kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Sixties / Josemari Velez de Mendizabal / Elkar, 1990

Prejuiziorik gabeko gogoeta erreibindikatzeko bidea Josu Landa / Argia, 1990-04-08

Duela hamar-hamabi bat urte artikulugileen boom-a izan zen euskal prentsan. Orduko aldizkariak eritzi-kronikako artikuluez josita kaleratzen ziren. Kazetaritza estandarraren nagusitasuna geroko kontua izango zen. Kronika eta gogoeta guztiz modu pertsonalizatuan batzen zituen estilo eta giro haietan abiatu zen Velez de Mendizabal idazle bezala, eta ostera begiratuta, esan liteke bera dugula ordukoetatik artikulugile bokaziozko bakarrenetakoa (ekimenari eta segidari kasu eginez gero, bederen). “Artikulugile” esan dut, eta ez entsegulari, kazetari edo zutabegile. Oso jenero berezitua bait da artikulugileena, bapatekoa bezain pretentsio motxekoa. Kultura espainiarrean badirudi filosofoek eta politikoek betetzen dutela eremu hori (prentsaren eskariak hartara bultzatuta), baina gurean praktika eskasekoa da (beharbada hemengo prentsak apenas biderik eskaintzen duelako). Josemari jenero horretako mohikanoa da, eta urte luzetan ongi koipeztutako makinaria erakusten du “Sixties” kronika-liburuan.

60. hamarkadaren kronika sentimentala egiten du Josemari Velez de Mendizabalek, gertakizunen haria bere bizikizunen arabera moldatuz baina oso lege onez, ezkutuan kartarik gorde gabe. Memoria ikaragarri onak ezezik, artxiboetako lan isilak oinarri sendoa ematen dio liburuari, bestela lekuz kanpo emango luketen zenbait gogoetari bidea errazago emanez. Horregatik ez ditu irakurleak aintzakotzat hartuko erreflexioen artean ager daitezkeen kontraesanak.

Ikusi batera, desordenatua irudi lezake liburuak. “Che”ri buruz ari delarik, jipoi galantak banatzen ditu Savater, Recalde etabarren artean. Vietnamgo gerrari buruzkoan, egileak ikaskide izandako Perturren oroimenari orrialde erdia eskaintzeko aitzaki polita aurkitzen du. Beatles-en fenomenoari buruz mintzo denean, hemengo oihartzunaren atzerapena dela eta, gaur egun ere gauza beretsua gertatzen ari dela dio, Clash edo Sex Pistolsekin oraingoan. Berdin dio arrazoia duenentz, gogoetaren tonua ez bait da batere transzendentala, ez dauka tertuliako solasak baino haragoko prententsiorik, eta horretan zintzo jokatzeak balio erantsia gaineratzen dio liburuari, eta onarpen marjena haunditu.

Entzun dut liburu honen helburua 60. hamarkada desmitifikatzea dela. Ez dut uste lortzen duenik. Beharbada aipatutako asko eta asko aurretik nahikoa desmitifikatuta zegoelako (sexu-askatasuna, 68ko maiatza, Mao, Marcuse…), agian desmitifikazioaren apostuluak diren kamalehoiei kupidagabe erasotzen dielako, edo ETA eta bere burrukari buruzko hutsunea (zein hori baino mitoago gure artean?) nabarmenegia delako. Baina, beste ezergatik baino, Che Guevara edo Beatles-i buruzko diskurtsoan, pertsonaiok egilearentzat oraindik ere mito haundiak ez ote diren eta halakotzat erreibindikatzen ez ote dituen duda sortzen bait da.

Intelektual zintzoa da Josemari Velez de Mendizabal, prejuiziorik gabekoa, eta beregandik sortutako prosak freskoa izan behar derrigorrez.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak