« Deabruaren hiztegia | Gurea baino absurdoagoak badirelako »
%100 basque / Itxaro Borda / Susa, 2001
Tasmaniako otsoa eta bi Markos Zapiain / Ostiela!, 2001-09
Gauzetaranzko euskal literaturaren bidaia burutu du liburu honek: “Baleen Berbaroa”-ko higanauten gurutzeak, “Bihotz bi”-ko dominak, “Agirren zaharraren kartzelaldi berriak”-eko giderrik gabeko koilarak, gasnaraino ekarri gaituzte, eta urre zuriaren arimak deskiribildu dizkigu Bordak.
Pistola parea serora baten eskuetan bezain deigarria da gure literaturan “100% Basque” hau; hain ditu azala nola mamia bakan, bitxi eta ausart, esan baitaiteke euskal literatura multzo bitan banatzen dela: alde batetik, “100% Basque”; bestetik, gainerako liburu guztiak.
39 kapituluz osaturiko liburu honek (39, ez 40, jende orok, idazlea bera barne, uste bezala — euskal kritikak ez duela funtsezko ekarpenik egiten marmarikatuko dute gero horratik autoreek, artaburu ez besteek), hilotz ibiltari baten gogoaren zurrunbiloa digu erakusten, Baionan egin bilkuretatik Maulera gauez itzultzen dela, autoz, Gasna Bidean gaindi zenbaitetan. Bazter batean bizitzeak badu alde ederrik: autoan orduak eta orduak eman arren, Borda ez du inoiz oztopatzen gure garaiko ikurrik nabarienak, auto ilara afrusak alegia.
39 narrazio, hortaz; eta bakoitzaren buruan, zen poema bat. Narrazioetan: giza harremanen hondamendia, bilkuren estresa, euskal kulturako notableen hipokrisia, bakardadea, abertzalekeria, desamodioa, erakundeen ustela, heriotza… “100% Basque” hau, narratzailearen arima bezala, erbestean dago kili-kolo, itsaso zabalean galdua, abertzaletasun ortodoxoaren kaia dagoeneko utzia baina inongo beste kaik abegi egiten ez diola. Beste erkaketa bat, begira zein polita: azal zaharra arrakalaturik duen sugea, berririk gabe oraino. Euskaraz idazten hasten denak ia berez edo oharkabean jasotzen edo bereganatzen duen itxura edo nortasuna, abertzale sutsu demagun, pitzatu egin zaio Itxaro Bordari, eta adore txundigarriz adierazi digu hausturaren eta krisiaren ezinegona. Zaila baita kanpora begiratzeko eta kanpotik begira gaitzaten ezartzen zaigun edo aukeratzen dugun identitate eco mozorroa eranzteak uzten digun egoera edo aldartea.
Narratzailearen ikuspuntua zorte txarreko hedonista batena da, eta aldi berean hileta baten lekukoarena. Gizarte eta barne zatiketa eskizofrenikotik, gasnak, maitasunak, animalia bilakatzeak, galtzeko deus ez duenaren umore etsi basatiak (paregabeak hamabigarren eta hogeita hirugarren atalak), estralurtarrek eramango duten itxaropenak eta zen poemek salbatzen dute Borda.
Bola magikoa baita gasna, haurtzaroaren, oraingo arazo politiko, ekonomiko, psikologiko eta soziologikoen, eta etorkizun malerusaren berri ematen digu. Bordaren metodoa ez da dialektikoa, baizik mistiko ezkertiarra. Gasnaz bat egin eta gasnari berari entzuten jakiteko apaltasun errepublikarra behar da; ez alta Frantziako egungo Errepublika elitista uniformizatzailearena, baizik Donapaleuko azokan gauzatu ezberdintasunen gainetiko elkartasunarena. Gasnak barnebiltzen eta adierazten du Bordaren unibertsoa. Begien bistakoa da natura eta kultura elkartu eta gainditzen dituela: gasna biribil berde bi munduratzekotan, ardia eta pentoka behar dira, baina orobat giza ekina eta esku ahurretako mina. Bestalde, gasnaren gaineko Bordaren azalpenak antropologia, biodinamika, filosofia, fisika eta sortzearen misterioa batzen ditu besteak beste. Azkenik, sexu harremanetarako hobea da gasna, aldizkari iragarkietako bikote-bilatzaile “umore eta uzki handikoa, euskara batuaren maitalea” baino.
Gasnaz gainera, gizarteaz eta bere buruaz atseden hartu eta norberaren baitako hutsean sartzeko beste bide bat maitasuna da. Narratzailea maiteminez oroitzen da emazte baten begiradaz, eta orduan “ez nintzen ezer, euskalduna are gutxiago, nortasun ezpalak ezabatzen ziren bat-batean eta huts handi horretan aldi berean dena nintzen, iragana eta geroa, azala eta mamia, haragia eta hezurrak, gasna eta azken egoitzako har malatsak. Zergatik behar nuen derrigorrez, besteetarik bortxaz eta indarrez bereizten ninduen identitate finko partikularista bat, hizkuntza ezpainetan neukan ber? Aditzak ez zuen mugarik: begirada hain samurra zeukan emazte hari adibidez nolaz exigituko nion pasaportea? Nor nintzen, neure izatearen izenean, ene gutizietara munduaren plegatzea eskatzeko? Geltoki honetan, etxeko sukaldean gasna naka-nakatzen edo gaueko ibilaldietan masai gudarien alaba galduen antzeko nintzen. Bakardade basamortu bat.”
Gizartea berriz berez dabil identitate asmatuen arteko benetako liskarretan galdurik, eta bitan zatitzen ohi da: artzaina eta gasna enpresaria, andrea eta gizona, laboraria eta teknikaria, euskalduna eta kolono kuxkuxeroa, zaharra eta gaztea, behartsua eta aberatsa, saltzailea eta tratulanta, benetako kulturgilea eta erakunde zorria, traidorea eta labeldun abertzalea, tribu azoka eta supermerkatu globalizatua. Erokeria zatitzaile orokorrean, alabaina, bada izaki bat ororen gailen: euskal gizona, “homo demens”, arkeriak jotako mozkor proselitista, taktikaren eta estrategiaren pepepelmoidea, burujabetasunaren alde-edo egundoko burugabekerien egilea, deus arriskatzen ez duen piztia manipulatzaile odolzalea. Eta beste bat, euskalduntasunaren mamiaren muinaren funtsaren porruaren bila dabilen zientifikokoloa: Joanes Azatxun artzain sano eta arras tipikoa hartu eta “analisia franko egin zizkioten han: odola, burezurra, mihia, ahots sokak, papoa, belarriaren malguak, aire hartzeko haragizko hodiak, eskuetako eta oinetako eri puntak izartu eta zenbakiak oro ordenadoreetan sartu, neurtzera utzi ez zuen behereko txistu teleskopikoarenak salbu, hau denboraren botereaz herdoilak jana izan arren. Aste zeken hartan, goizero ehun aldiz kanta zati bat aspertzeraino errepikatu behar zuen:
—… Bilhuuuak hoili eta koooloriaaak gooorrriii…
Goitika bukatzen zuen, gontzetarik ateratzear, prozac pastilla bat ematen zioten arte. Arratsaldea lo hil batean higatzen zuen, plastikozko ohe gogor batean xaal-xaala etzanik.”
Zuzen bilatuz pero, jakingurak jotako sadiko horrek hutsa kausituko zukeen, hutsa baino ez, hutsa baita gizaki ororen gasna, euskalduna barne.
Iraganeko fosil bilakatzeko joera dugunok esnatzearren, zen maisuen teknika darabil Itxaro Bordak: zartako galanta kokotean. Horixe baita, halaber, “100% Basque”: azken aldian politikan eta kulturan ergeltze bidean aurrerapauso ikusgarriak egiten ari garen ezker abertzaleko euskaldunoi arimaren erdi-erdian emaniko makilada, orainaldian iratzar gaitezen. Oraina den bezala ikusteak arerio bi dauzka, Bordari berari ere gogor erasan izan diotenak: iraganean, errua eta damua; etorkizunean, aldiz, xede hipotetikoen idolatria (izan dadin abertzale, kristau eco iraultzaile kataklismatiko, hain antzekoak honi eta beste kontu askori dagokienez).
Iraganak eta geroak doluz zein liluraz itotzen gaituztelarik, alabaina, bada, gasnaz, amodioaz eta umoreaz gainera, laugarren bide bat orainean berpizteko, orainaren latza bere horretan geure gain hartu ahal izateko besterik ez bada ere: animaliekin bat egin edo animalia bilakatzea hots. Ez haatik artaldekide, baizik hontza edo otso bakarti, Tasmaniako otso zehazki, Tasmaniako otsoaren patuak harrapatu baititu nola Itxaro Borda bera, hala euskara Iparraldean: biok babesteko legedia, beldur da idazlea, Lurreko azaletik aspaldi desagertuak direnean aldarrikatuko baita. “100% Basque”ko denbora, susmo gaiztoa sentitzetik susmo gaiztoa gauzatzera doa, gainbehera. Amaitzen ari den zerbaiten lekuko eta protagonista da narratzailea. Mesias iraultzaile, abertzale edo kristauen denbora molde eskatologikoa, inoiz gauzatuko ez den bigarren itzulera, independentzia edo iraultza perfektuetan sustraitua, ez da ikuspuntu zuzena ez historiaz ez bizitzaz, eta gainera ez du ongi pasatzen laguntzen. Borda ez da fio oinazean oinarritzen diren borrokez: proiektu baten alde asko sufritzeak ez du proiektu hori zentzuzkoago bihurtzen.
Azkenik, zen poemak ez hanka ez bururik ez duen Bidera dakar idazlea, erro abegikor absurdura, onen eta gaiztoen, gutarren eta etsaien arteko bereizte gezurtia urtzera, saldu nahi diguten ikuspuntu manikeo merkea baztertu eta paradoxazko enigman sartzera. Funtsean hutsa baikara (zen poema) eta gizartea (narrazioak). Identitateak inguruak eragiten dizkigu. Zen Bidea isila da, arraroa, ez dator ez doa: Bidean barrena abiatzen zarelarik, edo abiatzen ez zarelarik, borroka, itxaropena, aldarrikatzea, erru eta damu oro, proiektu eta asmo oro, irudi oro azken batean, ez dira Bidearen ezerezak desegiten dituen itxura ziztrinak baizik. Bideak ez du dagoena balizko egun handiaren arabera neurtzen, kristauak, iraultzaileak edo abertzaleak bezala; aldiz, ageri denari garbiki begiratzen dio, hutsa eta paradoxa betaurreko bakar. Halatan, Bidea lagun proposatu gizarte eta barne aldaketak, lotuago zaizkio errealitateari haraindiren baten babesaren beharrean diren hiru haien zirt edo zartekoak baino. Bizitza mingarria baita, baina ez dago ihesbiderik. Dugun kaka zaharrean egin behar plisti-plasta. Hala ere…
Hala ere, Bordak lantzean behin paregabeko baikortasun tximistez ere argitzen gaitu ezustean: uste du, adibidez, badela beti norbera baino inutilagoen premia. Berebat politikan, igartzen da argitxo bat tunelaren bukaeran: Estatu Batuetako berrogeita hamabigarren estatu bilaka gintezke. Liburuan gaindi, bestalde, esan bezala, ez du galtzen estralurtarrek bahi dezaten itxaropena. Eta hara, hogeita hemeretzigarren eta azken atalean, aurrez aurre ageri zaizkio supituki estralurtarrak.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres