« Prejuiziorik gabeko gogoeta erreibindikatzeko bidea | Izkiriaturik aurkitu ditudan nire ipuinak »
Ifar aldeko orduak / Joseba Sarrionandia / Elkar, 1990
Trajedien kronika klabe minorrean Josu Landa / Argia, 1990-04-20
Harrigarria da Joseba Sarrionandiak, liburutik liburura, proposamen berriak egiteko daukan ahalmena. Hain erraz identifikatzen zaion idaztankera samur, “xarmangarri” horrekin batera (baselinaz bezala idazten duela esan zuen inork), lehenagoko lanak etengabe kolokan jartzeko beharra sentitzen duela dirudi. Norbere lanak berrikustea eta ia liburuko apostu berri bati eustea, Josebaren idazle etikaren osagarriak dira, bere zintzotasunaren oinarria.
Idazle emankorra izanda ere, ez bait da indiskriminatua. Galbahe zorrotza du bere baitan, eta berea bezalako isolamenduan are estima haundiagoa merezi du beronek.
Ez da preziso Joseba ezagutzea bere erreferentziak zeintzu diren jakiteko, ezta bere fantasma errepikatuenak identifikatzeko ere. Ipuin eta poemetan ezezik, gainerako liburuetan berak eman izan dizkigu bere idazlanei tripak ateratzeko giltzarriak, etengabe telegrafiatu izan ditu bere fantasmak. Horregatik dira bere liburuak ikastetxeetako azterketa lanetarako hain aproposak. Arestian aipatutako zintzotasun horren beste erakusgarri bat gehiago.
“Ifar aldeko orduak” liburuan kronistaren papera bereganatzen du Sarrionandiak. Trajedien kronika egiten duela esango nuke nik. Trajediak, zentzu epikoan ulertuta ezezik (liburuan horrelakorik egon badaude), baita zentzu indibidualean ere: gerra eta herbestearen sufrimenduarekin batera, eskizofreniaren erretratua edota amodioaren fatalitatea ageri dira ipuinotan. Pluralean deklinatu beharreko trajedia, tonu poetikoan ia. Kontakizunak erreibindikazio eta omenaldirako bide ere badira, ondoren ikusiko dugun bezala.
“Aio aioma” ipuinean ihes egin beharrari lotzen zaio protagonismoa. Haur baten ikuspegiak urruntasun erdi mitologikoa kutsatzen dio, eta darion tristura gurdien kurrinkaren parekoa da.
“Disiecti membra poetae”k eromenaren irakurketa antipsikiatrikoa dauka oinarrian, heterodoxiari egindako kantu tipi gisa. Etxepareren zahartzaroaz egindako sorketa guztiz libre honek umorea eta poetikotasuna maila antologikoan nahasten ditu, “elur guzi hori berorren baitan besterik ez dago” bezalako esaldiak zirrara sortzeraino.
“Haurrak pindaturiko paisaia” bildumako lehen ipuinaren buelta bezala uler daiteke. Sorterrira itzultzea, eszenario gaurkotu eta zuzenki erreal batean kokatua, urruntasunean elikatutako nostalgia idilikoa ispilu baten modura hautsiz ostera.
Umore beltzari egindako omenaldia da “Ukabilka”. Gag soila kasik. Liburuko borobiltasun ia perfektotik at geratzen da tonu aldetik. Debilidadea.
“Oroitzera eseri” Matalasen erreibindikazioa izateaz gain, projekzio gaurkotua ere badu fabula izan daitekeen neurrian.
Deserriaren fantasma ageri da berriz ere “Ifar aldeko nasa”, Cortazar edo Fassbinder-en gerizpean. Enkontru eta istorio miresgarrien erdian, omenaldi soila baino askoz gehiago da ipuin hau.
“Gerla historia” gerra zibileko gartzela kontua da, baina nahi duenak damuketa politikoari buruzko alegiatzat ere har dezake.
Amodioaren patu aldrebesak, pertsona ez izatera eramaten duenak bideratzen du “Amorante ausarta” narrazioa, narrazio fatala, narrazio zoragarria.
“Liburuetako mundu horietara herbestera zaitezkeela” diotenei arrazoia kentzeko ipuina da “Hamar liburuak”. Konpromezuari buruzko debatean dena esanda ez dagoela seinale.
“Oroimena eta desira” erreskatatutako liburu apokrifo baten erreseina da, heterodoxiaren beste erreibindikazio bat. Liburu baten barruan liburu bera infinitoraino errepikatuz jolas modukoa proposatzen dio irakurleari. Ipuin honen lerrotartetik eztenkada mikatzak isurtzen dira liburu-komentatzaile eta kritikoentzat. Ni behintzat dimititzekotan egon naiz.
Odola kantari
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins
Nagore Fernandez
Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Mikel Asurmendi
Silueta
Harkaitz Cano
Iraitz Urkulo
Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"
Mikel Asurmendi
0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar
Maddi Galdos Areta
Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz
Maialen Sobrino Lopez
Silueta
Harkaitz Cano
Aiora Sampedro
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Felipe Juaristi
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Mikel Asurmendi
Denbora bizigarri baterako
Marina Garces
Irati Majuelo
Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta
Amaia Alvarez Uria
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Ibon Egaña