kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Haur besoetakoa / Jon Mirande / Hordago, 1983

Hordago izan da Miranderen “Haur besoetakoa” iraindu duena Mikel A. / Argia, 1983-04-17

Bai, noski, gaur egun argi dago liburua ez dela artelan bat. Ekonomi legeen menpe dagoenez merkatuko beste edozein produktoren pareko da. Merkatura sartzean itxura da Saltzaileen Kondea: lehen momentuan azalak du garrantziaren zati nagusina… Ze, nork eros dezake itxura txarra eta itxusia duen liburu bat?… Ez bada… Bai, noski, ez bada egilea garrantzitsua, literaturgintzarekin interesatua dagoen edonorentzat ezinbestekoa. Eta gainera, aipatu liburu hipotetiko itxusi hori agortua badago. Kasu hau monopolio kasu bat da. Hau da, merkatarien benetazko izaera ezagutzeko aproposena. Jadanik ez dago itxurak egin beharrik, disimuloan ibiltzeko arrazoirik: liburua igual salduko da, ongi apainduta, sekulako ikerketa eta egileari buruzko informazioarekin, edo biluzik (maltratua badago ere igual dio, irakurleak beti barkatzen du).

Eta hor dago koska. Hordago kaka pila ederra.

Erru asko dago…

Erru asko egin da Jon Miranderen “Haur Besoetakoa” birrargitaratzean. “Hordago”k egin duen birrargitalpenak literaturzaleon ametsak, amets literarioak noski, pitzatu ditu “kristalezko abardun sagar-ondoak” bailiran.

Bi motako akatsak aurki daitezke, banaketa subjetibo bat eginez: omisioz egindakoak eta hanka sartzeak. Bainan, ni behintzat, akats bilkura horrek ez nau gehiegi larritu… Gezurretan ari naiz; egia da lehen momentuko amorrua harridurarekin nahasia etorri zitzaidala, eta maldizioen laguntza paregabea larriduraz kutsaturik zebilela… hara zelako koktel ederra! Moskorraldi txarrak zekarzkidan koktela.

Bainan ez dira errudun…

“Hordago”koak errudun ez zirela konturatu nintzen arte. Edozein nobelatan bezala, argitalpen berri honetan ere nonbait behar zuen egon klabeak. Ikertzaile-bidaiari dudan adiskide batek lagundu zidan klabe bilaketan. Bere izena ez da C. Auguste Dupin, bainan badu pertsonai honek ere garrantzirik istorio honetan. Hain zuzen, ene lagun ikerlariak, Mirande beraren lagun batek idatzitako ipuin bat ekarri zidan; misterio ipuin bat, lapurtutako gutun bati buruz den ipuin bat.

Bertan C. Auguste Dupin delakoak dio: “—Agian misterioa piska bat errazegia da”. Eta erantzuten dio polizi-buruak: “—Jainko maitea, nola daiteke zuri horrelakorik bururatzea?”. Bainan Augustek tematsuki azpimarratzen du: “—Piska bat ebidenteegia”. Ipuin honekin batera “Haur Besoetakoa”ren lehen argitalpena ekarri zidan lagun ikertzaileak.

Bakarrik utzi nindun arazoarekin. Goiko elkarrizketa hori ipuinaren haseran agertzen zenez, lehen argitalpenaren lehen orrialdea bueltatu eta, hara zer irakur daitekeen: “Otoi: / Liburu hau / haur listoen eta gizon tontoen / eskuetatik urruti gorde bedi”. Bigarren argitalpenean ez dago halakorik!

Beraz argi dago: haur listo baten eskutara iritsi da liburua. Ze, gizona tontoa ez dela erraz demostratuko dut geroago. Klabea aurkituz gero koktel txarra vodka goxo bilakatu zitzaidan. Nahiz eta bigarren argitalpenean lehenengorako G.A. izenpetzen duen morroi batek (Gabriel Aresti kasualitatez?) egindako nota mamitsua ez agertu. Ez ninduen ezerk harritzen jadanik.

Bainan, halere, erruak hor…

Bigarren argitalpen hau erosi dutenek ez dute beste munduko informaziorik jasoko Miranderi buruz. Ez beste mundukorik, ezta hemengorik ere: ez ze lan egin duen, ez, gutxi gora behera, nor zen, ez ezer. Modernoak dira honetan “Hordago”koak: irakurleak bila dezala, nobela gustatzen bazaio, edo eskoletan emango diete informazio zabala; noski, hobe da nobela bere horretan eskeintzea, eta ez merkeago delako, keba… agian alperkeriz-edo. Gainera, orain hiru ilabete bere burua hil zueneko hamargarren urteurrena kunplitzen zelaren aitzakiz pelmada ederra sartu ziguten, ezta?

Oroitu, ez dirudi lehen argitalpenaren akats tipografikoak zuzentzeaz oroitu direnik. Ez dirudi ere azalegileak “ipui-berri” hau irakurri duenik. Eta liburua esplikatu dionak ere ez du irakurri, eta kitto!

Eta “bulgaritatea beti da krimen”…

…Oscar Wildek esan zuenez. Azala aldatu diote maisu-lan honi. Urteren igarotzeaz estetika kontuak estatikoak ez direnez, zergatik lehen argitalpenak zeukan azal tenebratsua ez aldatu, eta, ez dakit, toke “espezial” bat eman, “poetikoagoa”, adibidez?

Nobela irakurriz gero, bere izpiritua airean flotatzen atzeman daiteke. Labainaz mozteko bezain ebidente flotatzen. Ebidente, bidente ez direnentzat ere. Eta azalean traizioa. Hitz bat: gustorik gabeko horterada. Nork pentsa dezake Gizonak Theresari panpinak edukitzen utziko liokeela? Eta krabelina? Hori, liburua imajin poetikoz gainezka dagoenean. Ez dut uste eszena batzuk gaur egun gordinegiak dirautela… edo agian bai?

Hau ziur, nahiz eta datu guztiek tonto batek egin duela pentsatzera eraman, ez da horietakoa azalegilea. Eta hau diot arrazoi printzipal honegatik: ez du bere izena ipini. Zilegi omen da guztia negoziotan, airean eta baita amodioan ere, Walt Disneyen Gil Patok zioskunez. Eta amodiorik gabe (Mirandeganako kutuntasunik gabe), artea erabiliz negoziorako bidean —enbidoak gutxietsi eta— hordagoka. Farol eskasa bota digute honokoan, argi gutxi, su gutxi… suziri bat pizteko ere gai ez den farola. Pena indiyuen denborak igaroak direla bestela gezia prestatua neukan.

Martxoko egun batean, Waka-Hoyen izpirituak eraginda,

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak