadernapenaz, kontsulta-liburu batetan ahulegia eta hauskorregia gertatzen denaz.

Baina nire ustezko akats erlatibo guztiz baztergarri hauek ez dute Kintanak eta bere ekipoak burutu duten lan eskerga lausotzen. Akatsok, gainera, eta adierazi denez, hiztegiarenak baino areago gure hiztegigintzaren egoerarenak dira. Obra hor dago. Ikasleak mirariturik geratuko dira, ulertzen ez duten hitza azkenean hiztegi batetan agertzen dela ikusteaz: Euskal Hiztegi Modernoa-z ez da jadanik egia “ez daude diren guztiak eta ez dira dauden guztiak” hura. Eta idazleak ez du hainbat denbora galduko ez eta hainbat buruhauste izango bere lanean, ez urrik eman ere. Zeren, beharbada, Euskal Hiztegi Modernoa ez da hiztegi on bat izango. Baina badu hori baino meritu erabakikorrago bat: oro har, dugun hiztegirik onena eta hoberena dela.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak