« “Sei idazle plazara” liburuaren inguruan (II) | “Sei idazle plazara” liburuaren inguruan (eta IV) »
Sei idazle plazara I / Begiarmen / Jakin, 1974
“Sei idazle plazara” liburuaren inguruan (III) Iñaki Zubizarreta / Zeruko Argia, 1975-03-02
Liburu honen kritika egiteari jarraituz, gatozen orain poliki aztertzera zer dioen Begiarmen-ek Luis Mitxelenaren Baroja zaletasunaz.
Lehenengoz, Barojak euskal herriaz eta euskera hizkuntzaz zuen iritzia agertzen du laburki egileak. Honako puntu hauetan ematen digu laburturik bere iritzia. Pio Barojak maite zuen euskal herria, bainan batez ere baserria, baserri giroko euskal herria. Euskerari ez zion etorkizunik ikusten. Barojak ez zuen ikusi euskararen hil-bizikoa herri-arazo bat bezala, guttiago oraindik eginkizun politiko bat bezala. Euskararen arloa sentimental alderditik epaitzen du Barojak.
Barojaren pentsakera laburtu ondoren (denok dakigu honen pentsakerak euskal herriaz hutsune nabarmenak zituela) honela agertzen digu Begiarmenek Luis Mitxelenaren postura: “Mitxelenak ongi daki zein den Barojaren pentsakera Euskal Herriari buruz. Eta dakielako —norberak ditu bere gustoak—, gorasarre eginen dio hil ondoan, 1956an: ‘Gurea ote dugu Baroja? Gure artean jaio denik, ezin uka. Deus gutxi da hori, horratik; gehiagorik nahi genduke… Nere ustez, Barojak Euskal Herria maite zuenik ezin daiteke uka; maite zituen gure zeru-lur-itsasoak, maite gure jendea, gure izaera, gure gizabidea, gure mintzaera euskaraz ala erdaraz. Hori begien bistan dago’ (MIH, 268-269). Euskal Herria euskaraz ala erdaraz maite izatea berdin ote da Mitxelenarentzat? Guretzat ez sikiran. Bestalde, guztiok dakigu turistek ere estimatzen dituztela euskal herriko paisajeak”.
Benetan jokabide oker ta makurra Begiarmen-ek hemen agertzen duena, Mitxelenari oso mesede eskaxa egiten dion nahaskeria zantar bat sortuz. Baroja berari ere ez dio mesede handirik egiten, bainan honen arazoa beste noizbaiterako utziko dut, aukera etortzen denerako. Oraingo hontan Mitxelenarekin ari naiz.
Itxurak dionez Begiarmen-ek ez du gehiegi ezagutzen eta begiratzen euskal langileen ekintza, izan ere nola arraiotan egin lezake era hontako galdera: “Euskal Herria euskaraz ala erdaraz maite izatea berdin ote da Mitxelenarentzat?”. Zeinek maite du eta maite izan du bere bizi osoan, euskaraz maite ere, Mitxelenak hainbat gure herria? Euskaldun idazle eta kritikoek ondo jakin behar zuten ba hori, herri osoak ondo dakien bezala!
Gauza garbiegia da Luis Mitxelenaren bizi eta lan osoan, bere pentsakera ez doala Barojaren bideetatik. Euskerari etorkizunik ez balio ikusi Mitxelenak, nolatan ibiliko zen bere bizitza osoan, ibili den bezala, euskararen inguruan eta bere onetan?
Gauza garbiegia da Mitxelena Baroja-zale agertzen bada, honen ekarpen edo aportazio positiboengatik dela, eta ez beste hutsune hoiengatik; ez euskal herriaz zuen pentsakeran agertzen zaizkion hutsune hoiengatik.
Orain, dirudienez, Begiarmen-en iritziz, Barojak ez du ezer eskeintzekorik euskaldungoari, eta hemen dator Begiarmen ta Mitxelenaren desberdintasuna; bainan hemen bakarrik eta ez aurrez aipatu ditugun puntetan, Begiarmen-ek dena nahasturik eman badigu ere.
Arazoa nundik dabilen garbi utzita gero, azter dezagun ondoren azken puntu hori.
Ba ahal du ezer ematekorik Barojak euskaldunontzat?
Luis Mitxelenak bezala, euskaldun asko gera, Barojaren zenbait gauza, asko maite dugunok. Izan ere —eta gureak egiten ditugu Mitxelenaren hitzak— zein idazlek eman digu Barojak bezain “maitekiro gure lur-barren eta itsasaldearen irudia, hain zehatz eta bizia?”.
Nahiago genukean noski Pio Barojak euskeraz idatzi izan balu, eta hori gainera erdaraz agertzen zuen prestutasun berarekin, bainan ez zen horrela gertatu. Hala ere, Barojak erdaraz idatziak halako zirrara bat egiten digu barnean. Orri zoragarriak idatzi ditu gure herriaz eta gure jendeari eragin maitekor bat sortuaz gure barnetan, geure herri eta gizonarenganako eragin maitekorra; eta hori dena, erdaraz idatzi arren. Gainera, barne-eragin hori beste hamaika euskal idazlek sortzen diguna baino askoz indartsuagoa da.
Barojaren erdarazko orrien eragina, lehen aipatzen genituen Barojaren ahalmen positibuek sortua, errealitate bat dugu euskaldunongan. Eta gauza positibo hauetxek dira Barojarengan onartzen ditugunak.
Honekin ez dugu esan nahi errealitate hontan “estankaturik” gera nahi dugunik. Guri egokitu zaigun heziketa-giroak egoera hontara ekarri gaitu, erdarazko orriek guregan eragin handia izateko egoerara. Hemen abiatuz egoera hobeago batera jo nahi dugu noski, bainan hemen abiatuz, eta ez inundik abiatu gabe. Eta oraingo egoera hontatik abiatzerakoan, ez ditugu egoera honen gauza positiboak baztertu nahi. Orain ere erdal liburuen eta idaz-lanen behar handia dugu euskaldunok, eta hain zuzen euskararen eta euskal kulturaren alde lan egiteko, ez bestetarako.
Guk ere, Begiarmen-ek bezala euskal idazleak nahi ditugu, euskal literatura ikusi nahi dugu aurrerabidean, eta hortarako ipiniko ditugu ahalegin guztiak, bainan honek ez gaitu erdal literatura baztertzera eramaten, naiz eta euskal herriko erdal idazleek egina izan. Hauek ere badute zer eginik gauden egoeran euskal kulturgintzan. Gure herria euskalduntzearen bidea luzea da, eta erdaraz ere lagundu daiteke bide hau egiten.
Konturatzen naiz bai, Begiarmen-en postura gogor hori, gure herriko idazle guziak euskeraz idaztera behartzeko izango dela, bainan ez zait postura hori egokiena iruditzen, hutsune nabariak bait ditu. Arrazoi batengatik edo besteagatik asko dira gure herrian erdaraz idazten ari direnak eta euskaraz ez. Hauen lana ere beharrezkoa dugu, eta beharrezkoa euskararen alde lan egiteko.
Badakit bai, puntu eztabaidagarrian sartu naizela, eta hain zuzen eztabaidan argitzekoa den puntuan, bainan, dena dela, dogmakeriarik eta itxikeriarik gabe argitu behar dugun puntuan.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres