kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Euskal literaturaren historia / Ibon Sarasola / Lur, 1971

Euskal literaturaren historia – Kritika solas Juan San Martin / Anaitasuna, 1971-08-15

Ba zen ordua euskal literaturaren xede nagusiak kritikatzeko, bere kondairan zehar dituen alde on eta txarrak eta eraman dituen bideak aztertzeko; literario alde soiletik begiraturik, linguistika alde batera utziaz. Hau du bere asmoa Ibon Sarasolaren Euskal Llteraturaren Historia izenez argitaratu berri den liburuak.

Berebiziko hautsak jasoko ditu liburu honek. Izan ere, bat batean ez da erraza, tratatzen dituen pundu guztiak argi eta garbi adieraztea, ez eta ere ikusi ahal izatea. Beraz, ez da harritzekoa, liburu honek hutsak izan ditzakeela. Harritzekoa, hutsak gabea izateen datza.

Bare funtsezko esentzian bat gatoz. Euskal Literaturak egun hartu duen bidea, gaiak ugaltzea eta ideologia era guztietatik lantzea, hizkuntzaren eta beronen jabe den herriaren kultur iraupenereko eta politikazko etorkizunerako behar beharrezkoak dira. Herri baten kulturarentzat proiezio bakar hutsa bait da, luzera begiraturik, bere izate guztiaren galbidea.

Argi dago, kritiko premia handian gaudela, ni ere kritikotzat jartzen nautelarik. Horrela izendatze honek, beste gabe, kritika egitera behartzen nau; baina, alferrik nahi izan behar bezalako aburuak egitea, ez naiz sentitzen behar lukeen mailatik hartzeko ahalmenez. Parterik gehienean ados nator, batez ere argudioetan. Eta argiegi ikusten ez dudan zenbait pundu, egilearen beraren eta irakurlearen argibiderako adieraziko ditut. Inoiz egileari laguntzeko, eta hurrengo kontra egiteko. Hau bait da, Ibonek berean markatu dautan bides. Beraz, bere baimena dut.

Liburuaren lehen partean, aburu onez aztertzen daki autore zaharrak, Etxeparetik Axular eta Sarako eskolara eta Oihenart bere bakardadean. Parte hau da noski liburuaren interesanteenetako bat, eta urratsik seguruenetan finkatua.

“Compañía Guipuzcoana de Caracas”ek, ez dugu dudarik jartzen, bere garrantzia izango zuela XVIII. mendean, euskal literatura Gipuzkoan hasi eta gehitzean. Baina hobeto aztertu beharko litzateke, gorakunde hori Sarasolak dioen neurrietaraino den; zeren mende erditik aurrera Ilustrazioa ezagutzen zuen euskal teatro zaharrak, Sor Luisa eta Muniberen lanak lekuko, eta beste herriatan ere ezagutu zen goratzeak, normalena zen gurean ere bere influentzia agertzea. Bestalde, XIX.enak berak erakusten daugu, “Compañía Guipuzcoana de Caracas” ez zenez gero.

XIX.ean, 39. orrialdean, erromantiko garaia ukitzen duelarik, garaiaren hasierako Iparragirre ez du aipatzen. Bare poesia ongi moldatzen da erromantiko giroan; ez beharbada poesia idazteko moldeetan, baina bai berak duen dinamika eta sentimenduetan. Giro hau herriari sentierazi zion poeta dugu. Europako herri hainitzek beren jabetasun librea hartu zuten garaia, barnetik ziren Inperialismo txiki asko hautsiaz. Hau hola delarik, Iparragirrek altxatu zuen hotsak bere lekua behar zuen. Are gehiago, gaur ere oraindik, bere egarria ase ez zuen herriaren ahoetan bere kantak itsatsirik izatean.

44 eta 46. orrialdean barna adierazten duen klerikalismoa, beharbada, neurriz bera doa. Ba dakigu, klerikalismoak, historian zehar, ahal izan duen neurriraino hestutu izan duela bere poderearen heals. Baina kleroa klero izan da alde guztietan, konsigna antzerakoekin jokatuaz. Eta, herri tipietan neurri horretarainoko azpijanez ari bazen, zergatik jokatu zuen eta jokatzen ari Galizian zeharo bestaldera? Galizian ez zen hori gertatu. Eliza herri hizkuntza arrunt eta tipiaren kontra agertu zen, eta hemen ditu bere sustraiak Galiziako literatura antiklerikalak. Ikus J. Alonso Monteroren Realismo y conciencia crítica en la literatura gallega. Beraz, adierazi nahi dut, ez duela koinziditzen herri bietako Elizaren jokabideak, goiko agintaritza toki beretik etorri arren.

Bestalde, Serafin Baroja (Pio Barojaren aita) baten kanta eta ateraldi antiklerikal eta antikarlistak ere be dira, adibidez. (Noiz ikusiko ote ditugu liburu batean bilduak? Merezi du). XIX.aren lehen partean, Etxahunek ere ba zituen kanta antiklerikalak; baina denok dakigu gizajoak zer burubide eraman zuen bere bizitza garratzean zehar, eta bere kasua literatur mugimendutik zerbait apartatzen da, adierazi nahi dugun pundu hoietan.

Pundu hau ikutzean, aipamen berezia merezi zuen A. Irigaray-ran Esbozo bio-bibliográfico de la literatura euskara profana (del s. XV al XX) saiaera lanak, bertako zenbait gai eta eritziz baliaturik. Lan honek “Principe de Viana” aldizkariaren 98-99. zenbakian (1965) ikusi zuen argia.

Liburuaren bigarren partean sartzean, S. Aranaren eskolatik sortu zen purismoa salatzen du. Eta, garbizaletasunarekin batean, erraza diskriminazioa eta klerikalismoaren neurrigabekeria. Izan ere. XX. mendearen sarreran ez zen politika iokorik bidezkoena. Aranak aukeratu zuen jokabide honen oinarriak Larramendiren influentzia hartzen du, bere parterik handienean. Baina arrazakeriaren australak askozaz haruntzago aurkitu behar dira, euskara hizkuntzaren bitxikeria ere bai. Garibay, Poza eta B. Etxabegan ere aurkituko ditugu kontzeptu hoik. Paradisuko hizkuntza bitxia eta arrazatiko noblezia hoiek erabili zituzten, eta Klaberiak Ziburuko Joanes Etxeberriri egin bertsoetan ederki buriatzen ditu.

Baina partiturik adieraziko ditugu:

Hizkuntzaren bitxitasuna, ordutik hasi zena, Larramendiren bidez, goraka etorri zen Paulo Astarloaganarte; eta S. Aranak P. Astarloa hartu zuen modelo, hizkuntzaren purismoan behintzat.

Arraza kontua —Tubalengandik zuzen gentozela euskaldunok—, arestian aipatu ditudan E. Garibay, A. Poza eta B. Etxabek beren ustez erabili bazuten ere, kontzeptu oso espainiar erresumakoa da bere oinarrietan. Eta ez, “fiesta de la raza” zelebratu izan duen nazio bakarra delako noski; baizik, argi dago, lehen noblezi kasta, gure probintzietara, Gaztelako erregeen “aitoren seme” (aita onen seme) eta gainerako noblezi tituluetatik hasi zela. Beharbada, eta hala zen seguru asko, aurretik ziren
“ahaide nagusien” bukaera ondoreen sortu ziren haiek utzitako handinahiaren tokiaren betegarri, konde, markes, hidalgo eta gainerako handiki tituluok Gaztelako erregeek ematen bait zituzten, eta ez gure probintzietako batzarrek. Eta ez da historia asko jakin beharrik, “villano” eta “vasallo” eta antzerakoek zer giza maila zuten jakiteko. Orduan, euskaldunok, beren foruen bidez, ez zuten onartu beren artean holako bereizkuntzarik. Euskal Herritik irtetean, beren buruak “villano” eta “vasallo” bezala agertzean, Biltzar Nagusien eskaria izan zen, hemengo guztiak maila unibertsal batean berdintzea, “aitoren seme” (hidalgo) titulua hartuaz, gizon bezala errespetatuak izateko. Ikus honetaz, beste zenbait estudioren artean, K. Etxegaraykoaren Investigaciones históricas referentes a Guipuzcoaren lehen kapitulua.

Egoera honetan, lehen aldiz, herri oso bat hornitzen da gizon errekonozitu mailen (edo seme errekonozitu, “hijo de algo”, “hijo dalgo” edo “hidalgo”, eta ez “bastardo”). Larramendik defenditzen zuen nekazari noblea, zapatari noblea eta abar, alfer eta alproja nobleen aurrean, euskaldungoa defenditu nahirik, gure noblezia apalaren kontra ateratzen zirenen aurrean (Ikus Corografiaren “De la nobleza….” kapitulua). Gertakari hauetatik, Gaztelanian liberalismoaren garaian nobleziak lehen zuen prestijioa galtzea, gutti batzuk zirelako tituludunak eta hainitz gabeak. Gabeek irabazi zuten beren eritzia poliki poliki. Baina Euskal Herrian ez zen hori gertatu: noble izatea denek ahal zutenez, harrokerian erori ziren, eta askok eutsi nahi zion, gauza bereizi bezala, bere funtsezko kontzeptuetan oso espainiar hutsa bazen ere, eta hau politikaz bestaldera jokatuaz. Jakina, Sabinok bere politikarako hartu zuen; baina pundu honetan ba dakigu nork influentziatu zuen. Bere politika programa egitean, Lizarrara Aita Iberogana hainitz ostera egin zuen; eta batez are harek kutsatu zuen arrazazale bezala, eta, seguru asko, bai eta klerikalismoa ere, neurri handi batean behintzat.

Beraz, Aranaren joerak, Larramendi, P. Astarloa eta A. Ibero ditu iturburu. Hoietarik, lehenengoaren jokera hain zuzena ez bazen ere, ondorengo biena okerrago noski. Baina, oraindik ere arraza zaletzat juzgatzen gaituzten espainiarrek jakin bezate beren herentzia izan dugula pundu honetan.

Dena dala, aitortzen dut, azterkizunok ez direla hain xinpleak, eta literaturatik aparteko historia ere hobeto ezagutu beharra dugula.

Literaturan garbikertatik jarraitu dutenak, beti izan dira kulturaz guti hornituak edo kopeta laburrekoak. Berek nahi zuten euskara, anti-erdara zen. Baina “anti” ziren aldetik, beren konparazioetan, erdaraz hola zena euskaraz hala behar zuela, eta horrelako jokabidez erdara bera hartzen zuten oinarri; zeren erdaratik ikusten bait zituzten gauzak, euskararen muinetik beharrean. Adibidez, gaztelaniatik askozaz hurbilago dago Loraila (“mes de las flores” ideakoa) jatorragoa den Maiatza (“mayo” pagano zaharretikakoa) baino; baina “garbizaleen” mundu txikian bestaldera behar zuen izan. Gainera, maiz, hitz berriak asmatzen zituzten, bakoitzak berak ezagutzen zuen euskara txikitik ikusita, lehendik beste euskalkiren batean eratua zegoen ala ez begiratu gabe. Baina, kritika honetan, alde honetatik abiatuko begina, inoiz bukatu ezindako jardunetan eroriko ginateke.

Herri literaturak ere, bere tokitxo bat hartuko zuen liburu honetan. Pasturalak ezezik, Lafittek Bourges-en Gonzalve edo Ostatu betea antzerki itzulpenaren hitzaurrean jartzen dituen herriz herrizko teatro tipien oharrak ere aipagarriak dira, beharbada Barrutia, Sor Luisa eta Muniberen lanak hobeto ezagutzeko ere bai. Kritika solas honen lehen partean aipatu dugun Etxahun, herri bertsolaritzaz kutsatutako poeta, hain antiklerikalak, zenbait bertsotan lizunkeria gordinak eta inoz eztenkada zorrotzen behartsuaren alde, “Oi laborari gaxua”n nekazarien alde. Elizanburu berak ere, nekazariak ongi defenditzen ditu “Lehen eta orain”en. Baina, batez ere herri kanta zaharrak dira garai bakoitzeko giroa, literatur egintzaz, aski ongi betetzen dutenak (dakigun arran, hoien Masifikazio zehatza ez dela erraz); eta honetaz lehen forma emate bat aurkituko dugu Leizaolaren La Crónica en la poesia popular vasca eta 1808-1814 en la poesía popular vasca bi liburuetan batez ere. Langileriaren problematikak ere bilatuko ditugu, horretara beharturik, gure literatura herrikoian, Juan Jose Sarasolaren bertsoek, esate baterako, Lexo bertsolaria liburuan (Auspoa) 1894, 1903 eta 1904.eko bertsogintzan. Eibarren bertan, Amuategi izan bazan ere, hizlari euskaldun bezala, sozialismoaren apostolua, garaiko euskaldun langileen giroa ederki adierazten du “Forjarien kantak” (ikus ANAITASUNA, 212. zenb., 14. or.). Hoiez gainera, ez da gauza erraza izanen orduko eskuz-eskuzko propaganda euskaldunak eta maiatzaren lehen eguneko kanta euskarazko bera aurkitzea. Beraz, guzti hau ere ba zen euskaraz gure mende honen hasieran.

Eskubi aldekoek, kontserbadoreek, euskara monopolitzatzea ez zen P.N.V.ren programaren ondorioa, ez. Orduko ezkertiarrek, I. Sarasolak ez badaki ere, ezin bestean joten zuten euskarara. Mendiburuk bere Jesusen Bihotzaren Devocioa-ren hitzaurrean duen arrazoi beragatik, euskaldun hutsak zirenentzat, Ibonen liburu honen 45. orrialdean jartzen den bezala. Zeren, hain internazionalista sentitzen zirenez, orduko ezkertiarrek munduan hizkuntza bakar bat predikatzen zuten, esperanto eskolak jartzen zituzten. (Esperantoaren galera, sozialistak nagusitu ziren nazioetan hizkuntza berri hau ofizial ez jartzetik dator: ez ofizial jarri eta ez bigarren hizkuntza bezala irakatsi, lehenago berek hainbeste predikatu ondorean). Eta, jakituriaz jantzigabeko langilearentzat esperanto ikastea nekeza zenez, errazera jo zuten, urrutiagoko homogeneismo edo monolinguismo utopiko baterako bidea hartuaz; edo, garbiago esanda, bide errazagoa zen gazteleratik ikusten zuten eta abstraktoki predikatzen zuten. Inoiz ez zuten erreflexionatu, ez zuten barne gogoetarik egin, internazionalismoa herri ororen artean hornitzen zela, mundua bere naturalezaz zela era orokorrez bere natura izatean, ideiak bat egin zitzakeela bakoitzak bere izateari utzi gabe, eta abar…, orduan ez zituzten ez ikusten ez ulertzen, hain ideia xinpleak izanik ere. Orduango ezkertiarrek, beren asmo onekin ere, estadu-nazio kontzeptu atzerakoia defenditu zuten eta zentralismoari indarra eman, berek igarri gabe, beren herriko kultura marjinatzen laguntzeko. Eta herri baten kultura marjinatzea anti-internazionalista da.

Katalunian ez zen hola gertatu, lehendik beren hizkuntza jatorrizko kulturarekin eta egungoarekin finkatuago zutelako. Arrazoizkoa haien bidea hartzea izango zen, hemengo ezkerrentzat ere, baina, kultur faltaz eta kanpotiko zuzendaritzapean beren alderdiak zituztelarik, abertzale eskubitarrei euskararen monopolio kulpak jaurtikitzea errazena da, beren eskuak garbitzeko, garaiz behar zen lekuan eta behar zen bezala konpetentzia sortu beharrean.

Lehengo ezkertiarren joera hori hola zela argi adierazten du egungo egoerak berak ere. Ezkertiar berria sortu behar izan da, gure herriaren egoera tamalgarri hura zuzentzeko. Bitartean, zenbat denbora eta zenbat terreno galdu duen gure kulturak eta gure hizkuntzaki jokabide harek, historian zehar luze irauten lagundu dio euskal kulturaren marjinalismoari.

Liburu honetan, 60. orrialdean, egileak modelotzat jarri nahi duen girotik aparte daude Lauaxetaren “Mendigoizalearena” eta Lizardiren “Xabiertxoren eriotza”. Ez dakit, baina beharbada ez ditu irakurri edo bestela ez ditu ulertu. Lehenengoa, ekintza mugimendu bati eskainia da, eta bigarrena hildako seme bati poeta intimista batek egina. Bietan, sinbolu bereziek jokatzen lute. Lizerdiren seme hura Gabon egunez hil omen zen. Bi poemok aparte, gainerakoan, ez dut ukatzen egileak salatzen duen giro hura.

69. orrialdean esan beharra dago, euskaraz idazteak zelako eragozpenak zituen garai hartan. Harritzekoa beda ere, euskaraz idazteak bere peligruak zituen garaiak ere izan baitira gure historia tristean, delito ikaragarri bat balitz bezala.

86. orrialde inguruan, euskara idazkerak hartu dituen bideak aztertzean, Arestiren herri-euskaraz ere mintzo da. Baina Arestiren euskarak herririk ez duela esango nuke nik. Bere alde eta hobeto esateko, herri orotarik eta literatura zaharretik atera duen koine antzeko basera hurbiltzen deia esango nuke.

Oraingo gazteen ezkerralderako joerak ere ba du bestelako arrazoirik. Euskal kultura eta euskal literaturaren mugimenduan ari diren gazte ezkertiarrak, eskumatarren semeak dira gehienak; seminarioetatik irtenak ez direnean. Eliz jerarkia eta estadu poderetsua elkarturiko urte askotako egoera itsuaren ondorioz sortutako erreakzioa, egonezina da; bestetik, berriz, II. Kontzilio (1962.etik ondoren) ondorenak berarekin ekarri duen erlijio krisiaren seme. Erlijioak, bere barne izan dituen afdakuntzekin, bi era nagusitara ebaki zituen joerak, mentalitatez prekonziliar eta poskonziliar direnak; bestetik, bere zentsura irekiago jarri zuen, honekin mila tabu erori ziren eta hainitzek ordurarte entzun edo irakurri ez zituen gauzak entzutera eta irakurtzera heldu zen. Egiatzat zituen kontzeptu asko jarri zituen zalantzan, eta dudetatik sortutako kezka urduriak sakabanatzen hasi. Hemendik, askok ezkerraldera ihes egitea. Eta ez dago dudarik, honek ere lagundu zuela mentalitate irekiagoaz girotzen eta bultzatzen 64 gizaldia deitzera etorri garena.

Eritzi hauetatik aparte, garrantzi guttiko hutsen batzuk ere izango ditu, noski. Holako obra bat burutzeak berak dakarren gauza da. Idazle eta beren lanen artean ere ba dira hutsunetxo batzuk ere; ez handiak. Tomas Agirre Barrensoro, ez da apaiza, 123. orrialdean dioen bezala. Eta Uztaro, bere nobela, ezin da jarri ohitura nobelatzat.

Horretatik ere zerbait baldin badu, joko etxeen kritikazkoa da. Oroit, Kursaal eta Gran Casino ba zirela Donostian. Eta, obren artean, M. Zarateren Bizkaiko euskal idazleak (1580-1968) ere bere tokia behar zuen behinik behin. Historia aldetik begiratua dagoenez, euskalki baten kondaira urratsetan mugaturik. Bizpahiru urte lehenago argitaratu bazen, garrantzi handia izango zuen liburu horrek, eta orain zergatik ez? Bat batean batasunaz neurriz kanpora egarritu garelako? Baina historiak beti jarraituko du historia izaten, eta batasuna indartu arterainokoak bere tokia izango du.

Egileak, ideiak eta imajinak azkar eta garbi erabiltzen daki. Atsegin handiz irakurtzeko eran. Eskuetan hartu ondorean, irakurri arte utzi ezinezko liburua da. Ez du unetxo bat ere aspergarririk.

Obra guztian zehar, gure literatura ongi ezagutzen duenaren ageriak ematen ditu egile bizkor honek. Hemen salatu ditugun hutsak eta agertu ditugun ikusmolde desberdinak oso txikiak dira, liburuak dakartzan berri eta eritzi jakingarri ugarien artean. Ibonek begi kolpe onez epaitu ditu, gure literaturaren kondairak dituen korapilorik handienak; labur eta ongi juzgatzen jakin du. Gaur, gure artean, gutti dira holako lan bat hain ongi burutzeko ahal direnak. Eta euskal literaturarekin zerbait arduratzen diren guztiek irakurri behar duten liburua dugu hau.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak