« Euskal karma | Ipuinak »
Bitartean heldu eskutik / Kirmen Uribe / Susa, 2001
Keinu baten garrantzia Igor Estankona / Gara, 2001-12-22
Azaleko irudiak zeharka ohartarazten digun bezala, “etorri” eta “joan” aditzak bereizten ez diren poema liburua da Kirmen Uriberena. Ameriketako Estatu Batuetako gasolindegi hotz horietako bat agertzen da, negukoa edo gutxienez euri zaparrada baten ostekoa dirudien zeru urdinaren azpian. Gasolindegietan, azken batean, berdin da etxera zoazen edo handik ihesi. Liburuko pertsonaiek —poema liburu batean halakorik badago, behintzat— eta denen artean nagusiak —poetak— jaiotzatik heriotzarainoko marra irregularra dute hizketagai. Bidean kausitzen dituzten edertasuna eta oinazea zuhaitzak edo landak baino ez dira, gugandik kanpo egon arren mundua zedarritzen dutenak.
Bitartean heldu eskutik titulua bera azkenaldian entzun dudan apalena da. Inpotente sentitu eta sentipen hori onartzearen laudorioa iruditu zait. Beharbada irakurleari ere hala irudituko zaio poemetan murgildu ahala, izan ere, gertatzen ari dena gure borondatearen kontrakoa edo gure borondatetik haragokoa dela onartzen duen poesia da. Eskutik heltzea da, askotan, gure azken keinu senezkoa. Eta era berean keinurik salbatzaileena, kidetasuna eta maitasuna adierazten dituena.
Poema laburrenek uzten duten zapore gazi-gozoa mantendu egiten da luzeenetan ere. Ñabardura gehiago edo gutxiagorekin, liburuko zazpi atalen materiala bertsua da. Material hori erabiliz eraikitzen dena desberdina izan arren, beti geratzen zaio halako kolore antzeko bat, pezoaren gorri itzalia gogorarazten duena. Aresti eta Duchampen arteko xake partida existentziala da, duda barik, adibide gorena. Poema sui generis horretan heriotzaren garrantzi erlatiboaz hitz egiten du Kirmenek, zeina bizitzaren garrantzi erlatiboaren ondorioa baino ez den. Honek ez du esan nahi, noski, mundu honetako dramak gutxiesten direnik. Baina Kirmenen lasaitasunarekin hobe, xamurrago, sineskorrago, bihurtzen da guztia. Agirika eginez gero, esaten ari garena berresten duen seinale bat edo beste aurki dezakegu. Berretsi baino areago ilustratu, beharbada. Itsasoaren figura da seinale horietako bat. Itsasoa ia beti bare dago, edo elementu urrun bat da. Eta era berean baretasun horrek, urruntasun horrek, ematen dio zentraltasuna hainbat pasartetan. Arduragabeki tratatzen gaituen heriotzaren eta beronen hitzaurre den bizitzaren antzeko papera jokatzen du. Itsasoarentzat kaioa ez da ezer. Arrantzalea ere, ontzi eta guzti, bere bizkar erraldoian igarri ere egiten ez duen zerbait da. Apaltasun infinitu hau kontuan izanik idazten du Kirmenek. Bakoitzak bere ingurura jotzen du, bestalde, figura bila. Eta Ondarroako zaporea daukan liburua dela esatea lartxo izan daitekeen arren, ezin ukatuzkoa da kresalaren eta portuko harremanen ukitua.
Portuak, gainera, nahaste-borraste bereziak dira beti. Larruazal, aurpegiera eta patu desberdinen bilgune. Gisa berean kokaleku eta errealitate desberdinak agertzen dira liburuan. Poesian zerrendatze kaotikoegiak eta salto handiegiak atsegin ez dituenarentzat gogoan hartzeko datua da hau. Gauza desberdinak nahasten direla ematen badu ere, azkenean, logika sinple bat nagusitzen da: armiarma sare handi bat da gure mundua, beti erditik harilkatzen dena. Bertatik tiraka soilik konturatuko gara pieza luze bakar batez egina dela. Liburu “osoen” eta liburu “fragmentarioen” auzi ganorabakoa alde batera uzteko ahaleginean ari da horrela euskal poesia gaztea.
Poetaren bat irakurleen aurrean biluzten ikusi nahi baduzue, Danteren infernu hartan iragartzen zen bezala, gal ezazue esperantza oro. Baina poetaren bat egia esaten ikusi nahi baduzue, irakurri Bitartean heldu eskutik.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez