kritiken hemeroteka

8.588 kritika

« | »

Edo zu edo ni / Ixiar Rozas / Erein, 2000

Bidegurutzean Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2000-12-02

Ixiar Rozasek bere lehenengo eleberrian kontatzen duen istorioa ez da berria. Graziana, 58 urteko protagonista, askatasun pertsonala lortzeko atzean utzi beharko dituen gauzez mintzatuko zaigu. Ohikeriak agintzen du Grazianaren bizitzan, bizitzeko grina eta zaletasun propioak oro bazterrean utziz joan da bere familiaren zorionerako. Azkenean, senarrak “edo zu edo ni” hautua azaltzen dionean, Grazianak berealdiko astindua ematen dio bere bizimoduari, eta bere buruaren aldeko apustua egingo du.

Istorioa, esan bezala, ez da berria. Literaturan eta zineman hainbat aldiz eta modu ezberdinetara ikusi eta irakurritako argumentua da. Eleberriaren ekarpenak bestelakoak dira ordea: forma, egituraketa, estilo eta teknika berritzaile baten aurreratzaile zaigu Rozas.

Berritzailea eta ausarta

Idazle lasartearrak ausardia handia erakutsi du bere lehenengo eleberrian, bai 58 urteko emakume baten azalean sartzerakoan, eta bai Edo zu edo ni titulu iradokitzailearen azpian, poesiaren estilistikatik abiatu eta argumentuaren hari ezberdinak lotzen joateko, zinemako kameraren ikuspuntu ezberdinak txertatzea erabakitzerakoan.

Edo zu edo ni oso narrazio poetikoa da, eta elipsiak eta irudiek berebiziko presentzia dute. Telegrafikoa batzuetan, sentsoriala une oro, eleberria, bere osotasunean, metafora handi bat da: kapitulu eta ideia bakoitza irudi ezberdin bat, elementu bakoitza sinbolo bat.

Eleberri biribil honetan, idazlea hari ezberdinei tenk eginez doa eta hari edo ate horiek hartuz eta utziz, irekiz eta itxiz ibiliko da etengabe. Ate gehienak sinboloak dira eta sinbolo horiek, eleberrian aurrera egin ahala, bilduz, azalduz eta lotuz doa idazlea. Irakurleak, galtzeko beldurra sentitzen du une batzuetan, batez ere protagonistaren larriminarekin bat egiten duenean; baina Ixiar Rozasek maisuki biltzen ditu elementu guztiak, eta ez ideia bezala bakarrik, baizik eta irudien esanahia ere azaltzera helduz.

Egitura zaindua

Kanpo egituraketari dagokionez, Edo zu edo ni eleberriak egituraketa paralelistikoari erantzuten diola esan daiteke. Kapitulu eta azpititulu bakoitzean informazio berria emanez joango zaigu, tartean-tartean, Edo zu edo ni-ari erreferentzia eginez.

Rozasen eleberria zazpi kapitulutan banatuta dago; kapitulu bakoitza izen batekin deskribatzen du eta eleberriaren oinarri izango diren kokagune edo lekuak deskribatzeko balioko dute.

Formalki, Grazianak bere bizitzako erabakia hartu behar duen unean hasten da eleberria; orainaldi irristagarri batean. Momentu horretatik aurrera, Ixiarrek denboran atzera eta aurrera egingo du, pertsonaia batengandik bestearengana jauzi eginez, edo eta narratzailearen ikuspuntua kamera ezberdinen objektiboetatik pasatuko du, gertakizunaren ikuspegi ezberdinak jasoz.

Barne egituraketari dagokionez, bi atal nagusi dituela esan genezake eleberriak: lehenengoan, edo erabakia hartu artekoak kontatzen dituen atalean, protagonistaren beldurra eta segurtasun eza dira azpimarragarri, eta bigarrenean, beldurrak uxatu eta erabakia hartzen du.

Denborak ere bi dira eleberri honen oinarrian: erabakia hartu artekoa, zeinetan Grazianaren bizitza kontatzen den eta pertsonaia deskribatzeko balio duen, eta erabakia hartu ondokoa, Graziana berriaren eta Graziana benetakoaren isla dena.

Lehenengo eta seigarren kapituluen izenburua Kaia da: protagonistaren benetako NIaren eta bere erroen irudi: hasieran deskribatzen dena eta azkenean berriro NI horretara bueltatzen dena. Bidaia, bestalde, askatasunaren imajina izango dugu.

Pertsonaia nagusiaren esperientziatik eta begitik ezagutzen ditugu gainontzeko pertsonaiak. Graziana ezagutuz goazen neurrian, gainontzekoak lausotuago bezala ikusiko ditugu; pertsonaia nagusiak estali egingo ditu. Irakurleak Grazianarekin bat egiten du. Protagonistak kontatzen dituen sentsazioekin gelditzen da. Sentimenduen munduarekin. Grazianaren bizilarria sentitzen du. Irakurlea harrapatuta gelditzen da Grazianarekin batera. Ez zaio lagun ez Joxe ez Anjel. Inporta duena Grazianaren erabakia da.

Planteatzen den arazoa ez da Joxe senarraren edo Anjel maitalearen artean egin behar duen aukeraketa, Grazianak berak, bere kabuz, bere bizitzari buruz hartuko duen erabakia baizik.

Formaz gozatzeko liburua

Edo zu edo ni eleberria formaz gozatzeko eta bertan txertatzen diren irudiekin jolas egiteko idatzitako liburua da. Formaz oso zaindua eta eleberri biribila. Irakurketa aktiboa eskatzen duen liburua da, gainera. Idazleak ez du dena eginda ematen. Idazleak irakurlea Grazianaren zalantza eta duda-mudetan sarrarazten du. Kameraren objektibo ezberdinetatik begiratzera bultzatzen du, eta balizko kamera zein den erabakitzera.

Indarrik galtzen ez duen eleberria, finean, eta autoreari erronka handia suposatu diona: batetik, eleberriaren formarekin hainbeste jolas egiteagatik, eta bestetik, Grazianaren adineko pertsonaia baten barne mundua azaltzera ausartzeagatik.

Azken kritikak

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Asier Urkiza

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Amaia Alvarez Uria

Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain

Jon Jimenez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Paloma Rodriguez-Miñambres

Lakioa
Josu Goikoetxea

Mikel Asurmendi

Lur mortuak
Nuria Bendicho

Irati Majuelo

Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"

Paul Beitia Ariznabarreta

Akabo
Laura Mintegi

Joxe Aldasoro

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Nork gudura haroa?
Patziku Perurena

Mikel Asurmendi

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Asier Urkiza

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Aiora Sampedro

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak