kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Oilarraren promesa / Joan Mari Irigoien / Gero, 1976

Juan Mari Irigoien: Oilarrak eta promesak (1) Anjel Lertxundi / Zeruko Argia, 1976-03-21

Luma bazuelarik eta hizkuntza arrotz ez zaionez, zerbait baino gehiago mindu dena mintzatu zaigu. Ase-nahirik eta ase-beharrak ba ote doakio joan-joanka dabilen Irigoieni?

Poetaren “orain bihotza urtua dadukat”, gatza uretan bezala bihotzeratu zaio Juan Mari Irlgoieni, eta oilarraren promesak benetan kukurruku egin diezaion astindu du bere luma. Hiritik itzulia ez bai da lur-lanetan hastekoa.

Bederatziurrenen asperrez eta errogatiben lor-ezinez ihardun beharrak ez du Irigoien kezkatu, ekintza orokorra eta lan apala mugatzen ikasi bai zuen bere eguneroko enbidoan. Berriz diet zatikerietan murgilduei, ekintza orokorra eta lan apala mugatu behar direla.

Zuzen idaztearen bi baldintzapenen oreka irristagarriak mugatzen ditu bihotza eta burua, burutik datorkigun argia bihotzaratzen dugunean, eta bihotzari darion sentipena bururatzerakoan sortzen bai da estiloa.

Irigoienek noiz behinka oreka hori galdu eta irrist egiten duela bere nobelan esaten badute ere, ez diet arrazoinik ukatuko, baina gure paisajea, gure ttikitako paisajea, gure kalea, gure ttikitako kalea ondatu dizkigutenean, sentipena nagusitzen da eta gorrotoa dario bihotzak, edo ezina dario bihotzak, edo maitasuna dario bihotzak.

Irigoienen kasoan, hirurak bat dira bere Altza maitea gogoratzean, Azpil, deabruen madarikazio gogorra jasan behar duen Azpil ez bai da Altza herria besterik. Hirigoienen haurtzaroko Altza:

Azpilek bere nortasun berezia du. Eta herri batek, han edo hemen, gertaera honetan edo beste hartan oinarritzen badu bere nortasuna, Azpilek bere iturri berezietan oinarritzen du berea.

Irigoienen tesia garbia da. Utz dezagun politikoa eta har, berriz, herrigintzari buruzkoa. Harrigarri da zein gutti idatzi den gure herrian herrigintzaz. Planifikatze ezak gure etxea, gure kalea, gure mendia, gure bihotza odolustu duenean ere, han gertatu gara berriro ere, denok batera eta denok itsu, odolik gabe eta odola hustu zaigula konturatu gabe. Hauxe esan nahi digu, hain zuzen, Irigoienek.

Zer gerta badaezpadakoaren zain egoten jakin ez dugunon herria dugu gure hau, herrigintzan, politikan eta sail gutzietan egoeraren atzetik jokatu bai dugu. Aurreratzen eta tantoak egiten dakitenena da gizartea eta ez beti kontra ari garenona. Prebisio faltaren gaztelu hesia! Gure zozoaren egitea herriaren ikustetik gibeleratzea bai da.

Idaztera uzkur garenok lau urratsetan gara, zerbait definitiboa bururatu nahi izaten bai dugu sei egunetan.

Hala ere, zenbat ikus, hainbat itsuagoxe garenez, hitza atsoen berdina izan ez dadin eta lurra nonahi ikaratzeko joritu behar dugu herrigintza.

Kontura gaitezen, eta Gipuzkoa mailan soilik, Mutrikutik Irunera, Lasartetik Zegamara, eta inguru guzietatik minguru guzietara zabaldu dela astakeria, Pandoraren kutxan ere kabituko ez litzatekeen itsumen hondatzailea.

Eta izorrotzaileak denok garela esan beharra dago, izorramenduaren trauma ere denok paso dugula esaten dugun bezalaxe.

Juan Mari Irigoienek jaso duen bezala. Bere jaioterria Altza da. Beno, ez da hainbesteraino ere. Bere jaioterria Altza izan zen, eta, egun batez, bere bertsolari abotsa lehortu zion Altzari hizkuntza arrotz batek, aurrerapena “spray” botetan etorri eta simaur usainak kendu zizkion kaleari, zelaien berdea ihartu zitzaion hainbat etxe, denak berdin, denak hiltzaile, eraikiz. Hil egin zen Altza, eta tontor batetan dago bertakoa zen eliza, heriotza isilaren oroigarri.

Baina alderdi guztietan gertatzen ari zaiguna da: Guk esanago, izorratzaileak hainbat egoskorrago. Eta egoskorkeriaren organigrama altzairuzko armiarma-sarea da.

Joka dezagun joka Orixeren azken alternatibaz:

Zatozkida Goi Arnas eizu nerekin lan
Erri baten arnasa
mamitu dezadan.
Geroak esan beza
“Erri bat izan zan”
edo-ta ats emaiogun
ontan iraun dezan.

Irigoienek salatzen duen easotarren (donostiarren) maltzurkeria, eta denok salatzen dugun madrilkeriaren ardatz eraman-ezinak erakusten digu Irigoienen deabruak:

Bertan dugu deabrua. Ez dugu froga gehiago behar… Iraultza berdearen itxaropena…

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak