« Buckowski eta Maiakovski | Tene lehiaketa »
Septentrio / Aurelia Arkotxa / Alberdania, 2001
Legarraren memoriaz Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2001-12-01
Atari ahantziak poema liburua plazaratu eta gero, Aurelia Arkotxak zortzi urte behar izan ditu hurrengo liburua osatzeko. Septentrio hau dugu isilaldi luze horren emaitza, eta nabari zaio hartutako lana. Lan handia, gainera, liburuan ageri diren testu, izen eta mapa zaharren agertzeak berak nabarmentzen duenez. Baina zer da Septentrio? Geopoetika institutuaren sortzaile Kenneth White-k arrasto batzuk ematen dizkigu liburuko hitzaurrean: “Aurelia Arkotxaren erudizioaz froga franko banuen. Urte andana batez, hainbat eta hainbat artxibotegi miatu zituen. Ondotik, itsasoz haraindian ere ikerka ari izana zen. Bizkaiko baiako airean barreaturik gelditzen ziren elementu guztiak bildu beharrez ibili zen”.
Arkotxak berak laguntzen digu jarraian Septentrion Iparraldearekin, hango haizearekin lotzen. Eta komeni da agian Iñigo Aranbarriri Hitzak eta giltzak (Alberdania, 2001) liburuan irakurritakoa gogora ekartzea: “Gaur egunean, berriz, kultura bisualaren oinordeko, globalizazioaren mirabe, goian ezarri dugu iparra eta behean hegoa. Hala, Madrilera bajatzen da halako astero, eta beste hura, berriz, beti dago prest galdetzeko zergatik deitzen den Behenafarroa mapan Nafarroa-Nafarroa baino gorago dagoen eskualdeari”. Esan gabe doa Aurelia Arkotxa Behenafarroa horretakoa dela, Baigorrikoa, eta bere liburu berrian ikusten diren mapetan Septentrion ez dela goian ageri. Gaur egungo mundu ikuspegiak ez dituelako jaso nahi izan, ziurrenik. Horrela, Septentrio honen azaleko mapan Oriens-Ekialdea goian ageri da, eta Septentrio-Iparra ezkerraldean.
Ekialdean barna
Oriens atalarekin hasten da Arkotxa itsasoetako eta itsasora doazen ibaietako urak jarraitzen. Marko Poloren ametsa narrazioa paratu du lehenik horretarako, veneziarrak Ekialdean ezagututako mundu miresgarriak hizkuntza onirikoan irudikatuz. Bidaiari handiaren lur ezezagunekiko eta emakume jakin batekiko maitasun istorioaren kontaketa egiten du bertan idazleak. Jarraian dator Sine nomine, Iohan Mandabillakoaren alegiazko eskuizkribuaren transkribapena. Marko Polok bere ametsean aipaturiko zenbait lur eta herriren oihartzunak topatuko ditu bertan irakurleak, baina baita beste kontu eta toki harrigarririk ere. Eta bidaia honen kontaketari hainbat testu zaharren kutsua ematen asmatu du Arkotxak. “Ene pausan iragan denboraz naiz oroitu, eta herritik ilki eta hogeita hamalau urte geroago lehen ene bidaietan ikusiak ditut hemen izkiriatu, mila hirurehun berrogeita hamaseiko urte benedikatu honetan”, dio Mandabillakoak kontakizunaren amaieran.
Ezin uka liburuaren bigarren atalak, Peregrinatio izenekoak, izenburu argigarria duela. Labradorko eta Ternuako lurretan zehar eginiko bidaia bat proposatzen digu idazleak atal horretan. Narratzailea euskaldun itsasturiek han utzitako arrastoen bila erromesaldian joana dela dirudi, eta ibilbide horretan haien memoria gordetzen duen Émile aurkezten digu. Quebectarra da Émile, amerindiarra, indianoa edo autoktonoa “zurien hizkuntzan”, berak dioen bezala. Erromesaldia, ondoren, antzinakoek ezagututako eta izendatutako lekuen bilaketa bilakatzen da. Eta halako tristura kutsu bat hartzen du narrazioak. Horren adierazle dira atal honen amaiera esaldiak: “Iduri luke oroitzak euskal marinelen egotearen arrastoa atxiki duela toponimian. Ordea, nor da ohartzen marinel zahar euskaldunek ez zutela leku hau nehoiz Port au Basques deitu? Nor da oroitzen euskaraz hau izan zela Sascot Portu?”.
Eta, azkenik, Mare magnum fine atala dator, antzinako itsasturi eta bidaiari haiei eskainitako poesiaz betea. Bidaia bitxia bezain ederra eskaini digu Arkotxak.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez