kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Behin batean / Xabier Kintana / Lur, 1972

“Behin batean” liburuska edo hizkera zahar bat Johan Trebiño / Zeruko Argia, 1972-07-09

Xabier Kintanaren azkeneko liburua irakurri berri dut. Liburuska honek ipuin batzuk datozkigu. Nik alde batera utziko ditut liburu honen balore literarioak, eta liburuaren gaiak aztertzen sa!atuko naiz.

Zein da, izan ere, liburu honen hari nagusia? Bistan dago, ametsetako herri bati buruz idatzia izan arren, alegia, Ukroniaz, gure herriaz eta gure egoeraz mintzatzen dela, eta gai nagusia hau dela: jelkideek, hots, euskaldunek, guda irabazi baino hobeago izan dela, guda irabazi zutenek irabaz zezaten, zeren, jakina, jelkideak (euskaldunak) burgesak baitziren, eta gainera —bekaturik larriena— euskal burgesak! Bai, hau da liburu honen gai nagusia.

Agian, ganorabako batzuek esango didate: —Zer diok motel? Liburu honetan jelkideen “errazismoa” eta “garbizalekeriak” soilik zirikatzen sartu da Kintana.

Hauek izaten dira ezkulturadunen eta iñuzenteen hitzak, hots, “progrekeriaren” hizkera. Baina goazen harira.

Hau bezalako kasuetan egilearen nortasunaren bidez soilik edo lehendabiziz sumatu nahi badugu egikizuna, ulergaitza gerta lekiguke. Bide honetatik abiatzen bagara, azalezko azterketa baizik ez genuke egingo. Are gehiago, esan genezake, idazle baten asmoa eta berarentzako liburuak duen esangura subjektiba ez datoz beti batera haren esangura objektibarekin.

Liburua historizko eboluzioan eta giza-bizitzaren barreneko harremanetan aztertuz gero bakarrik, arki dezakegu haren esangura objektiba; sarritan kreatzaile berarentzako ezezaguna izanen dena.

Norberaren eginkizunen bestelakotasun amaitu-ezinezkoa izanagaitik ere, eginkizun horien azterketa aurrerakoia eta zientifikak berexi behar ditu zati nagusiak nagusi ez direnetatik.

Azalezko itxurak alde batera utzirik, idazten ari naizen liburuaren gai nagusia gorago ipini dut, alegia, gerta denboretan euskal burges tipiek, euskaldunek, jokatu zuten papera salatzen eta paper horren kontra burrukatzen. Zergaitik orduan eta gaurko benetako klase garaile eta nagusiek ere debelopatutako papera ez da liburu horretan salatzen? Argi eta garbi dago, egileak, nahi ta nahi ez, eta ohargabean bada ere, klase hauen kontexturan jartzen bait du bere burua. Noski, baten batek pentsa lezake oharkabean baldin bada barkagarriago dela, konturatu gabe hala egiten diren gauzak askoz ere barrenagotik sortzen direla; askoz ere adierazgarriago direla.

Honetaz, Kintanak egindako liburuaren tesisa giza-mailen kontextura konkretu batean jar dezakegu, hots, orduko klase-inperialistaren kontexturan. Horregatik haren burua behin eta betiko agertu duelako, eskerrak eman beharko dizkiogu Kintanari; horri, nahaspilan bizi baino, askosaz garbiago eta komenigarriago bai deritzat.

Ez da harritzekoa eta ez gaitu harritu behar. Izan ere hamaika gauza ikusita gaude, eta euskaldunen aurka aspaldi erabili ziren zioak berriro ere “berrituta” datozkigu. Haien artean “arrazakeria”. Kintana idazlea ere horretaz baliatzen da Euskal Herriaren kontra aritzeko. Bainan honekin, esan beharrik ez dago, herri baten lehen eskubideak zapaltzen dituen arrazakeriaren alde azaltzen zaigu Kintana garbi garbi.

Beraz, bera eta antzekoak betiko ultra-razismo eta nazionalismoaren arpegi zahar “berrituta” baizik ez dira. Noski, holakoen egitekoa hemendik aurrera zein izango dan jakiteko, historian ikas genezake.

Zeren, egia esan, Kintanaren tesisa hauek berezitasun handirik ez daukate; badirudi, adibidez, Kintanak guda aurreko denboretan Indalezio Prietok Bilboko Udaletxean orduko euskal kulturaren kontra esandako hitzak irakurri baliosa orduko klase inperialistarrei.

Edo-ta, Bilboko egunkari batean guda ondoren Esteban Bilbaok idatzi zituen artikuluen antzekoei derizkiet “Behin Batean” liburuaren zati batzuri, esangurez eta hitzez. Tesisa eta hitzak Esteban Bilbaoren parekoak; azkenean durangarrak jarra!tzaile zintzo bat arkitu duela esan dezakegu. Bejoandeiela eta segi bide horretatik!

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak