kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Kattalinen gogoetak / P. Arradoy / LFAC, 1955

Kattalinen gogoetak Z. / Euzko Gogoa, 1956-01

Egillearen eskein-itz laztanez ederturik daukat idaztiño au: 106 orrialde ditu ta begi itxi-irikian irakurria dizut bururen buru, aotik ezin utzizkoa bait-da.

Nor dugu dalako Kattalin ori? Idazleak dioskunez, “bada olako Katalin frango bazterretan: ala Zibero xokoan, ala Amizkuzeko oianetan, ala Garazi edo Baigorri aldeko mendietan ala Iholdi eta Lapurdi’ko erreka edo zelaietan“, ta auxe eratxiki dezakegu, baita Gipuzkoa, Bizkai, Naparroa ta Araba aldeetan ere bearrik. Soiñez nolakoa dugu Kattalin ori? Ortaz tautik ez dio idazleak, baiña, neri beintzat, arpegi azal-urdin, bekoki zabal, begi erne, adats gaztainkera, bular iori ta aundi iduritzen zait. Ta aren biotz-gogoaren ederra! Adimenez bizkor, eskuz lankoi, batean goibel, bestean irri, bere biotz ta gogoaren kezka larri, ta ioran goriak oro larru-gorritan azaltzen dizkigu.

Idazti osoa Kattalin’i buruz ari zaigu: bidenabar, ingurukoen berri ere ikasten dugu: aren senar, seme-alaba, adiskideen berri, alegia. Kattalin’en gogoa xaloa, ximena, bakuna ta beroa dugu. Egunean eguneroko etxe-lanetan ari izan arren, ez du ahantzirik bestekaldeko bizia ta beti Jaungoikoaren argitan eder ta guren agertzen zaigu.

Berrogeita bi urte ditu bizkarrean, ta larunbatez goizean goizik “aitaren” eginda agertzen zaigu, txoriak txorrotxiotxi, eguzkia irriz ta iturria erasiaka ari diralarik, eta goizeko aren lehen gogoa Jainkoari buruz doa garbi ta bero. Bost eta erdiak dira. Jaiki-ala, sua garretan arki du sukaldean. Joanes senarrak irazekia. Ageri danez, senar-emazteok eskuz esku soiñez soin gogoz gogo doaz bizibide barrena. Alare, “Jainkoari eskerrak ez zaio ez emaztetu beraren gizona ta emaztea ez da gizondu”.

Gero, zazpietan bere lau seme-alabak iratzartzera doa: “gurikerian azteak ezpaitu deus onik“. Maider, Pettan, Maialen esnatu, ikuzi, goizeko otoitza laburra egin, gozalduta ikastetxerat badoaz aurrok. Etxeko bakean, ordea, seme-alabei buruz ama beti artega ta gogonduri, adiskideak diralata, ikastetxean irakasten zazkieten irakaskizunak diralata. Maider, berriz, sukaldia garbiturik, oilloei ianaria emanik, Seroretarat ioana du. “Ene iduriko, gure aurren geroa lehen da“, dio berekiko Kattalin’ek, Etxaluzeko Jana-Mari’k esanari ardetsirik. Ta berealakoan, Tupintegi’ko Roxali mokoa mehe, ezpaiñak gorri ta erdera itxusia ao-mingaiñetan burura etorri zaio: azibide gaiztoa izanik, Paris’en galdurik bizi dan neskatoa, alegia. Gero, oeraturik datzan amagiarreba laztana gogora datorkio: beraren oilloei artalea eman ta beraren baratzea landu ta efiuerdi eldu zaio dagoaneko: bazkari garaia. Arratsaldean bazterrak garbitu etxeko illarriak antola ta kopetsatzera doa. Igandez, asteko indarra bere egiten du mezatan Jauna arturik. Besperetarik landa, zarrak musean ta gazteak besoz-beso ara-ona ibilli dabiltz.

Astelenez, merkatura doa sal-erospenak egitera; bidenabar, auzo-errietako adiskide zenbait ikusi, asteko berriak ikusi ta zertxobait atseden artuz. Arrezkero, askari, bazkari ta afari, bazterrak garbitu, oilloak bazkatu ta abar: atzo egiña, egun berriz asi bear.

Bitartean, adin gaiztora eldu zaio seme nagusiena: iaun erretoraren etxeratzea Pello’ren galdez, Pettan semea ekarri diote eskolatik ukaia lokatuta; auzokoei mutiko bat ederra sortu zaie, eri adiskideak ikusi, Uhaldebordako Mari’ren eriotza, afaiterako arte alaba ez da etorri ta mutur, eskekoak, Kattalin eri. Ameriketako anaiaren berriak, batzarrean apaizaren itzaldia, semeak kantuz, Maider iru eguneroko gogo-iñarkunetara, garia biltzea, seme txikienaren lenengo iaun-artega, udan arrotzak etxera, moda berriak. Pattin semea soiñu-mutil, Lurdeko itzulia, arrosarioak eta mokanesa, supazterrean Ebangelioa irakurtzen, Ama Birginaren irudi aurrean sukaldeko otoitzak, seme txikienaren aserre-aldia, ura etxeratzea, Pattin semearen etorkizuna, senarra auzapez. Anjelus’erako seme-alabak etxera-bearra, bizia labur, baserriaren edatzea, arratseko otoitza, Jainkoaren neskato: orra, labur ta gaindika bederen aipatu azaltzen ditun gaiak. Ageri danez, etxeko-andre baten eguneroko arazo ta eginbideak aiputan artzen ditu ta guzien edergarri Kattalin’en gogoetak Jaungoikoz eder ta okiturik.

Gure etxeko-andrearen biotza iñork gutxi azaldu al izan du idaztiño onek bezela. Guziok ezagun izan dugu alago andrea gure ama, alegia. Aren maitasunaren beroa, aren adimenaren egaldiak pozetan ezartzen digu biotza. Eguneroko bizibidearen goraberak guzitarikoak dira ta aren idurimenaren egon-eziñak ez du bazterrik ezagutzen: aldez, etxean egonean gozo ta aldiz lanean iarraiki, etxeko-andrearen ikusbegia zabaltzenagotuz ari zaigu. Badu ezpal, badu biotz, badu adimen bere bizibidearen berri emateko. Bera bakarrik ari zaigu mintzalari ta gogoetalari, gurean etxeko-andrea bait-da etxeko buru ta biotz. Etxeko andre orren egunerokoa edo duzu: gogo baten eten bageko gogoeta ezti ta ederrak ematen dizkigu, uste baiño pilosopi aundiagoz igurtzi ta ondurik, eman ere. Etxeko goraberak eta eguneroko iardunaldiak dirala bide, aren gogoetak goruntz egiten dute eten bage: aspaldiko Terese deunak bezela, sukaldeko laratz ta eltze artean, Jaungoikoa ikusten bait-du. Kattalin oraingoan bera danez ageri da, ta geroan berak izan nai luken arauera. Beraz, Kattalin’en oraingoa ta geroa ageri dira garden ta bipil. Aren eskuturik illunenak eta aren alderik argienak eguzkitan blei-blei agererazten dizkigu idazleak.

Euskera errikoi, bero, sutsu ta etorri andikoa darabil dalako Arradoy idazleak. Ageri danez, len ere amaikatxo gauza idatziak ditu euskeraz idazle bikain onek: bearrik ez zaio idaztortza erdoitu, naiz ta bere gain beste egiteko anitz izan. Ta auxe oraindik ederrena: Baiona’ko gotzai-iauregi bazterretan entzun al izan dugunez, badu oraindik beste idaztiren bat ere burmuin artean, baita esku-artean ere, len-bai-len argitarazteko. Idazti eder au euskaldun guziek erosiko al dute, guzien aorako idatzia bait-da: eskatu zuzenbide ontara, Maison des Oeuvres, Bayonne.

Ene zorionik laztanenak Arradoy idazle ederrari ta seguru gaude ez dala beraren azkenengo euskal-idatzia izango. Ez orixe!

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak