kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Bai mundu berria / Aldous Huxley (Xabier Amuriza) / Lur, 1971

Bai mundu berria L.H.A. / Anaitasuna, 1972-05-30

O wonder!

O brave new world!

(Shakespeare)

“Bai Mundu Berria asmakizun goibel bat da. Utopia izigarri bat. Ausarta behar du izan horrelako igarleak”. Honela zioen Andre Maurois idazleak, Huxleyren liburua irakurtzean. Profezia beldurgarria dugu, Amurizak itzuli duen liburua.

Geroaren historia egiten du Huxleyk, eta beldur da. Oso kezkati agertzen zaiku etorkizunari buruz; eta beraren kezka hori egungo gizarte eta giza moldeari itsatsia datza. Pesimismo larri batek eragin zion liburu hau idaztean, liburu goibela. Bere garaiko kontradizioetan katibu, ametsari ekin zitzaion, bide berrien bila, mundu berriaren bila. Baina haren pesimismoa ez da erabatekoa. Esperantzarik ba du. Bestalde, haren liburua ez zen utopia bat izanen. Huxleyren itxaropena irakurlearengan finkatzen da, zeren eta irakurleak alde bailezake historiaren abiadura. Eta honetan esperantza zuelako idatzi zuen bere liburua. Hori du bere ausartziaren kausa.

Irakurlea iratzar dadin, gizonok esna gaitezen, mundu berri bat proposatzen dauku Huxleyk. Baina mundu berri hori itsusia eta beldurgarria da. Huxleyk erreakzio bat espero du irakurlearengan; eta horregatik oposatzen dio mundu absurdo bat, irakurleak abisu eta ikara har dezan. Beraz, balizko amets hau ez da utopia bat, antiutopia bat baizik. Liburu guztia ironiaz blaituta datza. Liburuaren hitz eta lerroen tartean, Huxleyren barre tristeari antzematen zaio.

Mundu berri xelebre eta estrainio honetan, haurrak fabriketan jaiotzen dira. Gurasorik ez da. Maitasuna, gimnasia mekaniko bat besterik ez da. Ama, Jainko, poesia eta sentimenduari pornografia deritze. Zientzia da nagusi eta Jainko. Eta Huxleyren baitan zientziatik datorke, agian, gure munduaren azkena eta hondamendia.

Baina Huxleyk ez du zientzia arbuiatzen, aurrerapenaren iturburua delako, aurrerapen horren bidegabeagatik baizik. Huxleyk gogoko du zientzia: baina beldur da progresuaren jomuga eta helburuaz. Haren beldurra, larritasun eta nazka bilakatzen da irakurlearengan. Honela dio Amurizak hitzaurrean:

“Nobela hau irakurri ala, mundu berri hau munstro bat dela kargutzen da bat, munstro ikaragarria. Muntro hau zer den konprenitu ala, nazka, higuin, itomena, goragalea, larritasuna eta honelako sentimenduak datozkio bati” (14).

Irakurlea aztoraturik gerta dadila nahi du Huxleyk. Ikara litzateke, agian, aldaketaren hastapena. Eta honela anti-utopia, utopiko bilakatzen da.

Literatur egitura

Liburu hau nobela dugu. Baina utopiak, nobela ez du beharrezkoa. Ordea, nobela dugunez, idazlea kondizionaturik gertatzen da. Utopiaren mandatua pertsonaia batzuen bitartez adierazten zaiku; eta gisa beronek mezua kutsatzen du. Mundu berri hau asmatua da, eta halaber mundu honetako pertsonaiak. Utopiaren indarra asmaketan datza; personaiek, ordea, zinezkoak izan behar dute, baldin haien ideiek benetakoak nahi badute izan. Oso zaila eta bortitza da, beraz. Huxleyk egin nahi duena, hots, “mundu berriaren” asmaketa eta pertsonaien errealitatea batzea eta lotzea. Eta hau lortu ere ez du erabat lortzen. Pertsonaiek ez dute hainbesteko garrik, eta nobelaren haria ere ez datza fermuki eta klarki eramana. Beraz, Huxleyk Utopia on bat eman dauku nobelatzar baten barruan. Baina ez dut uste, kontradizio honi axola handiegirik eman hehar diogunik. Zeren eta batez ere haren ideiak zaizkigu axola eta ez haren pertsonaien nolabaiteko egitura.

Gero, oso eragilea da Huxleyk aukeratu duen literatur egitura, batez ere haren utopiazko mezua anti-utopia bat delako.

Dirudienez, Mister Basati-ren ahotik hitz egiten dauku Huxleyk. Eta pertsonaia hau dugu anti-utopiaren sostengu. Baina Bernard Marxek ere garrantzi handia du. Huxleyren pentsakera hatzemateko. Bernard Marx, judu deserrotu bat dugu (Th. Adornoren baitan). Bernard deserroturik aurkitzen da; eta honek berebiziko kontzientzia ematen dio eta sistema gailentzeko gai da.

Mister Basati eta Bernard Marx, biak ditugu pertsonaia nagusi, eta bi ikuspegi desberdinetatik agertzen daukute Huxleyren pentsakera.

Mundu berriaren egitura

Somaren birtutez, mundu berrian ez da ez nekerik eta ez penarik. Droga baten gisa hartzen dute soma mundu horretako gizonek. Baina droga hori ez dute bizioz eta ezkutuan hartzen. Soma, instituzio politiko dugu: bizia, askatasun eta atsedenaren iturburu. Soma dela eta, gogoak ematen dion guztian har ditzake batek bakazioak errealitatetik, eta buruko minik eta mitologiarik bat ere gabe itzul berriro…. hots, alienazio ttipi guztiak ahantz eraziko dituen alienazio printzipala.

Mundu berrian denak zoriontsu dira, denak konforme eta beren zortea baiezturik. Nehork ez du norbera izateko jogorik. Bestalde, hori heterodoxoa litzateke, eta heterodoxia mundu berriaren mehatxurik handiena da. Heterodoxia bera ere, somak ezerezten du. Hona hemen somaren birtutteak: “kristautasunaren eta alkoholaren on guztiak, eta haien txarrik bat ere ez” (84).

Gizarte berri honetako bekatu bakarra zera da: bakartatea. Masatikan at ez dago zorionik.

Mendekio izigarri baten pean bizi dira gizon hauk; baina horren aurka matxinatzeko kapaz ez dira, ez baitute beren mendekioaren kontzientziarik. Beren mendekioa eta zoriontasuna, beren kontzientziarik ezan datza.

Klase burrukarik ezin daiteke izan gizarte mota honetan, klaseak naturalki (biologikoki?) bereziak direnez gero. Alpha-tarrak ohartzen dira kondizionamendu honetaz; baina beharrezkotzat jotzen dute, eta laket zaie beren patua.

Denak zoriontsu dira: baina nehork ez du zorion pertsonalik, besteen zoriontasunean parte hartzen du. “Community, Identity, Stability”: hori mundu berriaren lema; eta moral guztia hiru balore hauen arauera egituraturik datza. Morala ere ez da pertsonala, politikoa baizik. Eta, politikoa denez, ideologiarekin bat egiten du; hots, mundu berri honetako morala, ideologia bera da.

Zentzu honetan, ba dirudi, mundu berri hau ezin hilezko dela: ezin daitekeela deusezta; eta honetan datza bere zorigaitza. Mundu berri honetako gizonak preso dira beren zorionaren pean. Gatibu, bakearen lurrean. Zeren eta ez baitute zorigabe izateko eskubiderik. Antiutopia honen funts guztia, Mr. Basati-ren garrasi bortitz honetan agertzen zaiku:

“Nik ez dut aisetasunik nahi.
Nik Jainkoa nahi dut,
Poesia nahi dut,
Benetako arriskua nahi dut,
Ona nahi dut,
Bekatua nahi dut.”

Amurizaren itzulpena

Itzulpen hau egiten, zenbat ordu iragan ote ditu Xabier Amurizak Zamorako bere itzal ezkutuan? Dudarik gabe, asko eta neketsuak. Batetik Huxleyren textoa zaila delako, eta bestetik euskara bera bortxatu beharra izan duelako. Amurizak berak esaten dauku hau bere hitzaurrean: “Irakurleari nekez kostako zaio nobela hau irakurtzea, niri itzultzea kosta zaitan haina… Nire ezjakintasuna baino oztopo latzagorik eta desesperagarriagorik aurkitu dut: hizkuntzaren beraren ezintasuna.”

Hitzaurre beronetan klarki agertzen dauzkigu Amurizak, euskarak dituen behar gorriak; batik bat hiztegi elemental baten beharra dakusa. “Hiztegi honen aldeko arrazoiak ematen ekiteaz ere lotsatu egiten naiz ia. Eguerdiko hamabietan eguzkia behar dugula defenditzen ihardutea bezalatsu deritzat nik kontu honi”. Bai eta ere esaten dauku Amurizak, nola harrokeriak eta garbizaletasunkeriak aldaratu behar ditugun, baldin hiztegi elemental hori ahalik eta lasterren eskuratu nahi badugu.
Bidegurutze ugari topatu du euskarak bere historian zehar; baina bidegurutze hauetarik bortitzenetakoa egungo hau dugu. Hiztegiari dagokionez, Axularrek eta Leizarragak aukera desberdinak egin zituzten. Leizarraga ausartki ekin zitzaion neologismoari; eta, agian, gu ere bide horri ekin beharrean gara, baina bortizki eta lehiatuki. Amurizak bide berri bat urratzen du zentzu honetan, eta jarraigarri deritzat bide berri honi.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak