kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Kapitain Frakasa / Anjel Lertxundi / Erein, 1991

Kapitain Frakasa Iñaki Aldekoa / Hegats, 1994-01

Egunez Machaco edanez eta gauez pistola burkopean duela hartu gaitu kontalariak genero beltzaren kutsu osoa susmatu diogun nobelaren atarian. Hango pasaportearen bidez ezagutu dugu Ismael Osorio pertsonaia. Bere burua nor den ziurtatuko dion istorioa eraikitzea izango da nobelako protagonista anbiguo eta definigaitz horren betebeharra. Izan ere, zein etsairengandik datorren ez dakien pasaporte faltsua eskuetan, erabaki beharra dago. Zer erabaki, ordea, pasaporte faltsuak areagotzen diolarik bere buruarekiko ziurtasun eza; izen askoren atzean mozorrotu denak badu horrelako arriskurik: Marcel, Antonio Cerdan, Ismael Osorio? Zer erabaki, bestalde, protagonistak berak ere ez baitaki zein den bere lanean izan duen porrotaren arrazoia?

Nobelaren abiapuntua: Omega marka bat (pasaportearen sinaduran) eta aurrezantzu baten indarrez nabarmenduko den irudi bat (bi txori mokoka zeru mugetan). Pasaporte-mehatxuaren hartzailea, mafiosoen itxurako talde baten barruan gainbehera etorritako gizon eroria: Ismael Osorio. Zein ote pasaportearen igorlea? Edo, hobeto esan, zein legoke Omega markaren atzean? (Omega horren obsesioak nobelaren bazter guztiak zipristinduko ditu). Hipotesi ugarien artean, hiru ertzetako triangelu moduko bat gorpuztuz joango da: Franz Gleizes, Gerald D… baina zein ote hirugarren gizona”? Orson? Aurrerantzean, protagonistak atsedenik gabe darabilen oroimenaren azterketa urduria filme munduko zenbait erreferentziaz tartekatuta agertuko zaigu: Orson (Wells), Citizen Kane, Josep Cotten, betametasona, Green (Graham) etab…

Bada aipu gehiago ere, baina ez dira hain funtzionalak, pare bat izan ezik, Abraham-en neskamearen seme bastardo biblikoa: Ismael (Moby Dick). Horixe da, hain zuzen, igorlearen eta hartzailearen arteko bitartekariaren mehatxu sinbolikoa: Adi daukak Jainkoa! (horixe esan nahi baitu hebraieraz izen horrek). Eta “Commedia dell’arte”tik jasotako Kapitain Frakasa-ren nortasuna, bestea. Bata ala bestea bihurtu kontalariaren proiekzio, irakurketa desberdinak beregana ditzake nobelak.

Nortasun bila

Helburua ez da, dagoeneko, ihes egitea, baizik eta ezerezaren atari huts ez bilakatzea heriotza. Izan ere, ohartua baita protagonista, ordurarteko bere nortasun faltsuaz (“Heuk erabaki beharko duk orain nor haizen, nori egingo dioan orain moko”). Ohartua, inoren usteak mozorrotutako jantziaz eroso ibili arren, uste horren aldatzearekin batera, ezer gutxi izatera iritsia dela. Memorian barrena murgiltze horretan poliziaren funtzioa —ohizko “genre policier”etan ez bezala— memoriaren harikaltze horri sostengua eskaintzea baizik ez da izango. Esate baterako, zine-oihala eta proiektagailua aitzakia direla jakingo ditugu protagonistaren maitalearen (Monique) heriotzaren inguruko berriak. Nobela osoa zeharkatzen duen maitasun anbiguo horren istorioa une horretantxe bihurtuko da kontalariarentzat narraziogai: zine oihalaren aurrean jasandako zirrara “tempus narratibo” bilakatuko da.

Ez gaude, beraz, ohizko nobela poliziako baten aurrrean. Hala izan balitz, askoz lasaiago jarriko ginateke kontalari bakarraren esanetara. Ez dugu, baina, hemen onik eta gaiztorik. Bereizketarik egitera, gaiztoa eta gaiztoagoen artean egin beharko genuke: nor gaizkileena? Beraz, anbiguitateak nobelako orri eta intentzio guztiak zipristitzen dituen horretan protagonista nagusiak eginahalak egingo ditu bere izakera beste taldekideengandik bereizten: moralarekiko kezkak edo giza-sentimendu baten adierazgarri den jelosia aitzakia.

Iraganaren sareari errezelo handiz begiratu arren, handixe berreskuratu beharko ditu bere nortasunaren giltzarriak. Izan ere, jasanezina zaigu taiu eta zentzurik gabeko bizitzarik: bizitza fikkzioaren mugetan eraiki beharra dago. Gauzak horrela, anbiguotasunaren heroi eredugarri horrek, bere buruarekiko kontugarbitzea luke garaipen, erredentzio badaezpadakoa. Ez du, bada, salbatuko taldekideen aldean erakutsi nahiko lukeen gizatasun apur horrek; aitzitik, egiazko espiazioa, erruaren pisua arinduko diona, kontaketaren ahaleginak berak dakarkio protagonistari. Izan ere, saio horretantxe biltzen du kontalariak nobelak modernitatean planteatu duen galdera funtsezkoenetakoa: nor naiz? Zer da gizakia?

Modernitate hotza

Nobela modernoaren heroi hunkigarrienak pertsonaia arrunt, xume eta anbiguoak ohi dira. Norbere baitan aztarka bildutako bizi-pusketak lerrotzera mugatu ohi da haien heroitasuna. Baina XX. mendeko nobelagintzan problematikoa bihurtu da pertsonaien nortasuna. Problematikoa, nobelagileari dagokionez, eta, zer esanik ez, irakurleari dagokionez. Ez dago, baina, Kapitain Frakasa nobelan irakurleari men egiteko inongo asmorik. Nobela horretarako materialitate beltza nola dagoen antolatuta ikustea nahikoa, denborapasak irakurlearekiko errukirik gabeko saio baten aurrean gaudela ohartzeko. Erreparatu, bestela, elipsiaren etengabeko erabilerari, edo iraganaren sareetan egindako jauzi mortaleei.

Gogoan dut hemezortzi hemeretzi urte nituelarik Kafkaren Amerika-rekin ausartu eta nola sufritu nuen. Ez zen ondoez hura nobela gustatzen ez zitzaidalako, ordea; ez, ze hori izatera, liburua bertan behera utzi besterik ez nuen. Kontua da, belarriondoka tratatu zuela Kafkak, oraindik istorio erromantikoen amaiera goxo eta itxaropentsuen aiduru zebilen irakurle inozo hura. Neu nintzen irakurle hark David Coperfield baten istorioa kontatzea eskatzen zion Kafkari, eta Kafkak, jakina, errukirik gabe, behin eta berriz desengainatuko ninduen. Nobelako pasadizoek ez zuten irakurle inozoaren barneak jarritako “pultsioari” satisfaziorik emateko premiarik, nonbait.

Antzeko zerbait gertatzen da Kapitain Frakasa nobelan ere.

Istoriorik egon ala ez egon, peripeziak pila dira nobelan; gauza asko gertatzen da, maiz benetan zer gertatzen den ez dakigula ere (mobilizaioak, arrazoiak); nobela poliziakoa ote den irakurtzen hasi eta, generoaren azpia janda dagoela konturatuko gara aurrerago, intrigaren espektatibak sortu eta berehala zapuztu zaizkigu… Gogoratu besterik ez dago nobelako lehen atalaren bukaera; norbait ari zaio ate joka motelean babesa aurkitu duen pertsonaiari; nor izango bisitaria, eta —suspensearen xarma guztia apurtuz— moteleko neskame garbitzailea! Horrelaxe jokatuko du kontalariak beti, espero izateko intriga ñimiñoenari ere arnasa ukatuz eta irakurle pasiboaren desesperoa anti-klimaxean erreziklatuz. Istorioak hasi bai egiten dira, baina ez dira inoiz osatzen, nahiz eta inoiz kontalariak horietako istorioren bat salbatu nahi, bere bizitzari konsistentzia apur bat emateko bederen.

Nobelagileak bere buruari planteatu dion erronkari erantzutera dator, beraz, liburuaren egituraketa hori, erabat ohartua da. Escheren irudietako artifizioa kontalariaren iraganaz jabetu bailitzan, ez dakigu zehatz noiz den iraganago, zer orainago, noiz ametsaren kateatik aske, nondik ari zaigun kontatzen…; nobela osoa iraganean gertatzen den arren, maiz ez dago bereizketarik iragan urrunago eta gertuagoko pasadizoen artean, ametsezkoen eta oroitzapenen artean. Areago gertatzen da irakurlea inguratzen duten errepikapenekin: non gaude?; esaldi hori lehen ere agertu zait nonbait, beste hemen oihartzunik oraindik gogoan dut… Eta errepikapen esanguratsu horiek ugari samar dira: zenbat probabilitate daude hurrengo zigarroa ere airera bota eta zutik gera dadin? (32. or., 162. or.); Nola egin zara zure gusturako aromatikoegia behar duen likore honen zale (66. or., 158. or.); Cinema Paese… A bout de souffle… Godard (66-67. or., 127. or.). Nobelaren baitan ernaltzearekin batera desagertzera kondenatzen diren istorioak eskema formal baten esanetara daude. Ez da istorio ohizkorik kontatu nahi; istorioak kontatzea iraganeko egitekoa bailitzan, zeharo uko egiten zaio garai zaharragoetako istorioen antzeko gorpuzteari nahiz giza-sentipen kutsuko edozein erromantizismori. Idazketa biluzia da, hotza. Musikara paralelismo bila hurbilduko bagina, A. Schonberg-en edo A. Berg-en konposaketa eskemak onartzera behartuta egongo ginateke, partikula goitik behera baldintzatuko duen eskema intelektual bati jarraitzera, melodiari edo erromantikokeriari ihes egitera, alegia. Emoziorik izatekotan, emozio hori intelektuala da soilik, sonoritate hutsetik sortua, idazketa hutsetik abiatuta… (nahiz eta musika forma hutsa den, eta ezin halakorik inoiz izan literaturak). Beste muturrean geldituko litzaiguke Nel mezzo del camin-en nouveau roman-eko zalditik erori berritan Barthes-ek bere buruari galdetutako hura, zergatik moderno izateko ternura ezkutatu behar hori? XX. mendeko literaturaren bi muturren tentsio betikoaz ari zen galdezka.

Carla-n gertatzen da oraindik istorio fantastiko batek tankera hartzea. Bestela, hango elementu asko dabil Kapitain Frakasa nobelan, garatuago eta seguruago ibili ere. A. Lertxundik aspaldidanik erabili zuen Europaren Ipar eta Hegoaren tarteko paisaia eta jitea, Hunik Arrats artean-etik Aise eman zenidan eskua-ko ipuin batzuetara, eta handik Carla nobelara, betiere Hego-Ameriketako narrazio-ereduaren kontrapuntuan. Oraingo honetan sakonago murgildu zaigu Erdi Europako tradizio hain gaurkoan.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak