« Euskal idazleak gaur | Literatura »
Zer dugu Orixeren alde / Joxe Azurmendi / Jakin, 1977
Zer dugu Orixeren alde Joxe Lizarralde / Zeruko Argia, 1977-06-26
Hauxe da Joxe Azurmendiren azken liburua. 345 orrialde bete-beteak dituen obra, urre gorrizkoa benetan. Jakin-ek eman du argitara. “Zer dugu Orixeren kontra” eta “Zer dugu Orixeren alde”, biak batera, Summa trinkoa bezala kontsidera daitezke jadanik azken urteotako euskal kulturgintzan.
1. Liburuaren aurkezpena
Ni hemen Azurmendiren azken liburuaz ariko naiz batipat, nahiz eta bestea ere honekin hertsiki lotua egon. “Zer dugu Orixeren alde” liburua fenomenala da benetan eta hori idatzi duena fenomenoa. Ni neu ez naiz laudoriotara oso emana, baina liburu hau irrika biziz irentsi ondoren, horitxe da lehenik esan beharrekoa. Horrelako lan serio, gozo, orekatsu eta umotuetara ez geunden ohituta aspaldion.
“Zer dugu Orixeren kontra” (eta Azurmendiren produzioa) irakurri duenak badaki jadanik guzti horren berri eta ez dauka azken liburu hau gomendatu beharrik. Bi liburuok ene ustez, halako Summa bat osatzen dute Uhin Berriaren euskalgintzaren barruan. Bestalde, berriz Uhin Berriaren dinamika eta heldutasuna adierazten digute obra hauek.
Besteak beste, hiru multzo handitara bilduko nuke eskuartean dugun liburuaren edukia:
a) Euskaldunak poemari buruzko estudio luze bezain sakon eta ekilibratua. Baserri literaturaren testuinguruan sartuz, poemaren esanahia eta balioa ederki baliaztatzen ditu autoreak, duela zenbait urtetako aurreiritziak eta partzialkeriak gainditzen dituelarik.
b) Orixeren mistikazko trilogia poetikoaz da bigarren multzoa. “Barne-Muinetan”, “Getsemani” eta “Igan beti nire lelo” aztertzen ditu batipat. Orixeren barne esperientzia sakonak eta krisialdi latzak hauteman uste ditu lan horietan.
c) Hirugarrenik, Orixe narratzailearen teknika eta estiloa estudiatzen dira “Santa Kruz Apaiza” liburuan erakusten digun moduan. Aurreko biak bezala, oso lan fina hau ere. Prosagintza literarioko ondorio ederrak atera daitezke hortik, batez ere Orixeren estiloa, frasekera eta ritmoa aipatzen diren pasarteetan.
Liburu hau literatur kritikaren sailean sartzen da bete-betean. Hortakoz eta gisa denez, axola berezia ematen zaio Orixeren irudi mundua eta gonbarazioak aztertzeari hizkeraren (estiloaren) eta gaiaren arteko lotura azpimarratzeari. Aportazio ederra eta behar-beharrezkoa, noski gure literatur kritikaren arlorako.
Geure gisara bereizi ditugun hiru parteak zein baino zein hobeak eta beteagoak dira. Zenbat gauza ez digu esaten autoreak, eta nola esan gero! Zentzua, jakituria, gozotasuna, kritika zorrotza, oreka… zer ez dago liburu bikain hontan!
Liburu hau puntu-puntuan datorrela uste dut euskal alorrera eta, dudarik gabe, mesede handia eginen du gaurko gure kulturgintzan. Gauza nabaria denez, 1960 inguruan sortu zen eten hura (eta ez dut esanen beharrezkoa ez zenik) nolabait erremediatu beharra dago eta hildo hortan lagungarri aparta gertatuko da liburu hau.
Azken urteotako istiluak berpentsatuz eta gaindituz, urrats berri eta serio bat ematen du autoreak, zenbait topiko eta sinplekeria saihestuz eta beti ere sakonera joz.
Kanpoko azaletik barrenera jo ahala batasuna uste baino handiagoa izaten da eta hemen ere (Orixerekin) orixe gertatzen da, agian. Batasunerako bidea ez doa honez gero axaletik bakarrik (deklinabidea, aditza, etab.); barrenago ere bada hor nonbait batasunerako bide izkutua eta badirudi gaurgero bide horren bila hasi bebarko dugula eginahalean.
Bide izkutu horri antzemateko ez da nornahi gauza, jakituria eta zentzu handia behar baitira hortarako. Dena den, liburu honen egileak aski goraki frogatu du badituela bata zein bestea eta hemendik aurrera gisa hortako lanak eta azterketak behar dituela batasunaren eta euskalgintzaren mugimenduak.
Honenbestez, zilegi bekit parentesi moduko reflexio bat egitea. Euskal Unibertsitatea erreibindikatzen dugu eta ongi da. Baina jakin dezagun, besteak beste, egiazko euskal unibertsitaterako bidea gisa hontako lan serioez eginen dugula. Era guztietako ikerlanak eta azterketak behar dira euskal unibertsitatea egiazko posibleztatzeko. Gure amets urdinen artean ez dezagun egia sinple hau ahantz.
2. Hiru puntu, ondorio gisa
Azurmendiren liburua irakurri ahala, gaurko euskalgintzaren hiru arazo garbi baino garbiago azaldu zaizkit eta hortaz luzatu nahi nuke zertxobait. Hiru puntuok euskarari eta literaturgintzari dagozkio bereziki.
2.1. Gaurko euskal kulturgintzan nabari den premia berezi bat zera da: literatur kritika eta literaturazko iritziak landu beharra.
Herria euskaldundu eta alfabetatu ahala, jendea gramatikazale purrukatu ari zaigu bihurtzen (lehendik ere baginen nahikoa). Eta banago gramatikatik ezin daitekeela espero hizkuntzaren erabateko soluziorik ezta hurrik eman ere. Literatoek dute hontan hitza. Martin Ugalderen hitz batzu aldatuko ditut hona: “Bestez, gramatikarekin idazten ari bazara, ez duzu inoiz gauza berririk esango. Gramatika ezagutzen duzunaren neurrian, gramatika hori puskatu beharrean aurkitzen zara. Eta hor non dabilen euskaldungoa”. (Garaia, 17 alean).
Gramatikazko soluzioak partzialak izango dira beti ere. Gramatikak —eta ez dakit justu ari ote naizen— axaleko batasun bat, halako ordena sistimatiko bat ematen dio hizkuntzari, eta denok dakikegu honez gero zein premiazkoa dugun batasun hori euskaran.
Alabaina, hizkuntza batetan sortzen diren problema asko eta asko estilistikoak eta literarioak izan ohi dira, eta bada ordua hortaz jabetzeko. Literatur sena apur bat duenari hori ez zaio eskapatzen (galdegin Arestiri). Baina badirudi urri samar gabiltzala euskaldunok literatur zentzuz eta horregatik gertatzen dira gure artean gertatzen direnak.
Batzuek gramatikazko arau zehatzez epaituko dizute dena. Beste batzuek, berriz, klase borrokaren planteamendu mekanizista bilatuko dute literatura ere. Bai batak eta bai besteak literatur lana zer den ikasi beharrean daudela uste dut. Eta azkenekoek batez ere irakur dezatela, mesedez, komentatzen ari garen liburutik “Lenin irakurri eta Orixe interpretatu” deritzan kapitulua. Azken finean ez bait da berdin abertzale izatea (eskuineko nahiz ezkerreko) eta literato izatea. Halaber, ez da berdin herrigintza eta literaturgintza.
Puntu hau bukatzeko, zera gomendatuko nuke: euskara batu beharrak eta euskalduntze-alfabetatzearen premiak ez gaitzala eraman literatur zentzua galtzera.
2.2. Liburu hontatik eta azken urteotako produkziotik atera daitekeen beste ondorioa hauxe da: gerra aurreko eta ondoko euskalgintza hobeki ezagutu eta aztertu beharrean gaudela, batez ere zenbait autore handi
Uhin Berriak klasikozaletasun nabaria sartu du gure artean eta guztiz osasungarria izan da korronte hori, geure klasiko zaharrek ahaztuxeak bait genituen. Grina horrek bultzaturik, hain zuzen, hor ibili gara azken urteotan Detxepare, Leizarraga, Axular eta beste aztertzen. Ongi da eta aurrera ere jarraitu beharko zaio lan horri.
Horrenbestez, ordea, ez gaitezela Leizarragarekin edo Axularrekin gera. Gure tradizioa ez da horiekin bukatu. Geroztik ere izan dira idazle pijoak gure artean, hain zuzen Axular eta Leizarraga (hau ez hainbeste) ezagutu eta beren gisara asimilatu dituztenak. Hortaz, horien lana ere guztiz interesgarri zaigu, areago gugandik hurbilago daudelarik.
Hau idaztean, XVIII. eta XIX, mendeko idazle handietan ari naiz pentsatzen, giputz eta bizkaitarretan bereziki, hala nola, Kardaberaz, Mendiburu, J.A. Mogel, J.B. Agirre, Añibarro, Fray Bartolome, etab. Eta horien segidan jarri nahi nituzte gerra aurreko eta ondoko zenbait idazle handi ere: Txomin Agirre, Kirikiño, Lizardi, Orixe, Lauaxeta, S. Mitxelena, N. Etxaniz, Zaitegi, Lekuona, J, Etxaide, Mirande, Aresti, etab.
Ikus daitekeenez, idazle sail handia daukagu oraino aztertzeko eta horrexen premian gaude, hain zuzen, ordea batera etortzeko. Beraz, Leizarraga, Axular eta abarren ondoren, besteoi ere etorriko ahal zaie lehenbailehen beren txanda.
Hona zer dioen Azurmendik:
“Gure klasiko zaletasuna lotsagarriro axalean gelditzen ari da: ez diogu formari baizik begiratzen eta ez diogu begiratzen formari ere. Haiek sarri aipatzeaz, beste, dozena bat hitz “zahar” kurioso —gehienak erdararen bati hartuak— eta dozenerdi bat esaera nabarmen kopiatzetik ez gara pasatzen. Orixek sakonkiago lortu duela esango nuke, klasikoak bere erara birkreatzea. Tradizioa zehar, klasikoak dabiltza Orixeren esaeran, bertsoen arteko dependentzian, errekurtso “naturalen” baliapenean, eta abar. Baina honek azterketa berezi bat beharko luke. Bakarrik, gure aurrekoak baino klasikoen ezagutzaileago eta jarraikileagotzat dauzkagu geure buruak. Eta ez zait batere seguru iruditzen, halaxe garenik” (218 or.).
Mitxelenak Orixeri buruz dioena ere haintzakotzat hartzekoa da “XXgarren mende honetako euskara erkituxea ez ezik, antzinako liburuak ere astiro irakurriak eta aztertuak zituen. Orixeri zor diogu batez ere orduko gazteek oihartzuna zenik ez genekiela belarrietara zitzaigun oihartzuna” (Idazlan hautatuak, 260 or.). Komentarioak sobera daudela uste dut.
2.3. Hirugarrenik, joskeraren arazoa aipatu nahi nuke.
Gauza jakina da, izugarrizko joskera problema daukagula euskara prosa moderno baten hildotik sartu nahi izanez gero. Badirudi jendea jabetzen hasia dela. Besteak beste, sintaxiari buruzko ikastaldiak eta lanak ugaltzen (?) hasi dira eta zerbait esan nahi du horrek (irakasle titulua ateratzeko soilik ez bada behintzat).
Zer esanik ez dago, Altuberen iritziak (ikus “Erderismos”) guztiz interesgarriak eta begiragarriak direla arazo hontan. Baina gauza nabaria, baita ere (niretzat bederen), iritzi horik nahiko puristak eta partzialak direla, beste noizpait hemen berton eman nituen arrazoiengatik.
Bestalde, hor dugu Villasanteren azken liburua ere (“Sintaxis de la oración compuesta”) oso lan praktikoa eta baliagarria.
Dena den gauza bat seinalatu nahi nuke hemen ere. Alegia, joskeraren hauzia bera ere ezin daitekeela gramatikazko edota sintaxiazko irizpide soilez garbi. Puntu honi dagokionez ere argibide ederrak ematen ditu Azurmendik, batez ere “Santa Cruz apaiza”z egiten duen azterlanean.
Bestela esanda, joskeraren hauzia ezin liteke behar bezala konpon estiloa eta ritmoa alde batera utziz (berriro kriterio literarioetara goaz). Hiru alderdiok elkarrekin erabat loturik daude.
Hontan ere kontutan hartzekoa da Mitxelenak Orixez dioena: “Eginahalean saiatu zen, beraz —beste nonbait esan dudanez—, gure hizkuntza aldi eta eginkizun berrietarako egokitzen, hizkera zailu, labur, biziago bat moldatzen. Orixez geroztik doinu berri batean ikasi du mintzatzen euskal prosak, atsegin bazaigu eta ez bazaigu” (Idazlan hautatuak, 261).
Bestalde, joskera kontuan ezin daiteke ahantz Mitxelenak berak Arantzazuko txostenean dioena: “Maila edo mota bat baino gehiago daude esukara idatzian” (Idazlan hautatuak, 114).
Sarritan gauzarik sinpleenak ahazten direlako sinplekeria nabarmenak esaten dira. Bada ordua gauzei antzematen hasteko, arazoak beren onetik atera ez ditzagun. Nik neuretzat burubide hauxe daukat gero eta gehiago haragitua: azken finean, hizkuntzaren arazoa estilo kontua dela gehienbat.
Bukatzera noa. Hemen ondorio gisa labur zurrean aipatu ditudan hiru puntuok estudio sakonagoak eta luzeagoak merezi lituzkete, noski. Gure jendea sartuko ahal da bide horietatik.
Esanak esan, aski esanahitsua da Azurmendik bere liburuari, konklusio antzean, ematen dion errematea. Mitxelenaren hitzok aipatu besterik ez du egiten:
“Gure ondorengoek,
orain pixkaren bat
ahazturik badaukate ere,
aurkituko dute berriz
egunen batean
Orixe,
harrimenez eta espantuz”.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres