kritiken hemeroteka

8.754 kritika

« | »

Mugarria / Pablo Sastre / Elkar, 1982

Pablo Sastreren “Mugarria” dela eta Jokin Apalategi / Egin, 1983-01-09

Aurten Durangoko disko eta liburu azoka berri eta gertakizun aipagarrienetarik, ene iduriko Pablo Sastreren Mugarria eleberriaren argitalpena izan da. Maleruski, geure Herrian, sensibilitate guztiak galdu ditugula, dirudi, eta ez gaitu ezerk ukitzen, estonatzen edo bizten. Eta hori, biziki arriskutsu da, kaxkarkeriaren atarian sartzen ari garela seinale izateaz gain. Ez dakigu ekintza testimonial bat eta funtsezko ba azpimarratzen eta baloratzen. Dena, ematen digutena ere ba dirudi, zor zaigula. Ba dirudi zilbor estean ditugula geure begiradak. Zeren Mugarria eleberriaren egileak egindako aukera adierazpenik sakonenekoa baita. Euskara ahoratu du! Ongi etorririk beroena euskal letren mundura!

Pablo, bere gogo osoz, etorri egin baita. Bere sorrerako mundua besterik baizen. Bere gurasoak, Alfonso eta Eva, ez dira nornahi gaztelerazko letren munduan. Gaztelera munduko letren artean, haundizki eta aberats da gainera. Eta normala zen Pablok ere bere sorkaritza horretara bidera zezan. Baina ez! Euskal letren mundu txiro eta pobrearekin maitemindu zaigu. Eta nola, gainera! Zorionak eta urte askotarako dadila!

Eta nor dugu Pablo Sastre? Nik neuk hiru alditan azagutu izan dut. Bai, eriden, alegia. Lehenik, bidenabar, jakin nuen euskara ikasten ari zela eta euskal filologiazko ikasketak egiten zituela. Ez duk batere gaizki esan nion ene buruari! Bigarrenik, bera fisikoki ezagutzeko aukera izan nuen egun batez, eta harrigarria topatu nuen euskaraz zeinen ongi egiten zuen. Betidanik,

eta euskara soilean aritu zela esan balidate ere sinisteko moduan egiten zuela kausitu nuen. Gauza bat baita euskara ezagutzea, are idaztea, eta areago hitzegitea. Eta gehienetan, euskaldun berriei hitzegitean “notatu” egiten zaie. Eta hirugarrenik, egun on batez Eva, bere ama, esku artean esku-izkribu batekin etorri zitzaidan, Pablok euskaraz idatzitako eleberri bat zela        eta, ene iritzia ea emanen nion eskatuz. Pentsa, pozik hartu nuen halako eskaintza!

Irakurriz irakurriz, idazle haundi baten gaia zuela iruditu zitzaidan. Xehetasun bipilak ageri ziren. Berak eleberri horretan darabiltzen teknika literarioak aparte utziaz, uste dut edo espero dut beste batzuek, aztertuaz, baloratuko dituztela, liluragarri zitzaidan bere euskal hiztegiaren erabilketa aberatsa. Euskal Herriaren bi aldetako euskara parra parra darabil. Hika eta zuka erak ere adarretatik hartuaz aitzinera egin du. Ausardia behar da eta ba du!

Sinkronia eta diakronia dimentsioekin jokatuaz gai ezin hobe bat aukeratu izan du. Ni ez noa orain hori laburtzera, horren oinarriko, filosofia egogoratzera baizik. Mugarriaren esannahia euskal munduan nolakoa den, alegia. Euskal baserri kulturan sortzen da mugarri kontzeptua. Lurren propietate pribatua zutitzearekin, noski. Mugarriak, bada, bi lur alde edo zatiren tarteko harri bereztaile esan nahi du. Geroago eta zenbait pundutan elkarretaratuaz, ez beti, noski; aduana atzemanen dugu. Aduana hitzarekin urratsa politiko baten aitzinean aurkitzen gara. Eta aduanak, mugarriak ez bezala, ez dira harriekin konformatzen. Harrien tokian eta ordez, gizonak ezartzen dira.

Eta gizon horiek sendo eta ziur daitezen armetan ematen dira. Baina, muga guztietan harriak ezartzea aski erreza bada ere, ez da gauza bera gertatzen muga guztiak gizonez, eta armatutako gizonez okupatu nahi denean. Euskal Herriari erdi erdian atera dioten muga hori zaintzeko, ordea, ez da aski gizonik edo aski kuraia duen gizon taldekin. Eta horrek, historia bikainak, fatalak eta ez bateko ez bestekoak ekarriko ditu. Pablok hain zuzen muga-harri horietari bati edo eta batzuei hitzeginarazten die. Kontrabandistak, soldaduskatik iheska dabiltzana (bi aldetakoak), politikagatik iheslari direnak, ekartzen dizkigu

Aduanak bere logika ezin aplikatuan, tranparako ateak irekitzen ditu. Ibar eta zelaietan bide eta bideskak kontrola ditzakenean ere, mendi eta bortuetan harriak, hots, mugarriak, utzi behar izaten baititu. Halere, hori bai, mugariei ere aduanaren egitekoa eta ondorioz legeria ezarriko zaizkie. Baina, legea hanka motza da, usadioaren alboan. Esan nahi baita, legea eta bizitza ezeren zerikusi gabe eman litezkeela, edo zerikusi kontatuekin. Gure Euskal Herria bitan testigutzen duten harriek hitzegin ahal balezate! Zenbat eta zenbat mugarri dagoen lege-hausleen besarkadak eta zorionak jaso dituztenak! Sekula, ordea, ez da jakin mugarriren batek ere aduaneroen legea defenditu izan duenik. Honela bada, aduanen menpean gauden bitartean, mugarrien izaera euskaldunen faboretan dela da ondorio. Gure helburua euskal lurrak bere barrenean mugarririk ez zueneko egoera hartara itzultzea bada ere!

Azken kritikak

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak