kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Itsaso ahantzia / Koldo Izagirre / Kriselu, 1976

Bi poeta gazte (II) Xabier Lete / Zeruko Argia, 1976-05-02

Joxe Azurmendik, oker ez badago, intimidadean barna abiatu den euskal poesia berri batetaz zertxobait esan du. Bide hori, komenigarri ezik halabeharrezko ere bazen. Poesia, izan ere, adierazpen barnekoi bat besterik ez da: barne gogoeta eta barne munduaren hezur-mamitzeak dute poesiaren lehen eskeletoa itxuratzen, eta gero eskeleto horren moldea estiloak osatuko du. Egia esan, poesian gaia eta moldea, eskeletoa eta haragia ezin daitezke berezi, bata besteari itsatsirik doaz, osotasun batean, bi gorputz orgasmoan elkarri lotu eta itsasten diren gisan; eta aski da desegokitasunaren izpi bat ekilibrio juxtu-juxtu hori urratzeko eta desbatasun zatigarri, nabarmena nagusitzeko.

Azken urte hauetako euskal poesia sentimentu on, kezka politiko eta esistentzial larriduraz beterik zegoen. Ez dut esan nahi hemendik aurrera ere egongo ez denik, edo egon behar ez duenik, erne. Bakoitza jabe da nahi duen materialarekin poesia egiteko munduarekiko sekretu nagusia giltzarri honekin edo harekin susma nahi izateko. Hala ere, jendea pixka bat aspertuta dago. Aspertuta bezela gaude denok, eta poetak ere asperturik agertzen zaizkigu. Baliteke iñora heldu gabe dagoeneko “bueltan” egon nahi izatea, halako eszeptizismo erdi-sakon, erdi-azaleko batekin…

Baiña, egoera hontan, intimismoa zerbait da; barnekoitasun hori “egiazkoago” eta era berean “apalago” liteken zerbaiten adierazpen balitz bezala. Badirudi gure poetok, gazteok batez ere (paradoja ote?) egia orokor, mundu sozialaren ulermen eta gainerako helburu “konbatiboz” aspertuxe bezela agertzen zaizkigula, beste mailla pertsonal, barnekoi eta apalagoan beren poesiaren funtsa aurki nahi balute bezela.

Eta barneratze horri, zer esanik ez, estilo eta hizkuntza aldetiko aldaketa bat dagokio, Koldo Izagirre-ren liburuan nabaitu dugun gisan. Hitz urratuen joskera da Izagirrerena, itxuraz. Zatika, zatika gauzak esango balitu bezela, bere barne-munduaren “puzzle”-a ordenan jartzea egitura razional batetan baiño gehiago arrazoi-peko datoetan funtsa nahi balu bezela.

Badu Izagirreren poesiak surrealisten kutsadura onuragarririk, osotasun itxuraz inkoerente baiña sakoenean osoagotik ibiliz asmatzen baititu bere erlazio eta inter-erlazioak.

Poesia-hizkuntza berri baten aurrean gaude, zalantzarik gabe; elisio eta inguru-mingurutasunez josiriko poesi estilo ausart baten aurrean. Gaur-gaurkoz, ez dira gauzak itzalik gabeko “egia” oso bezela agertu nahi, horretan sinplekeria edo dogmakerien tranpa legoken zalantzaz. Gauzak, poesian, gero eta xinpleago biurtzen ari dira, baina era berean gero eta biurriago, berriro ere berrirotik “abiatzea” zilegi izaten hasi baita.

Izagirreren liburuaren atzeko azalean Bernardo Atxagak kristau kutsuzko bertso maioritariotaz zerbait idatzi du; poema kristau-esistentzial, kristau-esistentzial-politiko… edo esistentzial-politikoetaz soilki, kristautasunik gabe. Jakiña den bezela, Atxagak Eizagirreren poesia ez dela era hoietako dio. Ez da hori. Ez. Ez da. Izagirreren poesia honela da, adibidez:

baina adolezente enamoratuek ez dute gehiago
zapatak ilunabarrez itotzen
bikoteek ez dute hodeirik dastatzen
periodiku zaharrez eginiko kukurutxotan
mojetako neskek ez dute ene poemarik
frantsesezko koadernoan kopiatzen.

Etabar. Aterabide eta planteamolde poetiko bezela guztiz akort nago Izagirrerekin, eta ziñez uste dut berea bezelako bilaketek eta moldaketek bakarrik salba lezatekela euskal poesia humanist-politiko giro monotono eta antzugarrietatik. Poesia, ene ustez, ez da masak edukatzeko tresna didaktiko edo era horretako beste edozer maximalismo edo injenuidaderik. Munduari, kontura gaitezen beingoz, poesia guztiak eta arte guztiak bost ajola zaizkio, eta gero ta sinistuago nago poesi lerro bakar batek ere ez duela gertatu behar zuenik sekulan gertatzetik baztertu edo eragotzi: injustizia, erailketa, genozidio eta molde guztietako krimen eta zapalketak.

Baiña… Gauza guzti harek horrela eta, susmo batekin geratu nintzen Izagirreren liburua irakurrita, eta geroztikako beste zerbaitek susmo horretan sendotu eta irmotu nau. Duela zenbait egun, eranegun edo, Koldo Izagirre Urreagak Ramon Saizarbitoriaren nobelari jarri dion aintzin-solas poetiko eta auto-konplazientea irakurri dut, eta haretan zera aurkitzen dut: burruka guztietatik kanpo, eta lerratze guztietatik, inuzente itxuraz eta aurpegiz egoteko pretensioa, “como quien jamás rompió un plato…”.

Bueno, berdin zait. Farregura ematen dit, soilki, horra. Aintzinsolas gisako horretan, poeta genuen Izagirre agente deklamatzaile eta negarti biurtzen zaigu, “inuzente” akusatu guztien palinodia kantatu nahi baligu bezela… A, baiña nor zen ba akusatua? A, baiña badago egon beraz beste mota batetako gorputz mistikorik hor zehar? Saizarbitoriaren nobelak horrelako introdukziorik behar zuen ala?

Joxe Azurmendi berak zioen duela zenbait denbora euskal literatura berriren jarreretan egon litekela istillu guztietik bazter egoteko pretensio gisako bat. Istillu barneagotuak interesatzen zaizkigu, nola nahi dela ere, ez istilluen ukazioak. Ez da beharrezko, iñundik ere (farregarri litzake) poetok iraultzaren aintzindari eta mezulari izatea; baiña operazio gizartetsu-literario bezela tranpa haundi xamarra litzake “problema”, por arte de birlibirloque, estali nahi izatea, sekulan egon ere egon ez balitzake bezela, eta “etiketatzaileen” aurkako behatz-jasotze melodramatikoak eta malko-ixurtzeak egiten bastea, Izagirrek egin duen bezala.

Inuzentzian bizi eta mundu zikin honetako bazterrak korritu nahi baditu, egin beza; baina inuzentzia poeta batek era bakar batean demostra lezake: bere poemetan. Poeta zikin asko garbitu da bere poesietan, baina zikintasunik gabeko poesiaren pretensioak haizeak eramaten ditu.

Izagirre poeta ona da, eta oso interesgarria, eta nik horrela esan edo ez esan berdin jarraituko du izaten. Baiña badago berarengan, poesiatik kanpora agian, retorizismo negarti baten zenbait joera. El clan de los lapidados?

Nik gauza bakar bat esan nahi nioke. Adiskide, iñor sekulan lapidatu ez duen harek bota beza lehen harria.

Eta beste gauza bat ere esan nahi nioke: penagarri da hain gazterik kulpabilidade konplejoak izatea, nabarmentzeko moduan beintzat.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak