« Bi poeta gazte (I) (Mikel Arregi eta Koldo Izagirre) | Bi poeta gazte (II) »
Ehun metro / Ramon Saizarbitoria / Kriselu, 1976
100 metro A. Lertxundi / Zeruko Argia, 1976-04-18
“Egunero hasten delako” nobela argitaratu zenetik, oso guttitan jakin izan dugu Saizarbitoria idazleaz. Hitzaurre “eskandaloso” eta beste, aspaldidanik genuen haren nobela berri baten entzutea, eta zai geunden.
Bestalde, Ibon Sarasolaren “Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza” saiaerak, asko lagundu dio euskal irakurlegoari gure narratibagintzaren urrats serioenak ulertzen. Eta Saizarbitoariaren “Egunero hasten delako” hura ulertzen.
Eta, orain, plazaratu zaigu berriro Ramon. Gobernuak bahitu egin du liburua eta zail omen da orain liburutegietan topatzen. K. Izagirrek egiten dion hitzaurrean bezala, alderdi guztietatik izan daiteke jipoitua Ramon Saizarbitoria:
orduan egin dezakezun gauzarik nobleena isiltzea da eta hamarrua baretzeko tristura antzuak gainditzeko izkriba ezazu, izkriba iezaguzu, izkriba gaitzazu.
Ibon Sarasolak deitzen dituen Saizarbitoriaren “aurkikunde formalak”, interpretatze formalak direla esango nuke, edo-ta, beste era batetara, formal teknika hoiek ez direla Ramonenak; baina, Ramon, serio ahalegindu da beste literaturetan euskara erakartzeko teknikak aurkitzen. Ramonek ez du inoiz ukatu “Boquitas pintadas” nobelaren jitea bere pertsonagan, eta hona non jite hori garbi atzematen zaion, teknikari begiratuaz gero, nobela honetan. Zinema eta zinemaren planoak. Nahasiak batzutan, zinemaren logikaz nahasiak, planoak, kolpeak, planoen aldaketa azkarrak, travelling prezisoak, off abotsak errealitatearen dei hadar, erori da, haiz, hintzen, hiru plano desberdin eta azkar, pertsonajearen aldaketa, ekintzaren bihurtzea, eta narrazioaren jarraipen zinematografikoa.
Planoen aldaketa, aditz joko hutsez lortzen dena, ez du, nere ustez, inork Martin Ugaldek baino hobeto erabili, bere “Las brujas de Sorjin” nobelan ikus dezakegunez. Baina hona non, estilo erabat desberdinean, Ramon Saizarbitoriak ere aire berbera dakarren.
Beste aldetik, nagusia eta majistrala da “Boquitas pintadas” horretan Puig-ek duen mass-mediaren komunikabideen erabilketan lortzen duen errealitatearen aditzea. Irratia eta periodikoa, abesti bat, eskutitzak, azken notiziak, eta narratu nahi duenaren trama.
Berdin jokatzen du Ramonek ere: Eskolako oroimenak, trama bera, periodikoak eman duen tramaren berria, herrian gertatuaz izan diren berriketak, trama ondorengo poliziaren lanak, Donostiaren propaganda turistikoa…
Berrogeita zazpi minutu. Radio Reloj le saluda. Buenos días. Sabeleko zuloa jostorratz lodi batez josten ari zaizkik. Está usted en la cama? Buenos días. Azken odol tantoak isurtzen dituk.
Tragedia batetik eta, egunerokoak jarraitzen duela, bestetik; bizitza eta jokaera paraleloak. Paraleloak denboran, dibergenteak erabat bizitzaren zentzuan. Eta hauxe da Ramon Saizarbitoriak nagusiki lortzen duena. Iban Sarasolak ere, bere euskal literaturan, esaten zigun bezala:
Haren aurkikunde formalak, teknikeria huts baino areago, gaurko euskal nobelak beharrezko duen eraberritzearen oinharri dira.
Tematikaren eraberritzearen beharraz batera, tematika horren adierazpen berrien beharra ere badu gure nobelagintzak. Eta Ramon Saizarbitoriaren lana ez da esperimentala. Nolabait adieraztekotan, Patri Urkizuren “Sekulorum sekulotan-i” esperimentala deritzat, baina Ramonenari ez. Ramonek estiloa bereganatu egin du, eta, zergatik ote?, berehala dakigu zer den Ramonena eta zer ez. Ramonek bere haragian bereganatu du hain propioa zaion estiloa. Ez da esperimento, estilo baizik. Nere ustez. “Egunero hasten delako” hartatik asko akabatu, pulitu du bere estiloa. Vargas Llosa ere akabatze batetara iritsi zen bere “Pantaleón y las visitadoras”. Eta obra hau aipatzen dudanean, atzo bertan, gauean eta Deban, hirurogeitik gorako gizon batek (guttien pentsatzen dugun tokian dago euskal irakurlegoa) Vargas Llosarena eta Saizarbitoriaren “100 metro” gonbaratu zizkidan. Eta orain arte esandakoek, hirurogeitik gorako gizon horrek esana baiezten dutela uste dut.
Lehen nobela bilinguea. Ez da, norbaitek pentsatuko duenez, snobismoa, errealitatearen azterketa serioagoa baizik. Xabier Kintanak argitu zizkidan honetaz begiak. Zeren eta oso zail egiten zaigu gure garaiko eskoletako errepresio giroa erdaraz ematea. Irakaslearen ahotan ezin daiteke “zure bandera oria eta gorria da” entzun edo irakurri. “Tu bandera es roja y gualda”. Noski. Errealitate bat eta errealitate tamal horren hizkuntza. Gurea ez dena. Eta, hontaz ari garenez, Ramonek errealitatearen beste alderdi bat eskaini digu bi hizkuntzak erabiliz. Bere nobela ez zatekeen den hori izango, dena euskaraz egin izan balu. Ez eta guttiago ere!
Hizkuntzari buruz berriz, ongi menderatzen du euskara erraz hori, baina guttiegi lantzen duela deritzat zenbaitetan. Propio egina dateke. Baina gramatikalari ez naizenez, eta hizkuntzarekiko, hizkuntzaren erabilketarekiko arazo berdintsuak dituzkegunez, bego hortan, garrantzi haundirik gabe kritika hori.
Eta amaitzeko, K. Izagirreren hitzaurreko azken hitzak:
baina oraindik egonen dira nobela hau gustora irakurriko dutenak, eta bi aldiz segidan irakurriko duten ni bezalako idiotak.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres