kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Hau mundu arrano hau / Juan Bautista Elgezabal "Batxi" / Susa, 1997

Idazle errimea Edorta Jimenez / Hegats, 1998-06

Literaturaren historian gutxitan gertatzen dena da, itxuraz, iraganari buruz diren orrialdeei ezer berririk gehitu beharra. Horrez gainera, zeozer gehitu beharra izaten denean ere, idazle jakin baten lanaren alderdi ezezagunen bat argitaratu delako izan ohi da, eta ia inoiz ere ez da izaten egilea bera ezezaguna izan delako. Ordura arte ezezaguna esan nahi dut. Bada, halako egile baten berri jakin genuen iragan urtean, Juan Bautista Bilbao Elgezabal. “Batxi” dugu gure literaturaren orrialdeetara etorri den azkenaurreko ezezaguna “Hau mundu arrano hau” da haren lanari eman dioten izena, hura hil eta laurogei urte beranduago ezarria. Batxiren lana argitara ekartzearen erantzunkizuna hartu dutenak Iñigo Aranbarri eta Koldo Izagirre izan dira, liburua gainbegiratu duen edonork dakien legez. Esan beharrekoa da, bestalde, azpimarratzekoa den beste alderdi bat dagoela, alegia, egin duten lana beste lan zabalago baten emari ustegabekoa izan dela. Oso eskuragarri ez dagoen Gerraurreko literatur kritika, Labayru Ikastegia eta Amorebieta-Etxanoko Udalaren artean argitaraturiko liburu funts-funtsezkoa prestatzen zihardutela, Batxiren berri izan zuten Gipuzkoako ikerlariek. Eta harritu ere egiten ziren, hitzaurrean dioten legez:

Nor ote da hildakoan Kepa Enbeitak lantua jotzen dion hau? Nor ote da euskal literaturaren historiaz egin diren liburu guztietan aipurik ere merezi ez duen idazle hau? Nor ote da bera ez dagoelako euskal idazleen lehen batzarra atzeratu egiten duten hau? Nor ote da libururik gabeko idazle hau? Nor ote da kirikiñok “idazle errrimea” esaten dion hau? Nor ote da Batxi? (Hau mundu arrano hau, hitzaurrean).

Literaturaren historiako eskuliburu guztietan laster agertuko den fitxak ez du Batxiren datu lar jasoko, egon ere apenas baitago halakorik. Badakigu 1887an jaio zena, Arratzun. Gernikatik hurbil. Gazte-gaztetan hasiko zen itsasora, bai, hogeita hamar urte bete gabe hil zen gizon gazteak “hamazpi daroadaz ur gainean” baitiotso Kirikiñori. Hortik atera kontuak.

Adinaren kontuak eginda, ezinbestez datorkigu burura itsasora hamabi urterekin, hortxe hortxe, hasitako hura buruikasia behar zuela. Derrigorrez. Eta izan ere, halaxe da. Euskarazko kazetaritzaren historian, eta horren ariketa-liburuetan ere, leku eske diharduen Batxik bizkaiera eder jantzi batean idazten zuen. Argitaratu zituen lan gehienak Euzkadi egunkarian daudela eta, “janzte ” lan horretan Batxi ez den beste inoren baten eskua ere sumatzen delakoan daude Aranbarri eta Izagirre. Zelan ere den, digante baten taxua hartzen zaio, lan egitearen moduaren aldetik behintzat, Batxiri.

Esan dudan legez, itsasora oso gaztetan hasi zen, txo edo mutiltxiki ziur asko, nahiz eta kronikak idazten dituen aldian hornikari edo maiordomo zereginean ziharduen. Bada, goizaldeko orduak erabili ohi zituen bere burua jakintzaz janzteko eta zeredozer idazteko. Horretara, euskara eta gaztelera ezeze, beste hainbat hizkuntza ere ikasi zituen, bere kronikak irakurriz jabetzen garenarekin bat. Irudikatu egin behar da, gero, gizon gazte hura, hamazortzi urtekin aita izana eta ontzian ere ardura handiko zereginean ziharduena, bere ganbarako bakardadean lanean. Izan ere, abertzalea zen eta, abertzaletasunak ematen ote zion indarra? Ezezkoan nago. Batxiren kemenaren iturbegia kizkuntzarekiko maitasunean dago, nik uste. Maitasun horrek eragiten dio beste guztia.

Badakit hizkuntza maitatzearena eta halakoak aipatuz gero bide irristagarrian sartzen naizela, zorioneko maitasun hori hartu baitute aitzaki Batxiren beste muturreko idazleak direnek, hots, euskaraz folka egin dutenek, hala nola, Kirikiñok berak zenbaitetan. Batxik euskarari dion maitasunak hizkuntzaren barne-ezintasunak eta oztopoak gainditzearrengo ahaleginak egiten laguntzen dio, Arratzukoak denean eta denetarako gai nahi baitu euskara. Ez dabil, bada, mundu zabalean harat-honat itsasoak hausten? Beraz, itsasote horietan gertatuak inguruko beste edozein hizkuntzatan idatz daitezke eta, zer dute beste hizkuntza horiek euskarak ez duenik? Horrela galdetuz gero, “Langile porrokatuak”, erantzungo luke Batxik, ia ziur.

Goiko planteiamendu horrekin, munduko portuetan ikusten duenaren berri ematen dio Batxik irakurle garaikideari, hots, Lehen Mundugerrateko 1914-16 urteetan bizi denari. Haatik, eta idazle sena arnastu zuen lehenengo haizeak eman ziolako edo, kroniketan lieratura egiten du. Eta zein literatura ederra den Batxirena.

“Hau mundu arrano hau!” eleberria balitz moduan irakurtzen da kasik. Hasteko, kroniken irakurketan aurrera egin ahala narratzailearen beraren erretratua osotuz goaz, idazlearen asmoa horrela izateko pentsatu zituenentz ez dakigun arren. Bigarrenik, bizi dituen giroak paperera bizi-bizi ekartzen daki. Hirugarrenik, ez du falta, ez, kronika jakin bat edertzearren han-hemen sarturiko zertzeladarik ere, hots, gertaerak eta bere subjektibotasunetik etorritakoak polito uztartzen ditu, asmatu egiten baitu, bai, eskuartean duen lanaren mesedetan asmatu behar denean. Bada, txertatze- eta sortze-lan horretan hainbat pertsonaiaren erretratu laburbiziak eskaintzen dizkigu. Egiteko modu horren gailurra, asmatuaren eta jazotakoaren arteko jokoaren gorengo maila, “txapel” ezizeneko baten erretratuaren bidez iristen du, nik uste. Baina, azkenik, Batxiren lanean bada beste ezaugarri bat ere, “Hau mundu arrano hau!” liburuari eleberri-kutsua edo, gutxienez, oroitzapen-liburu biziarena ematen diona, hurrengo lerroetan azaltzen saiatuko naizenarekin bat.

Esanda utzi dut nortzuk ekarri diguten Batxiren berri eta aipatutzat jotzen dut horiek liburuari jarri dioten hitzaurrea ere, hortik atera baititut idazleari buruzko fitxako datuak. Bada, fitxa hori ganoraz osatzeko behar diren datu horien artean heriotzarena izango genuke faltan iruzkin honetan. Hala eta guztiz ere, nahiago dut datu hori hemen eman ez eta irakurleari berari utzi bilatzen. Bilaketa horri zuzenean ekitea gomenduko nioke nik edonori. Liburua hartu eta Gibraltar-tik (1914ko urtarrilean) izenekoa irakurriz hasi, Aranbarri eta Izagirreren hitzaurrea irakurri gabe, horrela egin dut nik. Eta, hau mundu arrano hau! oroitzapen-liburu erdiragarri baten moduan irakurri dut. Gero, irakurketa amaitutakoan, hitzaurrera jo dut. Eta labur eritzi diot. Jakina, hor esaten dena baino gehiagorik ez dakigu. Oraingoz behientzat.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak