kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Zoperna jenerala / Luis Berrizbeitia / Pamiela, 1987

Zoperna jenerala Xabier Mendiguren / Argia, 1988-02-07

Liburu miragarria honakoa, eta miragarriak bertako poemak. Alta, utz iezadazue liburuaz aritu aurretik beste zerbaitez mintzatzen, Txistu y Tambolin aldizkariaz hain zuzen. Azken garaiotan jende mordoxka dabil gure Euskal Herri honetan biktimismoaren zama bizkar gainera altxatu nahian, buruan ohore gisa ezarritako erramu boneta bailitzan. Idazle maldito izateko izugarrizko gogoa dago, eta malditismo guzti horiek itxurazkoak baino ez dira, ez gaitezen engaina, ez dago holakorik, edo izatekotan nik ezagutzen dudan kasu bakarra horixe litzateke: Txistu y Tambolinena.

Durango aldeko gazte zenbaitek martxan jarri eta lau ale atera zituzten, denak ere mundialak nere ustez. Gero, halabeharrezko sakabanatzea eta jasotako oihartzun eskasa zirela medio agortu egin zen, bukatu. Aldizkariak, bizi zela ez zuen ia aipamenik izan, eta izandakoren bat edo beste ez goraipamenezkoak portzierto. Zaila zen sailkatzen, identifikazio errazetarako oztopo nabarmenak zituen. Ezin euskaltzale batzuen gustoko izan, erdarazko eta bizkaierazko zerak ere sartzen baitzituzten tarteka; baina erdaltzaleek ezin ontzat eman erdara horren proportzio erridikuloan erabilita (ohizkoaren alderantzizkoa) ezta bizkaierazaleek ere bizkaiera ez-literarioa baitzerabilten. Eta gero gainera lotsagabekeria galanta… Baina guzti horren gainetik literatur kalitate bikaineko lan asko eta asko, harrigarria benetan eskualde bakar bati mugatuak izaki.

Eta Luis Berrizbeitiak leku nabarmena zuen aldizkari hartan, ezizenez sinatu arren estiloagatik suma dezakegunez: Egia esan, bagenituen geure zalantzak, abadiñotar honen idazkerak beste durangotar batenaren antz haundia baitu sarritan, Joseba Sarrionandiarena alegia. Antzekoa batzutan lexikoa, oso antzekoak gustoko idazleak, eraginak, poemetan agertzen diren gai eta kezkak. Lagun batek zera esaten zidan, hots, epaimahaikoek ez ote zioten Jaurlaritzaren Lizardi Saria Berrizbeitiari eman Sarri saritzen zutelakoan. Nolanahi ere den, ondo merezia du Luis Berrizbeitiak saria.

Poemen nolakoaz hizketan hasten bagara, egilea bide bat baino gehiagoren aurrean dagoela esan behar, aukera kontrajarriak dituela agian. Kopla eta balada zoragarriak burutu ditu batetik, elaborazio izugarrikoak, Behe Nafarroako eta Zuberoako apokrifotzat eman litezkeenak. Bestetik, poema libreetan metaliteraturari buruz dihardu batzuetan, eta zenbaitetan aztarna antintelektualistaren bat erakusten badu ere literaturan soka luzeko diren gaiak dira nagusi, Borgesen kutsu nabarmenez, egileak aitortzen duenez.

Bi tradizio beraz, eta bietan maisu. Denbora aurrera joan ahala bien arteko sintesia egingo digu agian Berrizbeitiak.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak