kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Septentrio / Aurelia Arkotxa / Alberdania, 2001

Aurrien gainean Igor Estankona / Gara, 2001-12-01

Zerbait idazterakoan, sinplea zein —kasu honetan bezala— konplikatua izan, beti dago dokumentazio lana, hurbilketa eta ulermen ahalegin bat. Septentrioren kasuan, ordea, idazteko laguntzatik harantz doan zer edo zer da dokumentua. Dokumentua zentzu zabalenean uler bedi: liburuak, mapak, lautadak, paisaiak. Galeuscan Aureliarekin liburuari buruz genbiltzala, Kanada ekialdeko eremu zabalek hunkituta zeukatela onartu zidan idazleak. Ni ez naiz han egon, baina edozeinek imajina dezake haizearen erreinu hori. Europa iparraldeko biztanle askok —ez eskoziarrek soilik, baita norvegiarrek edo daniarrek ere— Eskozia Berrian bigarren aberri gogor bat hautematen dutela onartzen dute, esku epel eta amultsuez baino gehiago hotzaren zurruntasunaz tratatzen dituen lurra. Atlantikoaz bestalde jarritako ispilu baten antzera, ehunka urteko arrantzaren eta merkataritza nahiz giza harremanen irudi lausoa itzultzen du. Aurelia bertatik ibili da fisikoki zein testu zaharren laguntzaz.

Irakurlea iparraldeko lurralde hotzetatik ibilaraziko duen liburu honek oihanak, desertuak eta herrialde mitikoak ere baditu. GPS teknologiari esker munduaren zoko bakoitza neurtua dugula gezurtatzen duten istorio harrigarrien bidez, paralelo eta meridianorik behar ez duen mundu zabaletik ibiliko gara. Alegiazkoa eta egiazkoa zein proportziotan nahasten diren jakitea ez da garrantzitsua. Edozeinen bizitzan duten leku bera dute biek: alegiazkoa eta egiazkoa elkarren osagarri dira.

Institut International de Géopoétique eta mugimenduaren aitzindari den Kenneth White-ren pentsamendua nabari da liburuan. Lekuari sano lotutako korronte honek garrantzi handia ematen die gizakia inguratzen duten aztarnei eta seinaleei. Baita naturari berari ere. Natura moldatzen duen gizaki ustez modernoaren ondoan beste gizaki mota bat aldarrikatzen du liburuak: lotsatu gabe onartzen duena bera dela naturak moldatzen duena, bera dela objektua.

Ondo ulertu badut, eta nire adibide bat jartzea onartzen baduzue, eskola horrek garrantzi handiagoa ematen dio hilerriari hilen arimei baino. Hilerriak horma altuak eta ate sendo beltzak baditu, gizarte horrek heriotzaren arazoa konpondu barik daukala ondoriozta dezakegu. Ideia ez da iraultzailea, baina geografia eta antropologiaren alde literarioa ikustea berrikuntza pozgarria izan da. Liburuaren nondik norakoaren beste adibide bat jartzearren, garrantzi handiagoa ematen zaio ibilerari helmugari baino. Doan lekura doala, pertsona baten ibilerak berak salatzen du poztasuna, tristezia, etsipena edo hunkidura, liburuan nagusi diren lau zaporeak aipatzearren.

Bizitzaren funtsezko galderei erantzuteko beren-beregi prestatuak diruditen parabolez beterik dago liburua. Mundu zabal eta ulergaitz honetan dabiltzan Martin de Hoyarzabal eta Piarres Detcheberry Dorre guztiak gu garela ohartzen gara azkenean. Horregatik, batzuetan, pertsonaiak pasean dauden txoriak dira, pasatzen ez den goragoko zerbait horren testigu hutsak. Idazleak berak Ameriketako indiar batzuekin izandako solasaldiaren tonu apalak ideia hori indartu baino ez du egiten. Urrunetik heldutako norbaitek, izan ere, entzun egin behar du hitz egin baino gehiago. Irakurleak ere entzuten jakin behar du, testuaren azpian dabiltzan korronteetan bilatzeko.

Narrazioek besteko balioa dute liburua ixten duten poemek. Harrigarria da lekuen zerrenda sinple batek zelako zirrara sor dezakeen ikustea, goroldioa bezala harrietan eta landareetan itsasten den liburua baita Aureliarena.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak