kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Hitzak eta giltzak / Iñigo Aranbarri / Alberdania, 2001

Hitzen kartografia Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2001-07-28

“Olerkari” eta “poeta” hitzen arteko bereizketa du hizpide Iñigo Aranbarrik liburu honetako pasarte batean. Olerkariak “poetak ez duen plus serioago bat” duela iruditzen zaio, Orixe beti izango dela “olerkari”, eta Lizardi eta Lauaxeta, “olerkari diren arren, heriotza goiztiarrak eta modernitate nahiak” egiten dituela poeta. Liburuaren hastapenean bere burua poeta gisa agertua digu Aranbarrik, eta poeta gisan abiatu du lan hau, hitzei zarata kentzea, euren esanahira ekartzea beharrezkoa delakoan.

Lan hori ez da makala, Aranbarrik berak ere halaxe dio, baina bere gain hartu du, eta hausnarketarako bideak zabaltzen dituen liburu labur bezain interesgarria bilakatu du lan hori. Ez baita erraza hitzei zarata kentzea. Komunikabideok egunero zarata hori ateratzen gabiltzanean, are gutxiago. Erdaren eta konplexuen pisua izugarria denean, zer esanik ez.

Umorea eta memoria

Umorea dario sarritan Iñigo Aranbarriren lumari “Hitzak eta giltzak” honetan, egunerokotik ateratako —edo egunerokoan oinarritutako— pasarte argigarriak lagun dituela sarritan. Hitzei zarata kentze aldera, umorea baino gehiago, ironia dariola esan beharko, ordea. Memoria entziklopedikoa ere erabili du. Eta memoriak ez du zertan beti gogoan gordea izan. Liburuak ere memoria argigarriak eta lagungarriak izan daitezke. Horrela, mundu zabaleko kulturetako idazleen lanak, biografiak eta mitoak darabiltza idazleak liburu hau osatzeko. Baita pertsonaia ezagun askoren aipamenak eta pasadizoak ere. Memoria eraikitzen jarraitzeko. Berea, eta irakurleona. Hizkuntza memoria delako, hein batean. Eta memoria horri buruz ere ari da Aranbarri, euskararekiko bere sentimenduen kartografia ezin gardenagoa hitzekin marraztuz. Hitzak giltzak direla uste baitu. Eta uste horretatik abiatu denez, haren hitzek anekdotario hutsaren eta filologia estuaren mugak gainditzen dituzte. Euskal Herriko mapek, euskararenak bezalaxe, hitz soilez gaindiko zerbait agertzen dutelako. Araban Tortura mendatea dagoela ikasi du, besteak beste, horren berririk ez zuenak. Eta Bizkaiko txoko batean “Anbre”, “Gosea” eta “Pokopandegi” izeneko baserri hirukotea dagoela. Genioena, hizkuntza memoria zati bat ere bada. Eta jarrera bat. Eta badira zenbait jarrera Aranbarrik maite ez dituenak. Maite ez duen jarrera bat, EAEzentrismoa da, Gipuzkoako Anoeta herria Iparralde osoaren pare jartzera eraman gaituena, gure geografiaren koordenada guztiak hankaz gora jarri dituena. Aldamenekoarengandik zerbait kopiatzen hasi eta hoberena kopiatzen ez saiatzea ere ez du atsegin idazle honek. Errazkeria ere ez.

Ikasgai asko

Ez da erraza liburu hau irakurri eta norberaren isla ez ezagutzea, Aranbarrik ironikoki aipatzen dituen utzikeria adibideen arrastoren bat norberaren gogoan, jardunean, ez aurkitzea. Gure egunerokoan eragina duten arlo asko eta asko jorratzen dituelako, seguruenik: irakaskuntza, kazetaritza, literatura, itzulpengintza, kale giroa, kirola, politika… Eta ikasteko asko dugula erakusten digu. Arlo guztietan. Ez da irakaspen txarra. Irakaslea ere bada ogibidez, eta ezin gutxiago espero hitzen zaratarekin hainbesteko kezka agertzen digun poeta batengandik. Hitz egokia aurkitu du, gainera, irakurleari martxa hartzen laguntzeko: “gimnasia” egin beharra daukagula dio Aranbarrik. “Eta gimnasiarena, barkaidazue, ez dakit ez ote den modan jarri behar dugun kontzeptu bat herriaz eta hizkuntzaz ari garelarik. (…) Kontsigna posmoderno eran geratzen bada ere, esan dizuedala uste dut: gimnasian dago, neurri handi batean, osasunaren giltza”. Hitzak eta giltzak. Eta gimnasiarekin hasi nahi duenak badu arrastorik ariketekin hasteko.

Gimnastaren bizimodua

Gimnasia pixka bat egina duen euskaldun baten gogoeta bildumatxoa da liburu hau, euskararen osasuna kezka duelako. Eta Euskal Filologia titulua duen arren, filologokeriak ez dituelako maite. Bere gimnasta ibilbidea ere erakusten digu, hein batean, Iñigo Aranbarrik. Ez pentsa, hala ere, gaur egun hain modan omen dauden norbere burua laguntzeko liburu horietako bat denik “Hitzak eta giltzak” hau. Erabiltzen ditugun hitzek uste dugun baino askoz ere gehiago adierazten dutela esatera dator, adibideak adibideen atzetik jarriz. “Hizkuntza ilun, nahasi eta esku-burdindu honi haize pixka bat emate aldera…”.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak