« Erdara bizi eta euskaraz idatz | Euskararen ideologiak »
Zer dugu Orixeren kontra / Joxe Azurmendi / Jakin, 1976
Zer dugu Orixeren kontra Jexuxmari Muxika / Zeruko Argia, 1976-08-08
Esplikazio luzean ari zen bati, “horixe” erantzuten zion entzuleetako batek, ondo bazetorren ala ez. Adarra jo nahiz, noski. Esplikazidaria konturatu zen arte. Honi ez zion, nunbait, grazia apartekorik egin, eta izan zen handik aurrera hitz potolo frango. Inuzentea, koxkorren koxkorrena. Orduan ordea, inoiz bazen eta “horixezalearen” erantzuna egokia. “Hi baino txanka mehe aluagorik ez diat ezagutu”. “Horixe”. Asma halak esan eta orduan eta eskuragokoa erantzun berbera.
Jarduera harek bi irtera bakarrik zituen: Ederki ari haiz, eta esplikazlo luzeak beste batetarako utzi, edo besteari arpegia jiratu, ia horixetik huraxera pasatzen zen ala.
Sarri gertatu izan zaigu holako zerbait beste maila bat behar luketen polemikatan ere. Irtera itxurazkorik gabe gelditzea, alegia. Izan, ez da hori guziz harritzekoa. Gure nahia euskal-alorrean haundia da. Beharra, ordea, haundiagoa ikusten dugu, eta txantxetarako gogoak azkar joaten zaizkigu. Nahiaren nahiaz, eta presaren presaz ezin izan dugu, nunbait, beharrezko diren bereikuntza eta azterketatarako, hortan denbora galtzeko, arnasarik luzatu, eta gure polemika asko azkar gertatzen zaizkigu adar-jotzearen mailako (beste alderdikoa adar-jotzaile, klaro); kultura mailan inori arpegia jiratzera ohitzen ez garen bitartean, beraz, ahal bezain gizon mutis egin, eta kito.
Nikolas Ormaetxearen idazle izena, Orixe, ahoz aho ibili izandakoa da euskal ikasien artean. Oso gazterik jakin genuen guk Orixek aldeko eta kontrako jende sutsua omen zuenaren berri. Ezer gutxi, ordea, hortik aurrera. Gutxiegi, behintzat. Gorantzak eta beherantzak, nagusiki. Egiazko Orixe herriari aurkezteko ezer-ezer egin ez denik ez dut esan nahi honekin. Badira hor zehar lantxoak, eta oso onak ere bai batzu-batzuk. (Mitxelenaren artikuluak, adibidez) “Jainkoaren billa” eta “Santa Cruz apaiza” ere ez dira argitaratu zaharrak. (Nork argitaratu behar lituzke “Mireio” eta “Tormesko itxu-mutilla”? Hoiek, bederen). Bainan egia garratza hau da: Gehiegi gera euskal kultura lanetan gabiltzanon artean, Orixeri buruzko jakite guzia hiru orritako laudorio edo ahobeteko zipristinetara bildu izan duqunok. Hiru orritako jakintzak, berriz, ez du inon eta inoiz probetxuzko irtenbidedun elkarrizketarik sortu. Txinparta biziak bai, bero hartan, bainan gero, isil gaitezen, zeren… zeren… hau ez bait da jarduera.
Orixe, hil eta hamabost urtetarako ahantzi izatea, lujo gehiegia da bere hizkuntza garairatu nahiaz ari den herri koxkor batentzat. Hortan ez dago dudarik.
Joxe Azurmendiren “Zer dugu Orixeren kontra” liburua, bilakaera triste honi stop bat jartzera dator; eta ez dago gaizki, lehenik haren kontra zer dugun —duen, zuten— agertuaz hasi izana. Garbiago agertuko da horrela, autore bati egin diezaiokegun mesede bakarra, itxuraz azterkatzea dela, kritikak kritika. Gainuntzekoa goizeko maitinak dira. Azterkatzean atera dakiokegu autoreari berea, ezer ateratzekorik badu eta. Orixe idazle puskat badela, irakurri duenak daki, berriz. Irakurri duen edonork.
Azurmendiren liburu hau, juxtu juxtu, egungo giroaren fruitu eta agerpen da. Historiazko azterketen garaian bizi gara gaur, gure herrian, zorionez. 1960-70 arteko hamarraldia ideologizazio garaia izan zen. Berri berriak etorri zitzaizkigun, eta behar ere bagenituen. Ideologiak norbere historia eta egoeran murgildu ezean, bainan, hitz hutsak gerta daitezke berahala, eta bizkor oso, kaltegarri ere. Gartzela berri berriak, bainan gartzelak. Ideologiek historian eragin onurakorrik izango badute, han oinarritu behar dute, historiari egin galderak. Hoiek egiten jakin behar du, berriz, pentsalari eta azteriari onak. Historiaren hari egiazkoaz jabetutakoak helduko dio praksia egokiari, beti berria izanen den praksiari.
Gogo eta metodu honekin eginiko liburua iduritzen zait neri, Orixeri buruzko hau. Ikerlaria egungo galderekin doa honengana. Prejudiziorik gabe, ordea, eginahalean. Hauexek haustera, zuzen zuzen, harenak eta geureak. Orixe bere giroan aztertzen du horretarako, pentsatuz, “geure historiatxoak inguratzen digun gartzela hautsiz bakarrik aska genezakeala Orixe” ere. Hori egitean balio liezaguke Orixek zerbaitetarako. Eta klase guzitako zerbaiten beharrean gaude, inor bada eta gu.
Orixe, literato bat da nagusiki, idazle bat. Gure herritxoan ez da ordea, izen apur bat jaso dutenetan bat bera ere, bere espezialidadearen berri bakarrik eman beharrean arkitu. Bere abertzaletasunaz diskutitzen da, bere erlijiokeraz, linguista izatea eskatzen zaio (idazten duen edonork izan ere badela uste du, apur bat), neskamerik zuen ala ez galdetzen da, azkar. Ez dakit onerako ala kalterako dugun hori. Hola dela, baietz usten dut.
Joxe Azurmendik hori guzia kontuan hartu behar izan du, hasi ere Orixekin eta berari buruz sortu zen polemika aztertuz hasten bait da. Ez da, hortakotz, literatur azterketa huts bat Orixeri buruzko hau, ez da formaren analisia, soilik. Zabalagoa da askoz bere gaia eta helburua. Hortik datorkio liburuari, nik uste, gaurkotasun haundi bat. Euskal hizkuntza eta letra mailan dabiltzanak etengabe ahotar dituzten galdera ugari plazaratzen eta aztertzen ditu Orixengan eta bere garaian, eta zeharka, bainan, egungo zenbait jokabide ulertzeko argi ere ematen du.
Liburuaren mugak ere, gai-zabaltasun hau dela eta, garbiagoak gertatzen dira. Puntu asko ukitu eta utzi bezala egiten dira, inork heldu nahi ote dien, proposatu balira bezala. Saio bat da beraz, saio zabala, osoa izan usteko ere ez duena, noski.
Orixeganako interesa berriro pizten denean, liburu honek erraz sor dezake polemika, nik uste. Polemika hori, ordea, ez da orain hamabost urte —eta gerora ere— sortu zenaren mailakoa izango. Ez du gaur ahobeteko hitz borobilak botatzeak bakarrik balioko. Ez luke balio behar. Hori da liburu honen, eta antzekoen, merezimendua. Polemika horri ekiteko asmorik ez dut nik neuk, eta bi gauzatxo bukatzeko:
—Liburu hau oso egokia ikusten dut, gure artean sortzen ari diren ikasleek, autore bat nola aztertzen den ikas dezaten. Bakoitzak bere kriterioak eginaz joan beharko du, bainan lan erraza ez denez, itsu-mutilak ezin gaizki etorri. Aipagarria da, adibidez, liburu honetan, karaktere epikoari buruzko kapitulua, kritiko honek poeta bat liriko edo epiko bezala ikustean, zer kriteriorekin jokatzen duen jakiteko. Euskal-irakasleentzat ere ez letorke gaizki.
—Liburu hau ez da, noski, nobela bat, erraz irakurtzekoa bai, ordea. Euskera bikaina darabil, beti.
—Zenbait alditan, aldapeko sagarraren adarraren puntaren punta guzietara iritxi nahirik, eta bestetik trongo nagusiari zuzen heldu nahi, repetituxegia iduritzen da trongo honen ingurua. Adarretatik itzultzen den aldioro. Autorearen estiloa ere bada hori, nerekiko. Ez du nahi nunbait, berriro, garrantzi gabeko bezala utzitako adartxoren batetik inor kantari has dakion.
“Zer dugu Orixeren kontra” liburua gustora irakurri dut nik, eta ez dago, horretarako, guzi-guziarekin bat etorri beharrik.
Badakigu bigarren alea ere bukatua duela Azurmendik. Komeniko litzateke ahalik eta azkarrena argitaratua ikustea. Ikuspegi osoagoa jasoko genuke. Jakin-goek duzue hitza.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres