kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Gauaren atzekaldean / Manex Erdozaintzi-Etxart / Hordago, 1982

Iparraldetik hiru liburu Xabier E. / Argia, 1983-01-16

“Gauaren atzekaldean”

Gaua da eta Migel hil berria dagoelarik bere gelako gauzak hartzera joan dira bi lagun; han oroimenak, paperak, eskutitzak, errealitatea, dena nahasirik agertuko zaigu, egunsentian giltza itzuli ondoren kaleratu arte.

Epe horretan gertatutakoa, jazotakoa, da liburua. Niri liburua irakurtzerakoan beste bat etorri zait burura eta ezin izan dut burutik kendu “Gauaren atzekaldean” amaitu arte; “Herbesteratua” (Pio Berasategiren nobela) eta komentatzen ari naizen hau guztiz antzekoak iruditu zaizkit, elkarren antza handia dutela edo. Bietan ageri da Euskadirekiko malenkonia, bata Madrilen eta bestea Parisen, bietan dakusagu euskararekiko kezka, larria, ardura, baita gure herri honen arazo politikoak ere. Nobela paraleloak lirateke alde hortatik —gaia—, baina teknika aldetik hau askoz aurreratuagoa deritzat, hobe erdietsita, teknika gehiago erabiliz.

Euskarari buruz, ipar aldeko euskarak gurengan sortzen duen zera hori aipatuko nuke; arraroa baina ez ezezaguna, berezia baina ez oso zaila, samurra ez izan arren uler daiteke, ez da oso zaila. Niri asko gustatu zait lapurtera-batua nahasketa hau.

“Altxorra eta altximia” (Tx. Peillen)

Liburuaren izenburuak azaltzen dizkigu liburuan agertzen diren bi zatiak, lehenengoa altxorra eta bigarrena altximia.

Altxorra deritzanean bi ipuin poliziako dauzkagu, 1966 eta 1968an idatziak; “Puerta del Sol” eta “Egiaren gosea” hain zuzen. Lehenengoa nik uste, nahaste-borraste bat da, pertsonaiak, egoerak, uneak… alde batetik bestera, lotura gutxiegi, eta ulergaitza bere eboluzioa bukaeraraino. Bat bateko bukaera gainera, originala gerta daitekeena baina baita ere pobre samarra ipuin poliziako batetan.

“Egiaren gosea”k ordea, ikerketa baten ondorioak ikuserazi egiten dizkigu, nahiko ipuin beltza bihurturik bukaeran. Biak poliziakoak izan aparte beltzak dira. Bigarrena agian hobe dago egina, lehenengoaren saltsa-maltsa guztiori gabe.

Altximian berriz, sei ipuin dauzkagu. Ez dira poliziakoak, denetatik dago eta, laburrak, exotikoak… aipatzerakoan teknika aldetik eta gaia ere, “Begi bakoitza” aipatu behar, baina badaude egon ere, niri laket zaizkidanak, esate baterako “Ilargia eta zaldiak” oso polita deritzat, barneko sentimenduak, kezkak, egoera ezezagun hori… “Turritella” ere txit berezia da.

Liburua oro har begiratuz ongi dago, ipuin interesgarriak ageri dira eta estilo aldetik zenbait datu aztertzeko. Dena dela ohar bat ezin da aipatzeke utzi; euskararena, 70 hamarkadako ipuin hauek hiztegi aberatsa baldin badute, badaukate ere zenbait huts euskararen aldetik. Pena eman digu bai liburu honek, bai hurrengoak dauzkaten huts horiek ikusteak, izan ere ez dut uste horrelako lan handia izango zenik argitara eman aurretik konpontzea, dena den, egina dago.

“Aldjezairia askatuta” (Tx. Peillen)

Txomin Peillenek aspaldi idatzitako kapitulu edo ipuin bilketa bat da liburua osatzen duena. Ipuin antzeko hauek, ipuin eta historia tarteko zerbait bait dira, duela 20 urte idatzi zituen; euskara batuaren erabakiak hartu aurretik eta hori argi ta garbi ikus daiteke irakurtzerakoan.

Txomin Argeliara joan zen, eraman zuten, soldaduzkan; erizain gisa hain zuzen, eta hango esperientziak dira liburu hau osatzen dutenak. Kapitulu laburrak dira eta guztien artean dagoen lotura Argelia —Aldjezairia— da. Herri libre izan nahi duena, horretarako borrokatzen duen herria.

Sarrera bezala, Aldjezairiari buruzko zenbait ohar egiten dizkigu egileak; frantsesak joandakoan emandako aldaketak, iraultzaren prozesoa, hango egoera… den dena herrian sartu eta ezagutu dezagun. Datu bilketa bat litzateke literatura baino gehiago.

Ondoren zortzi kapitulu ageri dira, bakoitza ipuin batek osatuz eta gaiaz hai pertsonaiez erabat desberdinak; Txominek, han jazotako hainbat gertaera direla medio, ipuinak idatzi ta geuk irakurri ahal izan duguna atera du.

Bertako eta kanpotarrek nola dakusaten giroa azaltzen digu idazle zuberotarrak; baita arabetarren harremanak, torturak, atentatuak… hango errealitatea beste ikuspuntutik ikusteko aukera egokia. Nire ustez ipuinik politenak “Atalaiatik barrandan”, “Iasminaren minak” eta “Otsoak gara” lirateke, baina gustoak…

Oso liburu polita ta interesgarria iruditzen zait, arestian aipatutako euskarari buruz ideia horiek kontutan harturik. Lan ederra da Peillenek bi liburu hauetan egin duena, txalotu behar duguna, eta nork daki!, agian egun batetan agertuko dira nonbaitetik Txomini galdu dizkioten —zaizkion— liburu horiek, e Txomin?

Dena dela liburu gomendagarriak dira hiru hauek, eta Txominenak, berak dioen bezala “Deskantsurako literatura da”, badakizue beraz, asperturik zaudetenean eta zer edo zer irakurtzeko gogoa baduzue…

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak